Ehun urtez

Argi dago egoera geopolitiko nahasi honetan "egia" eta "gezurra" kontzeptuak gero eta erlatiboak direla. Batentzat errealitatea dena bestearentzat propaganda, eztabaida objektiboak subjektibo bihurtuz. Duela astebete batzuentzat zibereraso errusiarra zena, beste batzuentzat propaganda zen. Ez daukat ezer garbirik, baina ezer onik ez dut espero erregimen neo-zaristatik. Aurrekaririk gabeko gardentasun aro batean bizi garela uste dugu. Egunero, sare sozialek denbora errealean erakusten dizkigute hainbat gatazkaren irudiak eta bideoak, hala nola, Errusiak eragindako Ukrainaren inbasioa edo Gazako sarraskia. Hala ere, ustezko berrikuntza hori ez da hain berria: XX. mendearen hasieratik, gizateriak ikus-entzunezko bitartekoen bidez gudu-zelaietara begiratzeko aukera izan du. Orduan hasi ziren newsreels deiturikoak modu masiboan proiektatzen zinemetan, munduan gertatzen zen guztia erakusteko modua irauliz.

Lehen Mundu Gerran gertatu zen lehen iraultza mediatiko horren adibiderik ezagunena. Lehen aldiz, lubakietan, bonbardaketetan eta suntsitutako hirietan soldaduen irudiak ikusteko aukera izan zuten milioika lagunek. Horrek egundoko eragina izan zuen iritzi publikoan: ez zegoen soilik egunkarien edo alderdi ofizialen mende, baizik eta kamerak, bere mugekin, kontzientziak astintzen zituen errealitate bat erakusten zuen.

Euskal Herriaren kasuan eta gure guda zibilaren inguruan asko gomendatzen dut Hearst Metrotone News Collectionen newsreelak ikustea. Ikaragarria da urte ilun haietan gertatutakoaren irudiak ikustea. Irun, Donostia, Gernika, Bilbo... erakusten dutenaren errealismoa izugarria da.

Bigarren Mundu Gerran, albistegi zinematografiko horiek ospea irabazten jarraitu zuten, aretoetara garaipen militarretatik bonbardaketa izugarrietara eramanez. Geroago, Vietnamgo Gerrari “telebistaz emandako lehen gerra” deitu zioten, gauero etxeetara iristen zen material gordinaren kopuruagatik; azken hamarkadetan, berriz, internetek eta bereziki sare sozialek berehalakotasun hori bultzatu dute: edonork grabatu eta zabaldu dezake bideo bat gudu-frontetik.

Horrela, mende bat baino gehiago eman dugu gerraren izugarrikeria eta basakeriari historian inoiz ikusi ez den moduan aurre egiten. Nahikoa da 1990eko hamarkadako Bosniako Gerrako irudiak gogoratzea, edo gaur egun Ukraina eta Gazakoak. Modu batera edo bestera, gizarte modernoa ohitu egin da “ikusteko eta berez sinesteko”. Hala ere, lorpen handi hori —gatazken ondorioak ikusteko aukera— kolokan dago gaur egun, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga lausotzen duen teknologia berri bat agertu baita: eduki faltsu hiper-errealistak errez sortzeko irabazi dugun gaitasuna, deepfake teknologia.

Deepfakeak dira mehatxu horren adibiderik onena. Gero eta errazagoa da bideo faltsu ikaragarri errealistak sortzea. 2022an, Errusiak Ukraina inbaditzen zuen bitartean, bideo trukatu bat zabaldu zen. Bideoan Volodimir Zelenski presidente ukrainarrak bere tropei errenditzeko eskatzen zien. Manipulazioa perfektua ez zen arren, ustekabean harrapatutako erabiltzaileak nahastea lortu zuen. Gauza bera gertatu zen 2023an, Pentagonoaren ondoan leherketa bat erakusten zuen argazki faltsu bat biralizatu zenean, sare sozialetan egiaztatutako kontuetatik. Asko tranpan erori ziren eta, tarte labur batez, albiste faltsuak burtsa merkatuetan ere eragina izan zuen. Kasu horiek agerian uzten dute zein erraza den anabasa sortzea, eta zalantza egiten dute klik gutxi batzuekin.

Teknologia horrek etorkizuneko gatazketan izango dituen ondorioak imajinatzea etsigarria da: zer gertatuko da norbaitek, helburu politikoekin, existitzen ez diren sarraskien ikus-entzunezko frogak zabaltzea erabakitzen duenean? Propaganda eta desinformazioaren eztanda hain handia izan liteke, non oso zaila —edo zuzenean ezinezkoa— izango den egiazkoa eta gezurrezkoa bereiztea. Milaka irudi txundigarri baina faltsu agertzeak ikusleen erreakzio enpatikoa desaktiba dezake: izugarrikeriaren zein zati den benetakoa ziur ez badakigu, gure mobilizazio edo protesta ahalmena gutxitu lezake.

Izan ere, hein handi batean ikus-entzunezko material fidagarrien bidez eraikitako kontzientzia kolektiboak bere burua lausotzeko arriskua du. Mende bat baino gehiagoz, gerraren basakeriaren froga ukigarriak izan dira irudiak. Jakina, manipulazioa beti egon da, baina gaur eguneko deepfake teknologiak edukien ekoizpen masiboa errazten du, errealismo maila izugarriarekin. Egoera horrek premiazko galderak planteatzen ditu: nork kontrolatuko du irudi faltsuen sorrera? Nola bereiziko ditugu propaganda eta egiazko gertaerak? Zer organismo edo erakunde arduratuko dira desinformazioak narratiba suntsitzaileak apatiara edo, are okerrago, onartzera eraman ez gaitzan?

Teknologia horiek garatzeko gaitasuna duten enpresek onartu behar dute orain arte egindakoa ez dela nahikoa. Erantzukizun sozial bat dute: tresna seguruak eta gardenak sortzea, baita hezkuntza digitala sustatzea ere, erabiltzaileek manipulazio patroiak identifikatzen ikas dezaten. Teknologia horiek gidatzen dituzten konpainiek beren zeregina serio hartzen badute, ikusten dugunarekiko konfiantza, neurri batean behintzat, mantentzeko itxaropena egongo da. Bestela, tresna horiek desinformazio masibo baten katalizatzaile bihurtzeko arriskua egongo da.

Gerraren izugarrikeria klik batean ikusteko gaitasunagatik une paregabea bizi dugula dirudien arren, ez da horrela. Iraultza hori duela mende bat baino gehiago sortu zen zinema-albistegiekin. Ordutik, irudiek errealitatearen lekuko gisa duten balioa giltzarri izan da iritzi publikoak basakeriaren aurrean erreakzionatu dezan eta mobiliza dadin. Gaur egun, konkista hori arriskuan dago, deepfakeen atzean dagoen teknologiak ikusten duguna desitxuratu eta arma propagandistiko bihur baitezake. Dena den, araudiek bultzatuta enpresa teknologikoek printzipio etiko argiekin jokatzen badute eta gizarteak manipulazioa detektatzeko eta salatzeko tresna hobeak eskuratzen baditu, oraindik ere bada baikortasunerako motiborik. Gerra bateko lehen biktima egia bera da. Ekidin dezagun faltsukeriak gerretara eraman gaitzan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK