Elur-urtea izaten ari da hau, sarri eta ugari egin du bazter askotan, gugandik gertu. Elurrarekin bizitzen ohituta ez gaudenok erromantizatu egiten dugu maiz, fikzio hori maite dugu salbuespena delako, noizean behin baino agertzen ez delako, eskuarki traba handirik egin gabe. Elurra fikzio berdintzailea da: ertzak estaltzen ditu, maldak leuntzen ditu eta lurraldearen konplexutasuna ezkutatu egiten du postal garbi eta isil baten. Ideia horretatik sortu zen Davos: paisaia zuriaren babespean, Boterea elkartu zedin oasi bat, beren gauzak egin zitzaten (gure gauzak badira ere): mundutik aldendu egiten dira boteredunak, munduari eragiten jarraitzeko.
Bakardade eta lasaitasunaren bila joan ziren eta hara non kontrakoa sortu duten. Beste urte batez —eta aurten bereziki— zarata izan da nagusi: izen propio gutxi batzuk, ohiko botere-dantza, eta azalaren gainean argi-fokua. Naturak, ordea, berehala jartzen gaitu gure tokian. Elurra urtzen hasten denean, Davos geografia hutsa bihurtzen da atzera eta orduan bai: arrakalak agertzen dira, lokatza zabaltzen da eta ikusgarri gelditzen dira desnibel errealak. Boterea etxera itzuli da eta han, momentuko izenek sortutako titularren artean zipriztinduta, urtero-urtero argitaratzen den Arriskuen Txostena geratu da. Gertakizun dena marrazten duen mapa bat da, larritasunaren eta denbora-ikuspegiaren arabera antolatua. Orain Davos jendez hustu delarik, buelta gaitezen, txosten hori eskutan hartuta...
Arriskuen txostenak mundua suntsitzeko jarraibideen katalogo bat dirudi; egia esan, ez da irakurketa atsegina. Aurreikusteko moduko hondamendi guztiak daude bertan, eta zerrendari begiratuta ikusten da arrisku larrienek jada ez dutela bat-bateko hondamendien epikarik. Orain kontua sotilagoa da: arriskuak ez dira “lehertzen”, iragazi egiten dira. Txostenak lehen lerroan jartzen du konfrontazio geoekonomikoa; baditu une bortitzak, bai, baina badakigu enpresa-erabakiak isilean birkonfiguratzen ari dena aspalditik datorrela. Ondoren dator desinformazioa, arrastorik utzi gabe konfiantza jaten duen termita. Hor dago, jakina, polarizazio soziala, bizitza barrutik tenkatu egiten duena kanpora lehertu aurretik. Eta, beste behin, arrisku globalen artean ez da klima-aldaketa agertzen soilik, baizik eta ekintza klimatikoaren porrota: azken glaziarra erori aurretik ere, deus egin ahal izateko beranduegi izango da.
Arriskuak poliki-poliki iristen dira, iraunkor bihurtzen dira gero eta azkenean ohiko egoera bilakatzen dira. Horregatik normalizatu ditugu. Arrisku bat normalizatzea ez da ezikusiarena egitea, baizik eta onargarri zaigun kostu operatibo gisa onartzea da. Txostenak ezertxo ere ez egitearen kostua neurtzen du, baina irakurketa azkar bat eginda berehala ulertzen da horretarako ere berandu dela. Izan ere, ezertxo ere ez egite hori erabaki bat da, ekintza bat: atzeratzea, zatitzea, testuinguruak pixka bat gehiago eutsiko diolakoan fidatzea.
Ezin dugu esan ezustean harrapatu gaituenik. Joera hauek ezagunak ditugu, noski, eta, beraz, galdera deserosoa beste bat da: zer egiten dugu arriskuekin arriskuez hitz egiteari uzten diogunean? Zein puntutan desagertzen dira erabaki-prozesutik? Gaur egun, arriskuak integratzea ez da agendari atal bat gehitzea, ezta hamaikagarren batzorderako aurkezpenean orrialde bat eranstea ere. Oinarriak berrikustea da kontua. Mundua egonkorra, lineala eta aurreikusgarria balitz bezala funtzionatzen jarraitzen duten kudeaketa-ereduak dantzan jartzea. Eta onartzea gaur egun neutraltzat hartzen diren erabaki askok —zer lehenesten dugun, zer neurtzen dugun, zer baztertzen dugun— posizionamendu ezkutuak direla, isilean egiten diren apustuak, mundua nolakoa izatea nahi dugun zimendatzen dutenak.
Bada zerbait bereziki kezkagarria gaur egungo arriskuen mapan: ez dute banaka jarduten, teilakatu egiten dira, kateatu: "Klima - desinformazioa - desberdintasunak - gatazkak - konfiantzaren galera", etengabe bere ardatzaren inguruan biraka ari den figura geometriko bakar baten aldeak dira. Eta, hala ere, banan-banan kudeatzen jarraitzen dugu, gure organigramak errealitatea mendean hartzeko gai balira bezala. Alta, ez al dira organigramak departamentuen artean gertatzen denari ez begiratzeko aitzakia?
Elurra guztiz desagertzen denean, geratzen den postala zikina izaten da. Paisaiak ez ditu erantzunak ematen, baina galdera gehiago uzten ditu agerian. Beharbada erronka ez da hurrengo shocka aurreikustea, baizik eta ziurtasun absoluturik gabe erabakitzen ikastea. Lehenesten dugunean zer uzten dugun kanpoan galdetzea, zein ahots ez diren gelara sartzen, zein inpaktu uzten diren beti biharko. Eta onartzea, testuinguru honetan, lur zikinari ez begiratzeak ez gaituela arinago egiten, hauskorrago baizik.
Negu hau bereziki latza izaten ari da eguraldi kontuetan. Ekaitzak kateatu egiten dira, eta atzo hankaz gora jarri gintuen frontearen izena ahazten ari garenean, beste bat agertzen da. Antzeko zerbait gertatu da Davosen. Trumpen ausarkeriez edo Macronen betaurrekoez harago, zer gogoratuko dugu? Elurra berriro eroriko da Davosen, eta harekin batera irudi berriak, foku berriak, distrakzio berriak iritsiko dira. Bien bitartean, hemen behean, lurrak mugitzen jarraitzen du. Kontua ez da ba ote dakigun ala ez, baizik eta nora mugituko garen geruza zuri engainagarria desagertu eta errealitatea ageri-agerikoa zaigunean.