Kulturaren balantzea egin ohi da urtea amaitzean. Balantzea egingo zuten idazleek, editorialek, musikariek, kulturgile autonomoek, eskulangileek, aktoreek, kantariek, beren buruari artista deitzeko erreparo handiegia izan eta artisau deitzen diotenek, artista plastikoek, ikus-entzunezkoetako askotariko langileek, bertsolariek, eskultoreek, dantzariek… eta, orobat, urteko emaitzak excell txukunetan jarriko dituzte administrazioetan diharduten kultura arduradunek. Durango oraindik pasatu berria da, Gabonetako oparialdia (eta oparoaldia) ere hor nonbait; laster iritsiko da urtarril-otsailetako aldapa. Negua.
Lanartea elkarteak argitaratutako azken liburua izan dut eskuartean egunotan: Kultura eta ezkultura. 16 lekuko eskarmentuko. Euskal kulturak zeharkatuta bizitza eta bizimodua antolatu duten Euskal Herriko hamasei pertsonari egindako elkarrizketekin hornitutako liburua da. Kulturaren ertz askotako egileen adierazpenak eta eskarmentuak. Sortu zenetik, Lanarteak publiko aurreko (eta osteko) agerpenak egin ditu euskal artisten datuen gordina erakusteko: soldatena (erretiroena), lan-baldintzena… Hitz gutxitan esateko, urtea joan eta etorri ito beharrean bizitzearen gordina azaldu digu.
Elkarrizketatua gorabehera, ideia nagusi bat nabarmentzen da: kulturatik bizitzeko ezintasuna edo etengabeko larritasunean bizi beharra. Puntu honetan, izango da pentsatuko duenik ea nola daitekeen hori. Nola bizi nahi duen batek kulturari emana, estu bizitzekotan. Norbaitek agian pentsatuko du: “Lan normala egitea zeukan! Alde ederrean bizi gara burua dolarrez beteta daukagunok: ez kezka, ez ikasteko gogo, ez kultura eta ez kristo. Total: zertarako da ba, kultura? Artista batzuei jaten emateko kontua?”.
Kultura, berez, nahiko desprestigiatua dago egun. Analfabetismoaren apologiak bizi gaitu gehiago, eta gure etxe inguruan denak nahasten zaizkigu: hizkuntzaren “derrigorra”, kulturaren “alfer-soinua”, moderno izatearen “ni” hegotua, ezjakintasunaren ego hantustea, neoliberalismoaren erosi beharra, marketinaren dena saldu beharra, Administrazioko hamaika teknikariren (ez guztiena, jakina), politikari eta enparau andanaren buru-zuritzeak… Herri izaera galduz goaz, eta hizkuntza eta kultura gure etorkizuna direla ahanzten. Kultura eta hizkuntza ez dira gauza abstraktuak, lau zorok berentzat erreklamatzen dituztenak. Hizkuntzaren bitartez garela euskaldun aspaldi esana dago, eta komunitatea kulturaren bitartez osatzen dela ere badakigu. Politikariak ere jakitun dira. Edo. Hori sinetsarazi nahi digute, behintzat, aldian behin, boto batzuen truke edo manifa bateko azken hitza hartzeko nahiz oposizioaren kontra jardute hutsez medioen mikroetan “bortizki” erantzuteko ez dakigu ziur nori…
Politikan dihardutenek pentsatzen al dute inoiz kultura galdu duen herri bat bihotzik eta izaterik gabe geratzen dela, merkatuko atzaparretan harrapatuta eta arima hustuta? Urre koloreko bildukietan eta errezeta miragarrietan kozinatua ere, berdin dela hemengoa edo Kinkinekoa izan?
Deus ez gara izango, hizkuntza eta berarekin doan kultura hitsaldian sartuko den suzedaneo bat besterik. Puntilla farfailtsu urrezkoak ere haizeak astindu eta zirtziltzen ditu.