Hizkuntzaren prozesamenduan doktoretza-ondoko ikertzailea HiTZ zentroan

Bertsozale Elkarteak badaki

2026eko urtarrilaren 9a
Sin título

Joan den abenduaren 20an Bilboko La Casilla kiroldegian Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala egin zen. Txapela Aitor Etxebarriazarragak jantzi zuen arren, han egon ginen guztiok irabazi genuen. Ia sei orduz egon ginen harmailan eserita: goiz joan ginen leku on bat hartzeko eta 21:45ean atera ginen belaunak minduta, baina saio on bat ikusiagatiko sentsazioaz. Sei ordu asko dira eta bertsolariren batek bakarkako lana antolatu bitartean, nire burura ere ideia on bat heldu zen, eta ezin izan nuen gerora burutik kendu: adimen artifizialak ezingo du inoiz bertso saio bat ordeztu. 

 

Bertsotan ondo egiten duen adimen artifizial bat agian Aitor, Onintza edo beste askorekin lehiatzeko gai izango da, baina saio batean (are gehiago finalean) sortzen den berotasuna sortuko duen makinarik ez dago munduan, eta ez dut uste egongo denik. Hezur-haragizko bertsolarien kalitatea ezbaian jarriko denik ere ez dut uste, ezta bertsoaldi bakoitzean puntuak hamarnaka jasoko dituen adimen artifizial horrekin azkar aspertu eta itzaliko dugunik. Ziur errepikakorra suertatuko zaigula berandu baino lehen.

Bertsozale Elkarteak beti izan du bere datuen balio handiaren kontzientzia handia, eta ardura handiz aztertu du beti datu horiek nola zabaldu. Bertsozale Elkarteak beti jakin izan du bertsolarien lana oso intimoa dela, bertsolari bakoitzarengandik baino ezin dela sortu bertsolari bakoitzaren ekoizpena. Bertsozale Elkarteak badaki, dokumentatuta dituen bertsoak gailu egokiari emanez gero, Andoni, Maialen edo Ametsen ahotsa ez dela berriro haiena soilik izango eta norena den ere ez dugula jakingo azkenean. 

 

Era berean, Bertsozale Elkarteak badaki automatizazioak banalizazioa ere badakarrela eta hutsaltze horrek interes galera dakarrela. Makina batek bertso onak sortzen baditu, zertan nekatu? Zer balio izango du artisau batek egindako bertsoak? Musikaren esparru batzuetan dagoeneko zabaldu den bidea da, eta gizakiok mila aldiz entzun dugun edozerekin zein erraz konformatzen garen agerian utzi du. Erronkarik sortzen ez digunarekin, ordea, azkar aspertzen gara, eta musikaz aspertzen bagara, zer geratuko zaigu?

2026a ez da izango Alexa bezalako gailu bat oholtzan ikusiko dugun urtea. Ikusi bestela ChatGPTk sortu duen bertsoa beheko irudian. Baina 2026a bada adimen artifizialarekiko zein harreman nahi dugun gogoeta egiteko urtea. Gure datuekin elikatutako zaborrAA kontrolik gabe zabaltzen ari den honetan, norbanakoon ardura da hori ez kontsumitzea eta horri jaramonik ez egitea. Egin dezatela nahibeste kantu eta nahibeste bertso, guk ez ditugu entzungo. Gu elkarren ondoan eseriko gara aulki desorosoetan baina elkarrekin eroso, guk ere badakigulako bertsoaren balioa zein den.

Captura de pantalla 2026 01 08 a las 11.17.06
ChatGPTk sortutako bertsoa