• EKONOMIA
  • Gero eta gehiago dira gazte ekintzaile kooperatibistak

Gero eta gehiago dira gazte ekintzaile kooperatibistak

Kooperatiba ereduaren alde egiten duten ekintzaileen gehiengoak (%77) lanbide- edo goi-mailako ikasketak ditu

Hazikoopeko zuzendari nagusia, Marta Areizaga, eta presidentea, Mikel Larrea | Argazkia: Hazikoop
Hazikoopeko zuzendari nagusia, Marta Areizaga, eta presidentea, Mikel Larrea | Argazkia: Hazikoop
2026ko irailaren 17a - 12:29
Eg. 2026ko irailaren 17a - 15:49

EAEko kooperatiba-ekintzaileen profila eta haien motibazioak, jarduera-ildoak eta erronka nagusiak identifikatu ditu Hazikoopek, Kooperatiba Enpresa Ekimenen XXI. Behatokiaren bitartez. Azterlanaren arabera, 18 eta 25 urte arteko gazteen pisua nabarmen handitu da azken urteetan: kooperatiba berriak sustatzen dituzten pertsonen %18 dira jada, iazko %10aren aldean. 45 eta 54 urte artekoek osatzen dute talderik handiena, guztizkoaren %30arekin; 35-44 urte artekoak %23 dira, eta 26-34 urtekoak %21.

 

Behatokiak erakutsi du kooperatiba-ekintzaileen gehiengoak prestakuntza akademikoa eta lan-esperientzia dituela. %77k lanbide- edo goi-mailako ikasketak ditu, eta hamarretik bederatzik aurrez lan-esperientziaren bat izan du. Are gehiago, %58k ekintzailetzan esperientzia izan du aurrez. Ekiteko arrazoi nagusia (%32rentzat) norberaren ideia propioa garatu nahia da; negozio-aukera existitzen dela identifikatzen dute beste askok (%31k), eta norberaren nagusi izateko nahia dute hamar ekintzailetatik bik.

Kooperatiba ereduaren alde egiteko arrazoi nagusia, berriz, kooperatibaren filosofia eta kultura dira (%24), aholkularitza espezializatuen gomendioen aurretik (%23). Laguntza publikoek %17ko pisua dute eta zerga-abantailek %14koa. Jarduerari dagokionez, kooperatiba berrien %84,4k IKTak erabiltzen ditu eguneroko lanean, eta %11,7k adimen artifiziala erabiltzen du. Jasangarritasunarekin lotutako neurriak %62k hartu ditu, eta %15ek nazioarteko merkatuetan jarduten du.

 

Oro har, sortutako kooperatibek egitura txikiak izan ohi dituzte hasieran: %59,5 bi bazkiderekin hasten da eta %23,8 hirurekin. Langileen batez bestekoa 2,7 pertsonakoa da. Finantzaketa eskuratzeko zailtasunak, abalak eskatzeko beharra eta laguntza publikoen emate eta ordainketetan izandako atzerapenak dira ekintzaileen kezka nagusietako batzuk. Izapideek ere denbora eskatzen dute: kooperatiben %33k lau eta sei hilabete artean behar ditu eratzeko, eta bostetik batek urtebete baino gehiago behar du jarduera hasteko beharrezko tramiteak amaitzeko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain