Azken urteotan, hainbat epai judizialek atzera bota dituzte funtzio publikoan euskararen erabilera normalizatzeko eta biziberritze-prozesua sustatzeko ezarritako lege-irizpideak, bereziki hizkuntza eskakizunen ingurukoak. Egunotan, horren aurrean EAJk eta EH Bilduk aurkeztutako lege-erreformarako proiektuek aurrera egin dute, eta Legebiltzarrean eztabaidatzeko bidean daude. EAJk proposatu du euskara-eskakizunen derrigortasun-indizea ezabatzea, eskakizunak erakunde bakoitzaren egoerara egokituz eta proportzionaltasun-irizpideak aplikatuz, administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko helburuarekin. Jeltzaleen iritziz, neurri horrek euskararen babesa indartu eta prozesuari segurtasun juridikoa emango dio, oldarraldi judizial betean. Bestalde, EH Bilduk proposatu du EAEko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea izatea enplegu publikorako sarbide-irizpide orokorra. Salbuespenak ezarri nahi izanez gero, administrazioak idatziz justifikatu beharko lituzke, eta irizpidea bete ezean, langileei trebakuntza-plan pertsonalizatuak eta hizkuntza ikasteko erraztasunak eskaini beharko lizkieke.
Testuinguru horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak, Batuz Aldatu dinamikaren bitartez, akordio soziopolitiko berri bat proposatu du, euskararen pizkunde berria eragiteko jauziaren beharra aldarrikatuta. Proposamenaren helburu nagusia da euskararen erabilera erosoa bermatuko duten baldintzak sortzen laguntzea; horretarako, hizkuntza-eskubideak eremu guztietan ziurtatu beharko dira, hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik izan. Horrela, justizia soziala, gizarte-kohesioa, bizikidetza eta askatasuna indartuko dira. Proposamenean zehaztuta daude xedeak (ezagutza orokortua, normal erabiltzeko baldintzak, estatus-aitortza eta komunitatearen ahalduntzea), printzipioak (lidergo partekatua, ardura kolektiboa, zeharkakotasuna, progresibotasuna, hizkuntza-aniztasuna, prozesu adostua...) eta hizkuntza politika berrirako giltzak. Horien artean, administrazioari datxekiola aipatzen da arnasgune sozio-funtzional gisa jardun behar duela lehentasunez, ardatz delako herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta eraldaketa-prozesuetarako.
Proposamenean jaso da, halaber, eremu sozioekonomikoa lehentasunezkoa dela euskararen erabilera sustatzeko, gizarte-bizitzaren motorra eta lan-bizitzaren erdigunea delako. Erakunde publikoek, arautze eta sustapen-politiken bidez, lagundu behar dute eremu horretan euskararen erabilera bermatzen. Akordiorako landutako proposamenak arlo sozioekonomikoko eragileek garatzen dituzten erabaki eta praktikak funtsezkotzat jotzen ditu euskararen biziberritze-prozesuak aurrera egin dezan. Enpresek eta enpresaburu-elkarteek, normalizazioaren aldeko eragile izanik, euskara balio estrategiko gisa ulertu eta euskara-planak ezartzen lagundu beharko lukete, eta sindikatuek hizkuntza-eskubideak langileen eskubideen parte gisa txertatu beharko lituzkete, lan hitzarmenetan eraginez eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatuz.
Esan bezala, euskararen normalizazioa eta biziberritzea oso estuki lotuta daude bizikidetzarekin, ekitatearekin, justizia sozialarekin eta gizarte kohesioarekin. Jauzia egiteko eta erantzukizun partekatuak hartzeko abagune paregabe baten aurrean gaude. Helburua da elkarrekin urratsak egitea eta konpromisoak hartzea, adostasun hau baliatuz egiturazko aldaketak lortzeko eta euskararen normalizazioa bermatuko duten politiketan eragiteko.
Kontrako norabidean mezuak iritsiko zaizkigu, ustez aurrerakoiak diren sektoreetatik ere, eta horiei aurre egin behar diegu. Esate baterako, Espainiako Gobernuko Osasun ministroaren esanetan, mediku egoiliarren hautaprobetan euskara jakitea aintzat hartuz gero ekitatea hautsiko litzateke. Eusko Jaurlaritzak proposatu zuen deialdian euskararen ezagutza balioetsia izatea, baina ministerioak arbitrarioki gaitzetsi du. Ondorioz, ez da bermatuko herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea, eta ez da garatuko hori ziurtatzeko inolako neurri zehatzik ere. Bere garaian, lanpostu publikoetan euskara aintzat hartzea adostu bazen, zer dela eta planteatu behar da behin eta berriz eztabaida bera? Medikuen kasuan euskara meritu bezala hartzeak ekitatea hausten al du? Ez al da logikoa profesional hauek zeregina garatuko den eremuaren hizkuntzak ezagutzea? Eta, batez ere, ez al da beharrezkoa herritarren ekitatea bermatzea zerbitzu publikoetan?
Izan ere, zerbitzuak euskaraz eskaintzen ez direnean, lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzen dira. Ekitatea ezin da ulertu herritarren hautua aintzat hartu ezean, haien hizkuntza eskubideak bermatu barik edo-eta euskaraz bizitzeko aukera benetan erreal eta erosoa izan dadin neurri bereziak hartu gabe (adibidez, euskara-planak, trebakuntza, hizkuntza-eskubideak bermatzeko protokoloak, etab.). Horrek guztiak eskatzen du euskararen presentzia erabateko konpromiso politiko eta sozialarekin indartzea.
Ez dakit aipaturiko bi alderdien lege-erreformarako proiektuek, euskalgintzaren eta gizarte eragileen proposamenek edo Jaurlaritzak bidera litzakeen ekimenek benetako aldaketarik ekarriko duten. Garbi daukat, ordea, elkarguneak behar direla bizikidetzan, ekitatean, justizia sozialean eta gizarte-kohesioan aurrera egiteko. Hala ere, oraindik ere, gehienak betiko lubakietan ikusten ditut, eta horrek urruntzen gaitu konponbide eraginkorretatik. Hizkuntzaren normalizazioa ez da ideologia jakin baten, gobernu baten edo sektore baten erronka soilik, gizarte osoaren konpromisoa eskatzen duen prozesu kolektiboa da. Orain da unea hitzetatik ekintzara jauzi egiteko.