Trenetik jaitsi naiz nire bizikleta eta guzti eta geltokitik atera naiz. Orioko zubia pasa behar dut herrira iritsiko banaiz. Ez dakizuenontzat, bi espaloi estu eta errepide nagusia besterik ez ditu. Bertatik ibiltzen gara oinezko, bizikletari eta N634eko auto, autobus eta kamioi guztiak.
Espaloi gainetik hasi naiz. Kontrako noranzkoan bi gizonezko heldu datoz. Hanka lurrean jarri eta bazterrera egin dut biak eroso pasa daitezen. Orduan, haietako batek, behatzarekin errepidea seinalatuz: "Zuk hortik joan behar zenuke".
Burura etorritako lehenengo esaldia bota diot: "Ez nauzu asko maite kamioira bidaltzen banauzu". Istant batean etorri da erantzuna: "Horretan arrazoi guztia duzu". Eta hirurok gure bidea hartu dugu, irribarre bat ahotan.
Segundo gutxiko elkarrizketa hutsala dirudi. Ez da kontraturik sinatu, ezin zaio KPIrik gehitu, eta inork ez du negoziazio hitza ahoskatu. Baina ziur naiz une horretan zerbait negoziatu dugula: espazioa, segurtasuna eta, batez ere, nola hitz egin elkarri tentsioa sortu gabe. Segundo batean konpondu zena milisegundo batean oker baitzitekeen.
Atzera begiratuta argiago ikusten dut ez zela kasualitatea izan. Ez zuen batek amore eman, ez nien nik gaina hartu. Tartean beste txinparta bat egon zen. Egoera azkar irakurtzeko gaitasuna, tentsioa pixka bat jaisteko modu bat, eta erantzun zuzen baina ez erasokor bat aukeratzea. Hortxe negoziazioaren muina diren gaitasun ikusezinak: entzuten jakitea, erantzuteko moduarekin asmatzea, unea harrapatzea. Formalki gaitasun arinak, soft skills ingelesezko adieran. Askotan arinkeriaz aipatzen ditugunak, nahiz momentu erabakigarrietan guztiz beharrezkoak izan.
Enpresa mundura salto egingo dut orain eta adibide bat gehitu. Adibidez, AEBetako ikerlari batzuek egindako azterketa batean —software ingeniaritzako enpresa bateko 79 langilerekin eta hiru urteetako datuekin— ikusi zen produktibitatea (kode-ekoizpena kontutan izanik) ez zela soilik lan-kargaren edo gaitasun teknikoaren araberakoa. Langileen arteko elkarrekintza ereduak ziren aldakortasunaren zati handi bat hobekien azaltzen zutenak. Hau da, kasu zehatz eta neurtu bat hartuta argi ikusten da: nork norekin hitz egiten duen eta zenbatetan ez den neutroa.
Baina kontuz, elkarrekintza ez baita informazioa trukatzeko bide hutsa, hortxe hasten dira benetako negoziazioak. Ez mahai handi baten bueltan, baizik eta eguneroko momentu txiki horietan. Pasilloan, mezu batean edo zubi estu batean. Hor sortzen dira desadostasunak, txikitik, erraldoi egiteko aukerarekin.
Ikerketek erakusten dute presioa edo lan-erritmoa handitzen denean desadostasun tekniko horiek errazago egiten dutela jauzi arlo pertsonalera. Hasieran lan kontu hutsa zena azkar bihur daiteke norberaren kontu. Eta une horretan jokatzen da partida: enbido, eutsi, hordago. Edo bestela esanda, nola esan, nola erantzun, zer edo noiz isildu.
Eta hemen elementu gehigarri bat. Testuingurua aldatu egin da. Lan-erritmoa azkartu, presioa handitu eta estresa gero eta presenteago dago egunerokoan. Datuen arabera, Europan langileen zati handi batek estres maila altuak bizi ditu eta laneko baldintza psikosozialek okerrera egin dute ingurune batzuetan. European Agency for Safety and Health at Work delakoen datuen arabera, gaur egun langileen ia erdiak (%45 inguruk) bere osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen eremuetan lan egiten du. Eta horrek badu ondoriorik, ez dio bakarrik osasunari eragiten, baizik eta elkar nola tratatzen dugunari.
Eta objektiboa baino subjektiboa den zerbait gehitzearren: nik egunetik egunera jendea estu eta larriago ikusten dut. Eta gatazkak modu eraikitzailean askatzeko beharra behin eta berriz errepikatzen da nire inguruko elkarrizketetan.
Sarri, gehiegitan, esaten da negoziazio batean denek zerbait galtzen dutela. Horrela behar duela oreka moduko bat lortzeko. Baina ikuspegi hori motz geratzen da zerbait aldatu nahi badugu. Jauzi bat eman dezakegu nik irabazi eta besteari tokatzen zaiona onartzetik, nik besteak ere irabaztea nahi izatera. Eta bi bueltako jauzi mortala biok irabaztetik gizarteak ere irabazirik lortzen badu.
Eta hori, paradoxikoki, gaur egungo presio eta tentsio giro honetan ez da idealismoa, baizik eta beharrezkoa izango duguna parean ditugun zubi erraldoiak erosoago gurutzatzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta