• IRITZIA
  • Ez deitu "arrosa": utzi sailkatzeari, ekintzaileak gara eta kitto!
Emakumeekineko talde eragileko kidea. Kultur- eta sormen-industrietarako komunikazio eta marketing aholkularia

Ez deitu "arrosa": utzi sailkatzeari, ekintzaileak gara eta kitto!

2025eko azaroaren 19a
Amaia Ocerin

Azaroaren 19a, Emakume Ekintzailearen Nazioarteko Eguna. Ospakizunerako eguna, zalantzarik gabe, baina baita gogoetarako eguna ere. Azkenaldian, gero eta gehiago entzuten den kontzeptu bat dabil nire buruan bueltaka: “ekintzailetza arrosa”. Eta argi eta garbi esan behar dut: asmo oneko laztana dirudien arren, tranpa bat da. Gure lana eta anbizioak txikiagotzen dituen etiketa bat da, gure potentziala kolore estereotipatu baten pean mugatzen duena.

 

Zergatik “arrosa”? Terminoak berak emakumeon jarduna esparru jakin batzuetara mugatzen du: zaintza, estetika, artisautza... Sektore horiek, noski, guztiz zilegi eta beharrezkoak dira. Baina zer gertatzen da industria teknologikoan, zientzian, finantzetan edo kultura-kudeaketan enpresa sortzen dugun emakumeokin?
Gure proiektuak ez dira “politak” edo “txikiak” berez; estrategikoak, berritzaileak eta eraldatzaileak dira. “Arrosa” adjektiboak, ordea, infantilizatu egiten gaitu, eta “benetako” ekintzailetza, serioa, gizonezkoen lurraldea dela iradokitzen du.

EmakumeEkinen ondo baino hobeto dakigu hori. Gure elkartea, hain zuzen ere, genero-desberdintasunek jartzen dizkiguten muga horiek gainditzeko jaio zen. Gure sarean ez dugu proiektu “arrosarik” edo “ez-arrosarik” bereizten; emakume ekintzaileak babesten ditugu, beren sektorea edozein dela ere. Elkartzen gara, hain zuzen ere, ikusgarritasun falta eta erreferenteen eskasia bezalako oztopoei aurre egiteko. Sarearen indarrak erakusten digu gure potentziala ez duela kolore batek definitzen, gure gaitasunak, ideiek eta ausardiak baizik. Konfiantzazko eta epaiketarik gabeko espazio horietan, estereotipoetatik harago hazteko indarra aurkitzen dugu.

 

Beraz, azaroaren 19 honetan, ospatu dezagun, bai. Baina ospatu dezagun gure ekarpen ekonomiko eta sozial osoaren aitortza eskatuz. Ez dugu behar gure ahalegina gutxiesten duen terminologiarik. Deitu diezaiegun gauzei beren izenez: enpresa, negozio, proiektu. Ekintzailetza. Besterik gabe. Eta kitto!