Zubian Bilbon izan naiz eta bizitzako kontu zoroengatik gurasoen etxe azpiko gimnasioa erabili behar izan dut. Gimnasioa gimnasio arrunta da, kate batekoa. Makina asko ditu eta ni joan naizen orduetan ez da jende askorik egon. Batzuentzat gimnasioen paradisua da hori: merkea, makina asko dituena eta jende gutxikoa. Niri, ordea, leku distopikoa iruditu zait.
Hasteko, gimnasio barrutik kaleko atea ikusten da eta kaleko atetik, zuhaitzez betetako parkea. Zuhaitz artean egon ordez beltzez margotutako zulo horretan egotea nahiko alienatzailea iruditu zait, baina egin behar ditudan ariketak ezin egin ditzaket parke batean eta alienazioa filosofiaz hartzen saiatu naiz. Zintan korrika egiten ari zirenek zergatik zuten zinta nahiago ez dut inondik inora ulertu baina.
Hala ere, hau adimen artifizialari (AA) buruzko zutabea da, eta nire esperientzia distopikoaren agente nola izan den kontatzeko beharra dut. Hain zuzen ere, inolako zalantzarik gabe esan dezaket zubian gimnasio horretan egin ditudan lau saioetan entzun dudan musika AAk sortutako musika dela. Baten batek pentsatuko du atrebentzia handia dela horrelako adierazpen kategorikoa egitea, baina nire ustea irmo defendatzeko prest nago. Lehenik, abesti bat bera ere ez dut ezagutu zuloan pasa ditudan sei orduetan. Bigarrenik, musika atsegina izan da, atseginegia aukeran. Azkenik, abestietako bat ere ez da gogoangarria izan. Ez dakit Donostiako gimnasioan entzuten ditudan Karibe mix estiloko bertsioak nahiago ditudan edo Bakioko gimnasioan Spotifyen iragarkiz etendako rocka (tira, bai, Bakioko gimnasioko musika oso ondo dago).
Uste dut AAk sortutako musika horrek tontotzat hartzen gaituzten sentsazioa ematen didala. Baita alienatu ere. Hain da entzungarria eta atsegina, ezen baitirudi burmuinak itzaltzen dituela. Droga modukoa da eta isiltasuna betetzeko funtzio horretan, gure buruarekin ditugun harremanak eteten ditu. Altxa pisua eta jaitsi ipurdia. Besterik ez.
Kontua da abesti baltsamiko horiek gero eta leku handiagoa hartzen ari direla musika eskaintzen duten plataformetan. Apple Musicek dio igotzen diren abestien herena (herena!) automatikoki sortua dela eta Spotifyk 75 milioi abesti artifizial kendu ditu azkenaldian katalogotik. Autore ezagunik gabeko abesti horietako batzuk, gainera, entzunenen artera sartu izan dira. Jendeak entzuten ditu!
Nire galdera, ondorioz, da: jendea ez da alienatua sentitzen horrelako musika entzutean? Barrenean ez zaio zerbait ondo ez doala dioen argitxo gorri bat pizten?
Niri beldurgarria iruditzen zait, ez musikaren mundua arriskuan jar daitekeelako, baizik eta jendeak errazera errazegi jotzen duelako eta deserosotasunak alde batera errazegi uzteko aukera duelako. Buruaren deserosotasunez ari naiz, noski, gimnasioetan argi ikusten baita hamarnaka kilo altxatzea eta gorputza muturrera eramatea gustu handiz egiten duela jendeak.