• IRITZIA
  • Gizaki batekin hitz egin nahi dut
Hizkuntzaren prozesamenduan doktoretza-ondoko ikertzailea HiTZ zentroan

Gizaki batekin hitz egin nahi dut

2026ko uztailaren 9a - 05:30
Begoña Altuna

Ahaztuta dugu ia, baina garai batean, duela ez asko, bezeroen arreta automatizatzen hasi ziren enpresa asko. Oso oinarrizko metodoak zituzten, akats asko zituzten eta erabiltzeko desatseginak ziren. Telefonoz deitu eta gure NAN zenbakia zenbakiz zenbaki esateko eskatzen ziguten, jarraian “ez dizut ulertu” grabaketa jarri, deia eskegi eta prozesua berriz eginarazteko. Batzuetan “gizaki batekin hitz egin nahi dut” esaten genion makinari zuzenean, ea horrela prozesua azkartzen genuen. Dagoeneko ez dut horrelakoak gertatzen direlako hainbesteko sentsaziorik, baina ez dakit hobera egin dugun.

 

Aste honetan zerbitzu tekniko batekin hitz egin dut posta elektronikoz. Nire zalantza ahalik eta gehien zehaztu dut esanez “X zerbitzua ematen dut, Y tresna erabiltzen dut horretarako eta jakin nahiko nuke Z lana egiteko zein den modu egokiena, jakinda Y tresna erabiltzen dudala eta X emateko nahi dudala”. Kasu honetan, zalantzarik ez dut erantzuna gizaki batek eman zidala, baina %100 ziur nago gizaki horrek nire mezua adimen artifizialari, Chat GPT edo antzeko bati, eman ziola eta hortik ateratako erantzuna itzuli zidala. Erantzun horretan aholku generikoak baino ez zeuden, erreferentzia bakar bat ere ez zitzaion egiten Y tresnari ezta, are gutxiago, horrek eskain zitzakeen baliabideei.

Zertarako balio izan du erantzun horrek? Ezertarako ere ez, ez bada artikulu hau idazteko abagune izateko. Ez badago modurik nire Z lana Y tresnarekin hobetzeko, esan, ez da ezer gertatzen, baina izan dadila Y tresna bera arakatu ondoren ateratako ondorio gisa. 

 

Hemendik jakinarazten dut ez dudala horrelako erantzunik inoiz onartuko. Gaur, lehen bezala, gizaki batekin hitz egin nahi dut.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain