Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Ispiluari galderak

2026ko irailaren 22a - 05:30
Argazkia: Pilar Kaltzada

Belaunaldi bakoitzak behar duen edo komeni zaion gazteria fabrikatu egiten du. Asmatu egiten du, bai, baina tematu egiten da bere asmakuntzan: behin sortu duenean, jo eta su zabalduko du han eta hemen, tertulia eta bazkalondoetan errepikatu egingo ditu leloak eta errepikatzearen errepikatzez, sinetsi ere egingo du halaxe dela.

 

Bi bertsio nagusi daude. Batean, gazteak apatiakoak dira, hauskorrak, pazientzia gutxikoak; kontziliazioa eskatzen dute, baina sakrifizioaz ez dute txintik esaten. Beste bertsioan, ordea, historian inoiz izan den belaunaldirik prestatuena dira: ekintzaileak, mundura irekiak, sektorez edo herrialdez aldatzeko gai dira, guri bertigoa emango ligukeen bizkortasunarekin gainera. Bi bertsio, bi asmakizun, eta bitxia bada ere, kapaz gara diskurtso berean aipatzeko, baita esaldi berean ere, adinak ematen digun talaia honetatik ausartak gara eta.

Beraz, eta laburtzeko: gaizkile edo heroiak dira eta bizkarrean daramate guk kokatu diegun zama: etorkizuna. Eta ulertzen dugu: edo salbatuko gaituzte edo hondoratuko gaituzte. Nik neuk behintzat, hogei urterekin, ez nukeen enkargu hori hartuko.

 

Eta gero, errealitatea dator, bere datuekin, bi bertsioak deseroso uztera. Hazikoopek argitaratu berri dituen datuen arabera, Euskadin, 18 eta 25 urte arteko pertsonak kooperatiba berriak bultzatzen dituztenen %18 dira dagoeneko; duela urtebete, %10 ziren. Oraindik urrun dago proportzio hori 45 eta 54 urte artekoen %30etik, baina hamabi hilabetetan ia bikoiztu egin da; ea nola esplikatzen dugun aldaketa hau segurtasuna besterik bilatzen ez omen duen belaunaldi baten irudiarekin. Txantxak alde batera, horrek ez du ukatzen aldi berean, gazte askok lanpostu publiko bat, kontratu egonkor bat edo lanak bizitza osoa irentsiko ez duen bizimodu bat nahi izatea.

Bi gauzak dira egia. Kontraesankorrak ematen dute soilik galdera eskasenarekin gelditzen bagara ('zer nahi duten' galdetuta konformatzen bagara) proiektu batean benetan inplikatu nahi izateko zer behar den ikertu ordez.

Pertsona berak oposizio bat presta dezake eta arratsaldeetan bere proiektua martxan jarri. Pertsona batek erabateko konpromisoa izan dezake lan-proiektuarekin eta aldi berean, hiruretan amaitu bere lanaldia. Betiko enpresa-eredu hierarkizatuarekin mesfidati denak orduak eta egunak eman ditzake buru-belarri lanean bere sentitzen duen ekimen batean. Eta hori, adin guztietako jendeak egiten dugu; gazte izateak ez du zerikusirik.

Haustura batetik gatoz, baina oraindik ez dakigu oso ongi nora goazen. Denok ulertzen genuen nolabaiteko itun bat egon da urteetan, baina hautsi egin da. Ahalegina eta leialtasuna jartzen genituen guk eta enpresak egonkortasuna eta etorkizun gutxi gorabehera aurreikusgarria bermatzen zizkigun. Jakina, horrek ez du sekula modu unibertsalean funtzionatu pertsona guztientzat —ikusi besterik ez dago emakume asko lan-merkatuan nola bizi izan diren—, baina sinistu egiten genuen kontakizun partekatu gisa. Gaur, promesa horrek pisu txikiagoa du. Jadanik zenbat jasotzen dugun ez da galdera bakarra: zertarako, norekin, zein arauren arabera eta zein bizitzaren truke galdetzen dugu eta erantzunek gero eta pisu handiagoa dute.

Hazikoopen datuarekin bueltaka geratu naiz. Kooperatiba bat ez da definizioz hobea: burokratizatu daiteke, bere printzipioez ahaztu, hierarkiak erreproduzitu. Baina ikerketak berak "parte-hartzean, erantzukidetasunean eta erabakiak hartzeko zuzeneko inplikazioan oinarritutako enpresa-ereduez" hitz egiten du eta horrek gaur egungo gizartearekin oihartzun egiten du. Arrasto gisa, ez da txarra.

Etorriko den gazteria nolakoa den galdetzen jarraitu aurretik, agian ispiluaren alde honetara begiratu beharko genuke: zer erakunde ari garen eraikitzen, zer agintzen dugun eta horretatik zenbat betetzen dugun. Gazteei egozten dizkiegun erantzun askok gehiago esaten dute gutaz haiei buruz baino.

Konpromisoa eskatzea erraza da. Konpromiso hori mereziko duen proiektu bat eraikitzea, dezente zailagoa. Eta ez dago gure ordez lan hori egingo duen alegiazko gazteriarik.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain