Garagardo artisauez

Jakina da ekintzaile izatea zeinen nekeza den; hobe erranda: nekeza bezain kilikagarria! Goitibehera baten gisako esperientzia da. Batzuetan abiadan doala iduri zaizu; beste batzuetan, ordea, aldapa goiti eta ezinean doala. Gaurkoan, duela bi urte ekin genion proiektuaz jardunen dut, alegia, hurbiletik ezagutzen ari naizen gaiaz: garagardo artisauez.

Gure proiektuan bi gisatako motibazio eta helburuak genituen bost bazkide xuntatu gara: alde batetik, garagardo-ekoizpena modu profesionalean garatu nahi zutenak daude—Iruñean bizi eta haien pasioa garagardo mundua dute—; bestetik, herrian bizitzeko aukeren txerka ginenak gaude, lanbide batekin bizimodua ateratzeko premiaz, dela barraskilo-granja bat, dela garagardotegi bat. Nolanahi ere, bostok su eta gar ari gara hastapenetik, gure goitibehera elkarrekin gidatzeko ahaleginetan beti. Enpresa oro gobernatzea, txikia izanik ere, ez baita lan makala, eta modu kooperatiboan egitea erronka ederra da. Are eta gutxiago, ekonomia eta mundua krisiz krisi doanean. Gure hastapenak, adibidez, pandemia egoeran izan dira, ostalaritza eta mugikortasun muga zorrotzak zirela. Ondoren, inflazio erraldoia etorri, lehengaien —maltak, beira, kartoia, lupulua, legamia, etiketak, eta abar— eta argindarraren prezioek izugarri gora egin, eta bideragarritasuna guztiz irauli digu. Txantxetan, garagardo-txestaketetan*, jendeari erraten diogun moduan: “Xortak ez digu oraindik xatekoa ematen, baina edatekoa aski eta soberan!”. Azken finean, proiektu txikietan militantzia da jardunaren oinarria.

Zernahi gisaz, badira gutxiago arriskatu dutenak garagardoa sortu eta merkaturatzeko garaian, ohartuko baitzineten bolo-bolo hedatu dela garagardo artisauaren merkatua Euskal Herrian zein gainerako lurraldeetan. Izan ere, garagardogile nomadak han eta hemen dabiltza. Horiek lantokia duten garagardogileengana jotzen dute errezetak ekoitz diezaieten, ondoren marka berri baten izenpean saltzeko. Horregatik, askoz garagardo-artisau-marka gehiago dago fabrika baino. Ene irudiko, proiektu aski ezberdinak dira ekoizlearena eta nomadarena, baina tira, merkatu libreko ekonomian bizi gara.

Edozein modutan ere, garagardo artisauaren areriorik bada, ez da bere etxe berekoa, baizik eta industria handikoa. Gure erronka, bada, izan dadila txikitasunetik jendearen erosketa-ohituretan eragitea eta artisauaren balioa nabarmentzea.

*Txestaketa: dastaketa Erronkariko eta Zuberoako euskalkietan

Informazio gehiago
Garagardo artisaua, moda-modako edaria
Nafar Pirinioetako garagardo artisaua
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK