• IRITZIA
  • Gauez ezin da argiak itzalita gidatu
Hizkuntzaren prozesamenduan doktoretza-ondoko ikertzailea HiTZ zentroan

Gauez ezin da argiak itzalita gidatu

2026eko otsailaren 20a
Begoña Altuna

Abenduaren 20an, gure herri eta hirietako kaleak koloretako argiz beterik zeudenean, San Frantziskon (Kalifornia, AEB) itzalaldi masiboa egon zen. Ilunabarrak gauari lekua uzten zionean ez ziren kaleko argiak piztu, iragarki argitsuak beltz geratu ziren eta semaforoek trafikoa antolatzeari utzi zioten. Ez dut deskribapena luzatuko apiriletik guk ere baitakigu itzalaldi bat zer den.

 

Sonatua izan zen San Frantziskoko kale maldatsuetan gora eta behera dabiltzan ehunka auto autonomo geldi geratu zirela nora joan jakin gabe. Geldi geratu ziren errepidearen erdian, trafikoari oztopo egiten ordurako nahikoa kaos ez balego bezala. Segurtasun neurri bat omen.

Momentu hartan, adimen artifizialaz zertxobait baina programatzeaz ezer gutxi dakien hasiberri ausart baten legez, pentsatu nuen ez ote zezaketen auto autonomo horien segurtasun sisteman itzalaldietarako algoritmo bat ezarri. Horrelako zerbait: “Baldin eta itzalaldi bat badago ETA ez badago Internetetik edota telefono estaldurarik, orduan errepide bazter batera mugitu segurtasunez EDO hurbilen dagoen aparkalekuan geratu”. Hau da, honakoa galdetu nion nire buruari: ezin al da txertatu mekanismorik ahalbidetzen duena autoak errepide erditik kentzea segurtasuna bermatzeko?

 

Jarraian, hortik gutxira YouTubeko bideo batean erantzuna aurkituko nuela ere pentsatu nuen, YouTuberen kasuan gauzak norbere buruarentzat pentsatzearekin nahikoa baita Google ahalguztidunak horiek iradokitzeko. Tamalez, oso lanpetuta ibili naiz eta Irun-Xixon autobus bidaian ikusteko nahikoa bideo metatu zaizkit ikustekoen zerrendan, itzalaldiari buruzkoak barne.

Zorionez, egunero ateratzen dut albistegia ikusteko eta egunkariak irakurtzeko tartea eta hara non ikusi dudan auto autonomoen enpresa garrantzitsuenak, Waymok, auto "autonomoak" gidatzen dituzten ehunka langile dituela Filipinetan. Hara. Barkatu harritzen ez banaiz. Enpresak dio egoera konplikatuetan erabaki konplexuak hartzeko soilik eragiten dutela hezur-haragizko agenteek eta gidatzearen zatirik handiena autoak berak egiten duela. 

Nik, ordea, larunbat hartan Manila kanpoaldeko bulego-eraikin horretan San Frantziskoko autoei zegozkien kamerak beltzean geratu zirela imajinatu nahi dut. Arduradunak sistema berrabiaraztea eskatuko zuen, informatikariek hala konpontzen baitituzte arazo guztiak, baina ez zuten gertatutakoaz jakingo sare sozialetan haiek gidatutako autoak errepide erdian erakusten zituzten bideoak sare sozialetan ikusten hasiko ziren arte. Orduan, arduradunak berak ondokoa esango luke: “Bah, hartu atseden, gazteak, total, kanpoko argiztapenik gabe eta jarri dizkiguten pantaila mierda hauekin nondik genbiltzan ere ez genuke jakingo”. 

Genesi biblikoak erakusten digu nola hasieran dena zen iluntasuna eta argia egin arte ezin izan zela beste ezer egin. San Frantziskoko pasadizoak argi (edo ilun, kasu honetan) utzi digu argirik gabe errobotek ere ezin dutela lanik egin eta, ziurrenik, adimen artifizialaren aro honetan oraindik ere iluntasunean gaudela. Profetatan, ordea, Liburu Sakratuei aurrea hartuta gaude, bai horixe.

(Eta, zer nahi duzue esatea, GTA-VIren beta tester hauen esperientzia ikusita, agian goiz da oraindik bideojokoa kaleratzeko).