Finantza-hezkuntzaz

Zenbat bider entzun dugu finantza-hezkuntza jaso behar genukeela guztiok? Finantzen hezkuntza curriculumean txertatzeko aldarrikapen urriak egin dira, baina badira hainbat euskal eragilek egindako proposamenak; izan ere, oraindik ere oso zaila egiten zaigu herritarroi zerga-sistema ulertzea eta arrazoitzea, norberaren ekonomiarako zorraren kudeaketa on bat egitea edota gure nomina irakurtzea. Bizitzako une ezberdinetan beharrezko dugun oinarrizko finantza ezagutza falta dugu eta berau aldarrikatzera nator zutabe honetan.

2015. urteko PISAren arabera, “herrialde eta ekonomia garatuek eta gora bidekoek gero eta arreta handiagoz begiratzen diote beren herritarren finantza-konpetentziari, eta horren arrazoiak dira gertatu berri den krisi ekonomikoaren ondorioak, laguntza publikoen eta pribatuen sistemetan egin diren murrizketak eta antzeko politikak, demografia-profilen aldaketa eta, horren barruan, besteak beste, biztanleriaren zahartzea, eta finantza-merkatuak izan dituen aldaketak. Kezka hori handitu du testuinguru ekonomiko eta finantzario zailak (…)”. Orain ia hamarkada pasatxo eratorritako ondorioak dira horiek, baina badirudi oraindik ere ez dugula pauso bakar bat ere eman.

Zorpetze egoerak dira arazoa hobekien azaleratzeko modua. Egun, dirua zorretan lortzeko izugarrizko aukerak ditugu eta edozeinen eskura dago, forma eta iturri ezberdinetatik gainera. Ohikoena bankuen maileguak dira, baina jada badira altzariak, telebistak, kotxeak, furgonetak, oporrak… eta bestelako produktuen ordainketa finantzatzeko sistemak. Klarna, esaterako. Asko eta asko zorpetze egoera larrietan dago hilabeteetan pilatu dituzte erosketa garestien hilabeteko ordainketetan itota, eta konturatzerako norberaren ekonomiaren ahalmenen gaineko egoeran gelditzen dira. Horrek esklabotza eta frustrazioa dakartza, eta batzuen kasuan, pobrezia egoera.

Mila dira finantza-hezkuntza aldarrikatzeko arrazoiak, baina nagusietako bat zera da: “hurrengo belaunaldiek etorkizunean hartu beharko dituzten erabaki ekonomikoak oraingoak baino konplexuagoak izango dira, eta maizago hartu beharko dituzte finantza-arriskuak, lanaren etekinak urriagoak izango direlako, enplegua lortzeko aukeren ziurgabetasuna handituko delako eta, besteak beste, dirudienez pentsioetarako diru eskasa izango dugulako etorkizunean.

Askotan ekonomia eta finantza mundua oso urruti ikusten dugu, batere terrenala ez den gaia. Politika bezala, akaso. Aitzitik, egunerokoan oso presente izan behar dugun zientzia da ekonomia, eta gure eguneroko bizitza administratzeko balioko digun erreminta erabilgarri izaki, ikasi eta ezagutu beharreko zientziatzat aldarrikatu beharra dugu.

Prozedura burokratiko edo administrazioaren hizkuntzaz asko dihardugu, baina finantzen alorreko kontzeptu, testu eta azalpenak ulertzea ere ez da batere erraza. Norberaren egunerokoan izan daitezken zalantza eta arazoak argitzeko hezkuntza beharrezkoa da, baina haratago ere joan gaitezke: sistema finantzarioaren eta ekonomikoaren funtzionamendua ere ulertzea behar-beharrezkoa dugu pertsona kritiko eta jantziak hezi nahi baditugu. Hori ez da hezkuntza zentro edo sistemen ikasgaia bakarrik; gainontzeko eragile publiko-pribatuek ere badute beren erantzukizuna. Ia dena dago egiteko, ikasteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK