Ekitaldi baterako gonbidapena jasotzen duzunean, badago galdera txiki bat, baina oso argigarria: zertarako gonbidatu naute? Argazkian agertzeko? Mahaia osatzeko? Emakumeen kuota betetzeko? Edo nire ibilbidea, ezagutza eta iritzia benetan interesatzen zaizkielako?
Ez da ñabardura txikia. Ikusgarritasuna ezinbestekoa da, bai, baina ikusgarritasun guztiek ez dute balio bera. Emakume asko ikusten ditugu gero eta ekitaldi, mahai-inguru eta kanpaina gehiagotan. Baina agertzea eta eragitea ez dira gauza bera. Presentzia eta aitortza ere ez.
Azken urteotan gehiegi hitz egin dugu ikusgarritasunaz, eta agian gutxiegi erreferentzialtasunaz. Sare sozialek ere tranpa interesgarri bat ekarri digute: ikusgarriagoa dena garrantzitsuagoa dela ematen du. Jarraitzaile kopurua, presentzia digitala, marka pertsonala. Eta horrek badu bere lekua. Baina emakume askok ez dugu influencer izan nahi. Gure lanagatik izan nahi dugu erreferente. Egindakoagatik, ikasitakoagatik, arriskatu dugunagatik, eraiki dugunagatik.
Horregatik dira garrantzitsuak ekitaldietarako gonbidapenak. Ez gonbidapenagatik beragatik, baizik eta erakusten dutelako nork okupatzen dituen ezagutzaren, autoritatearen eta erabakiaren espazioak. Emakume bat moderatzaile izatea ondo dago; baina zergatik ez aditu nagusia? Aurkezlea izatea ondo dago; baina zergatik ez estrategia azaltzen duena? Argazkian egotea ondo dago; baina zergatik ez erabakiak hartzen diren mahaiaren bueltan?
EmakumeEkinen urteetan behin eta berriz ikusi dugu erreferenteek duten indarra. Beste emakume baten ibilbidea entzuteak ez du soilik inspiratzen: aukera bat existitzen dela erakusten du. Legitimitatea eraikitzen du. “Ni ere hor egon naiteke” esateko aukera ematen du. Eta hori ez da motibazio hutsala; boterearen banaketarekin lotutako zerbait da.
Horregatik, hurrengo aldian emakume bat ekitaldi batera gonbidatzen dugunean, galdera ez litzateke izan behar zenbat ikusgarritasun emango diogun.
Galdera hobea da: zer aitortzen ari gara emakume horrengan?
Ikusgarritasuna pasatzen da. Erreferenteak, aldiz, bidea uzten du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta