Urte honen hasieran, hemen argitaratutako zutabe batean, aldarrikatzen nuen industria politika berri bat behar dugula. Industria defendatzeko argudio asko topa ditzakegu. Horien artean, ezinbestekoa da aipatzea (eta hala egiten nuen) sortutako lanpostuen kualifikazioa eta kalitatea (eta soldata maila, noski); enpresa industrialek lurraldeari dioten atxikimendua; edo manufaktura-enpresetatik ateratzen diren salgaiek pertsonen bizitza kalitatean eragin ditzaketen hobekuntzak. Mariana Mazzucatok diseinatutako markoan, gizadiak aurre egin beharreko erronkek aukera paregabe bat eskaintzen dute misio berriak martxan jartzeko, estatuaren eskuz sektore pribatuaren jarduerak zuzendu eta kapitalismoa eraldatuz. New Green Deal edo Itun Berde Berri europarra horren adibidea izan zitekeen, energia berriztagarrien sustapena eta ekonomiaren deskarbonizazioa aurrera eramateko proposamen bezala.
Azken hilabetetan, europar industria politika baten aldeko ahotsak geroz eta ozenagoak dira, batez ere europar produktibitatearen gainbeheraren inguruko eztabaidan. Europar Banku Zentraleko lehendakaria ohia den Mario Draghik eta italiar gobernuburu izan zen Enrico Lettak zuzendutako bi aditu taldeek argi eta garbi esaten dute bere txostenen konklusioetan: Europar Batasuneko enpresek arazo larriak dituzte lehiakorrak izateko gaur egungo testuinguru globalean. Aditu horien esanetan, Estatu Batuekiko eta Txinarekiko irekitako lubaki teknologikoak eta enpresen tamainak eragiten dute lehiatzeko gaitasun eza, beste faktore batzuen artean.
Emandako hitzaurrean, Draghik dramatikoki iragarri zuen erreakzionatzeko denbora agortzen ari dela. Proposatutako neurrien artean, energia edo telekomunikabidetako sektoreetan, txapeldun europarrak sortzea (tokiko txapeldun eskasak fusionatuz) aipatzen zen, estatubatuar edo txinatar erraldoiekin lehiatzeko. Eta, noski, industria politika indartzea Europa mailan. Baliabide publikoak eta pribatuak bideratu, lehiakortasuna berreskuratzeko. Beraz, gure gizartearen erronkei aurre egiteko beharrak bere aukera topatu du ere. Momentum egokia Mazzucatoren misioentzat.
Tamalez, industria politikaren gidoiak bihurgune bat topatu du. Europar Batasuneko herrialdeek bere gastu militarra igotzeko erabakia hartu dute, bi urtetan %45 haziz (350.000 milioi euro 2024ean). Noski, Ukrainako gerrak eta AEBko azaroko hauteskundeak (non Trump Etxe Zurira berriro iristeko aukerak ugaltzen hasi diren) areagotu dituzte europar gobernuen beldurrak mehatxu militarren inguruan. Europar atzerapen teknologikoa nabarmena bada, esparru militarrean AEBekiko duen menpekotasuna ere izugarria da. Baina menpekotasun horrek baditu bere ondorio ekonomikoak: Ukrainako armadari Europak eskainitako dirulaguntzaren gehiengoa estatubatuar gune militar-industrialaren salmentak elikatzera bideratu da, bere mozkinak haziaraziz. Mozkin horiek bere akziodunei atsegin ematen diete, noski, baina enpresa horien I+G sailentzako baliabide gehiago ere suposatzen dute. Beraz, paradoxikoki, europar baliabide publikoak ari dira Europaren eta AEBen arteko lubaki teknologiko-ekonomikoa zabaltzen, ez dugulako ahaztu behar gure egunerokotasunean erabiltzen ditugun kontsumoko ondasun askok jatorri militarra dutela. Jakina da Interneten sorkuntzaren historia, baina gure etxeko sukaldeetan hain arruntak diren mikrouhinak edo kevlar erabiltzen duten bizikletako kaskoak ere ikerketa militarraren ondorioak dira.
Ez dut uste Mazzucatok plot twist hau espero zuenik. Nik ezta ere. Itun Berdea, Itun Beltzean bilakatu zaigu.