Lanak giza-bizitzaren zirrikitu guztiak bereganatu ditu. Nola hazi eta hezten garen, zer harreman-mota lehenesten dugun, nola egituratzen dugun denbora, zer egiten dugun eta zer bazter uzten dugun. Lanaren arabera jotzen du iratzargailuak, eta lanak utzitako tarteak baino ez ditu hartzen aisialdiak. Urteko nekea noiz arindu? Lanak esango du. Lan-erlojuak dena antolatzen du. Biologiak esaten dizu zein den amatasunerako unerik egokiena, baina entzungo duguna ez da erloju hori, lan-ibilbidearen erritmoa markatzen duten taupadak baizik, zoritxarrez oraindik ia ezinezkoa baita guztiz bi dantza-soinu horiek uztartzea.
Bizitza bera, bada, lanaren logikara egokitzen dugu: ordu, egun eta hilabete multzoetan antolatzen dugu gure bizitza, errendimenduarekin bateragarria izan dadin.
Eta hori horrela denez gero, lanaren esparrura eraman ditugu, zentzu hertsian, bizitzari dagozkion erabakiak: amatasuna, zaintza, gaixotasuna, zahartzea. Pertsonala politikoa dela esan ohi dugu, eta, hortaz, intimoena ere eskubide-kontua da, eta beraz, egutegietara eramateko modukoa eta negoziaziorako gaia. Lanaren esparruan sartzen den guztia kudeatu eta planifikatu daiteke. Dena… heriotza izan ezik, antza denez.
Egunotan puri-purian egon da gaia, senide edo gertuko baten heriotzagatik ezarri nahi diren baimenak direla medio. Eztabaidak asko pentsarazi dit. Ez bereziki neurri zehatzen inguruan —bi, bost edo hamar egun, zer dakit nik—, baizik eta horren atzean datzanaz, iruditzen baitzait oraindik oin-puntatan ari garela labaingarria zaigun bide batean.
Iazkoa nire bizitzako urterik zailena izan zen: lurra hankapetik desagertu zitzaidan bi kolpetan, bi galeratan, bata bestearen jarraian eta lau hilabeteko tarteaz. Heriotza ez da pasarte bat, lurrikara bat da: lehendabizi kolpe bortitz nagusia dator eta gero, erreplikak, aurreikusi ezin direnak, ustekabean harrapatu eta atzera berriro lurrera botatzen zaituztetenak. Ez dut ikasi min sor hori menperatzen —ari naiz, ari naiz—, baina orain badakit doluak espazioa behar duela. Ez parentesi bat, baizik eta bizitzen jarraitzeko leku bat.
Esperientzia horrek beste begi batzuekin ikusarazi dit egunotako eztabaida, ez baita estatistika soil bat, ezta lan-kodeko artikulu hutsa. Galeraren aurrean, galdera: nola laguntzen diogu elkarri gizarte gisa? Izan ere, heriotzak askarazten duen hori guztia nola utz daiteke lanetik kanpo? Lana bizitzaren parte da, ez da zirkuitu parelelo baten kokatzen; lanean ematen ditugu egunak, bertan partekatzen dira isiluneak, bertan saiatzen gara zutik jarraitzen barrutik hautsitakoan ere.
Ez dakigu heriotza bizitzan integratzen, ez norbanako gisa, ezta gizarte gisa ere. Hasierak eta ospakizunak menperatu ditugu, baina agurrak ez. Heriotza esperientzia unibertsalena da, eta, aldi berean, aurreikusten zailena, ezinezkoa ez bada. Saihestezina izanik ere, beti ustekabean heltzen da.
Dolu-aldirako denbora egokia adostea beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Eztabaida honek ez du soilik baimenez hitz egiten —nahiz eta, jakina, nonbaitetik hasi beharra dagoen—, baizik eta lanaren eta bizitzaren arteko itun berriaz. Bizitzak lanarekin bateragarri izan nahi badu, lanak ere ikasi behar du bere baitan minari lekua egiten.
Aita eta ama hil zirenean, kolpea izugarria izan zen, ezin zen familia-eremura mugatu. Nire ingurune osoa astindu zen: nire hutsuneak, arreta-faltak, babes moduko kapsula bihurtu ziren isiltasunak. Zorionez, nire ingurunea zaintzaile izan da zeharo, eta hala ere zein mingarria izan da, alajaina. Ez dut imajinatu ere egin nahi nolakoak diren horrelako prozesuak ingurunea hotz edo erasokorra denean.
Doluak, bere moduan, gauza asko erakutsi dizkit eta horien artean ondokoa: ahultasuna ere ikasketa-leku bat da. Erakundeak, pertsonak bezala, benetan hazten dira bere buruari sentitzen dutena benetan sentitzeko baimena aitortzen diotenean.
Ez al dugu hamaika aldiz esan berrikuntzarik gabe ez dagoela etorkizunik? Ba has gaitezke, denborarik galdu gabe, giza-berrikuntzan lanean. Espazioak eta prozesuak egokitzen ikasi dugu, adibidez, aniztasun funtzionalera edo belaunaldien artekora egokitzeko. Zergatik ez heriotzera ere? Kontua ez da soilik baimen-egunak luzatzea —ez dakit hamar edo hogei izan behar duten, baina badago literatura eta esperientzia nahikoa neurri zentzuzkoak topatzeko—, baizik eta dolurako espazioa babesteko modu berriak bilatzea. Malgutasuna, laguntza psikologikoa, talde-arteko sostengua, baimen zatituak… aukera posibleak dira.
Eztabaida honek sakonagoa den zerbait erakusten du: lanaren itun soziala berritu beharra. Produktibitatea ez baita emaitzetan soilik neurtzen, konfiantza, parte-hartzea eta ongizatea adierazle aski argiak dira. Gizarte aurreratuenak ez dira denbora ondoen neurtzen dutenak, gizakiaren erritmoak ulertzen dituztenak baizik.
Beharbada, horregatik urtero azaroa hastearekin batera egun bat gordetzen dugu, datorren larunbata, hain justu, heriotza aitortzeko, dolua bizitzaren parte dela ez ahazteko.
Lanaren munduak dena neurtzen ikasi du: helburuak, orduak, emaitzak, hutsuneak. Orain, berritzeko unea da, neurketa-taula batean kabitzen ez diren denborak ere integratzeko: minarenak. Doluaren denbora beste bat da, giza-erlojuetan neurtzen dena: maite ditugunak galtzen ditugunean geldotu egiten da, baita batzuetan gelditu ere.
Lana bizitzaren espazio bat izatea benetan nahi badugu, heriotzarekin bizitzen ere ikasi beharko dugu.