Nazioartekotzea. Ikerlari edo teknologo batek puntako lankidetza proiektuez, ezagutza trukatzeaz eta ingurune multinazionaletan berrikuntza batera sortzeaz hitz egingo dizu. Enpresa munduko batek bestela neurtuko dizu nazioartekotzea, hala nola, esportazio zenbakiekin, atzerrian dituen bulego kopuruekin edo irekitako merkatu geografiko berriekin. Erasmus programaren baitan atzerrira doan ikasleak (eta irakasleak), aldiz, beste kultura batzuekin bizitzearekin, ikuspegia zabaltzearekin edo mugak gainditzen dituen harreman pertsonalak eraikitzearekin lotuko du. Interpretazio kontrajarriak ematen badute ere, oinarrian gauza berbera dago: norberaren gerri bueltatik haratago daudenekin konektatzeko gaitasunak garatzea. Hori lortzeko bideak eta neurtzeko moduak desberdinak direla pentsatuko dute askok, baina bide bereko katebegiak direla azaldu nahi dizuet. Arazoa baino, aukerak badaudela erakustea.
Nazioartekotzea ez da gertatzen enpresa bat kanpora saltzera ateratzen denean bakarrik. Lehenago ere gerta daiteke. Hori azaltzeko modurik onena bilatu nahian nenbilela, lankideak argitu dit bidea: konpara ezazu Erasmus programarekin.
Hamarkada askotan, Erasmus programak Europako ikasleen belaunaldi osoak eraldatu ditu. Ez hainbeste ikasten zutenagatik (izango dituzue etxe barruan edo alboan adibideak, kuanto!), besteekin bizitzeak, egokitzeak, lan egiteko moduak alderatzeak eta norberaren ohiturak zalantzan jartzeak sortzen duenarengatik baino. Eta, batez ere, urte batzuk aurrera eginaz ondorio profesionalak ere izaten dituelako.
Antzeko zerbait ere gertatzen da enpresa munduan. Europako Esparru programak enpresa-erasmus baten antzera funtzionatzen baitu funtsean. Ez baita enpresa baten I+G edo berrikuntza finantzatzeko diru-iturri soila. Beste herrialde batzuetarako bazkideekin lankidetzan aritzera behartzen du, ezagutza partekatzera, hasieratik nazioarteko estandarrei aurre egitera. Presio-eltzean osagai egokiak sartzearen modukoa da. Presio handiko ingurua bai, baina gauzak izugarri azkar ditzakeena, tartean emaitza interesgarriak lortuta, gainera.
Horrela, Alemanian bulego bat ireki aurretik, Alemaniako bazkideekin teknologia gara dezakezu, edo Italian saldu aurretik, hango soluzioak baliozkotzen ari zara. Kanpokoaz ikasi, kanpora saltzera salto egin aurretik. Alegia, gaseosarekin proba egin edari gogorragoetara joan aurretik.
Honetaz guztiaz badaki zerbait euskal zientzia, teknologia eta berrikuntza sareak. Denbora luzea daramate koherentziaz funtzionatzen ekosistema osatzen duten ikerketa eta teknologia zentroek, enpresa klusterrek eta unibertsitateek, eta nazioartekotzeko modu hori ondo barneratua dute. Europako esparru programako euskal emaitzak begiratzera gonbidatzen zaituztet.
Hori bai, gero eta nabarmenagoa den paradoxa bat ere agertzen zaigu parean. Alde batetik, oso ondo esportatzen duten enpresak ditugu, baina askotan horien berrikuntza nahiko etxekoa izaten da. Beste alde batetik, enpresa batzuek urteak daramatzate Europa mailan I+G proiektuetan murgilduta, baina ez dute jauzi komertzialik eman. Hitz xeheagotan, batzuk asko bidaiatzen dute, baina bakarrik. Beste batzuk Erasmus batetik bestera dabiltza, baina oraindik ez dute erabaki zer egin ikasitako guztiarekin.
Eta bada aipatzeko moduko beste elementu bat, oraindik gutxik ezagutzen eta erabiltzen duena, Enterprise Europe Network (EEN) delakoa. Bazkideak aurkitzen eta Europak eskaintzen dituen aukerak ulertzen laguntzen duen eragile sarea da, batez ere, enpresa txiki eta ertainentzat. Praktikan, kanpoan denbora daraman eta nondik hasi (eta, batez ere, nondik ez) esaten dizun lagun edo lehengusu hori litzateke. Ez du miraririk egiten, baina gauzak azkartzen eta errazten dizkizu.
Ikusten duzuenez, Europak nahiko sofistikatua den zerbait eraiki du, ibilbide oso bat. Lehenik, Erasmusetik bidaltzen zaitu (pertsonak), gero, nazioarteko proiektuetan laguntzen zaitu (ezagutza), eta, azkenik, EEN bezalako sareak jartzen ditu eskura enpresak euren artean errazago konektatzeko. Agian arazoa ez da instrumentuak falta direla, baizik eta ez ditugula ulertzen bide bakarraren zati gisa.
Eta horrek bat egiten du euskal errealitatearekin. Gure ekonomia eta industria ehuna jada nazioartekotua dago, hobetzeko tartea beti badagoela jakinik, noski. Hala ere, horretarako modu ezberdinak sinkronizatzeak jauzi erraldoi bat ematea ahalbidetuko luke. Salmentek funtzionatzen dute, badakigu kanpoan saltzen. Ezagutzaren dimentsioa ere ondo dabil, badakigu elkarrekin berritzen. Bien arteko lotura gehiago indartzeak aberastu egiten du nazioartekotzearen esperientzia, zentzu orotan.
Eta bueltatu nadin hasierako konparaketara, Erasmus esperientziara. Beti ez du berehalako emaitza izaten, baina lan egiteko, pentsatzeko eta harremanak izateko modua aldatzen du. Joaten dena, ez da berdina izatera bueltatzen. Eta bueltatzean, gehiago eraikitzeko ikuspuntua du. Zergatik ez saiatu nazioartekotzearen ibilbide osoa jorratzen nora eraman gaitzakeen ikusteko.