Uda honetan jende askorekin hitz egiteko aukera eman didan lantxo bat egin dut. Mota guztietako jendea izan da, munduaren punta guztietakoa eta, gainera, oporretan zeuden turistak zirenez, hitz egiteko denbora zuena. Asko hitz egin dut uda honetan.
Gainera gizakioi nongoak garen, oporretan zer plan dugun, oporrak nola doazen eta abar kontatzea gustatzen zaigu. Hori lehenagotik nuen susmoa da, baina uda honetan konfirmatu ahal izan dut. Tira, kontua da aurtengo udan jendeak adimen artifizialarekin zer harreman duen zabal ezagutu ahal izan dudala.
Nahi baduzue hemen utzi dezakezue irakurketa: jendeak ChatGPTk erantzuten diena zalantzan jarri gabe egiazkotzat hartzen du.
Monumenturen bat bisitatu gabe geratu den jendea ezagutu dut “ez baitzuen INON jartzen aurretik erreserba egin behar zenik”. “INON EZ” hori zein zen galdetzean “ChatGPTn” zela erantzuten zuten. Ez bati, ez biri, ez diot erantzun hori entzun. Nik harridura aurpegiaz begiratzen nienean, nirekin haserretu egiten ziren. Haisuek, ni ez naiz edozelako erantzuna bota dizuena, ez kontrastatu gabeko informazioa egiazkotzat hartu duena. Larriagoa izan da herrialderen bat bisitatzeko bisa behar zuten galdetzean ezezko erantzuna okerra zela aireportuan deskubritu dutenen kasua, baina hori prentsan baino ez dut irakurri.
Fisioterapeutarekin ere hitz egin dut kontuari buruz. Ordubeteko kontsultan gauza askori buruz hitz egin daiteke eta adimen artifizialarena modako gaia da. Esan zidan oporretan pila erabili duela ChatGPT Londresen zer ikusi eta non afaldu jakiteko. Sorpresa handiz esan nion jatetxeen kokalekua asmatzea ia miragarria iruditzen zitzaidala. Berez, erraza izan zitekeen jatetxe baten izena, eskaintza gastronomikoa eta helbidea gailu automatiko batek ondo gogoratzea, baina adimen artifizialean informazioa ez da kalkulu-orri batean gordetzen; adimen artifizialaren informazioa biltegiratzeko moduak artaziak, kableak, pilak, hariak, 2017ko gabon zaharreko betaurreko parea eta auzokoaren giltzen kopia gordetzen diren etxeko tiraderaren antza du.
Londreseko jatetxeen harira itzulita, nire galdera izan zen “baina orokorrean ChatGPTz fidatzen zara?”, eta fisioterapeutak, baietz. Hala ere, lortu nuen kritikotasunaren hazia beragan landatzea. Kontatu zidan uda baino lehen Espainiako kirol federazioari idazki bat egin behar izan ziola kirolari baten osasun-egoera zela eta. Denborarik ez, eta ChatGPTri eskatu zion idazkia oinarrizko datuak emanda. A ze idazkia egin zion siliziozko garunak! Enmarkatzeko modukoa! Pare bat gauza aldatuta bidaltzeko modukoa! Esan zidan, ordea, aldatu zizkion gauza pare horiek gakoak zirela eta giza anatomiaren ezagutza funtsezkoa zela horiek okerrak zirela ezagutzeko. Onartu zuen ikuspegi kritikoa behar dela adimen artifizialaren erantzunak erabiltzekotan. Lasaiago geratu nintzen.
Ez dirudi haluzinazioen kontua, hau da, adimen artifizialak botatzen dituen datu edo gezurren kontua konpontzeko bidean denik. Arazo orokortua da eta sistema guztiek dute horretan erortzeko aukera nabarmena. Hondartzaz edo mendiaz gozatzen ari ginen bitartean GPT5 aurkeztu zen, Open AIren adimen artifizialeko azken eredua, baina ez duzue horri buruz (ia) ezer entzun, ez baita bereziki ona eta ez baititu aurretik zituen arazoak konpontzen.
Laburbilduz, adimen artifiziala ziria sartzen saiatuko da. Ez iezaiozue utzi!