Maiz datorkit gogora gure amonak esan ohi zuen esaera: arkatz laburra memoria luzea baino hobea dela. Izan ere, memoria laburrekoak gara, amaitzear dagoen urte honetan hondamendi handiak ikusi baditugu ere, argitaratu berri den txosten batek gogoratzen digunez. Urruti geratzen zaigu otsaileko Eunice ekaitza, Europako hainbat herrialde astintzean 16 heriotza eta 4.000 milioi dolarreko kalteak eragin zituena; martxoan Australian 27 hildako sortu zituzten uholdeak gertatu ziren; apirilean Hegoafrikaren txanda izan zen: 459 pertsona hil, milaka pertsona desplazatuz eta izugarrizko kostuak sortuta.
Uda honetan hainbat bero bolada jasan ditugu, baita Euskal Herrian ere. Europan gertatutako lehorteak eragin dituen kalteak 20.000 milioi dolar ingurukoak izan daitezkeela estimatu da. Abuztuan Txinan inoiz gertatutako bero boladarik larriena izan zen, eta lehorteek 8.400 milioi dolarreko kostua izan zuten.
Eragin handiena ekainetik irailera bitartean Pakistanen izandako uholdeek eragin zuten: 1.700 hildako eta 7 milioi pertsona desplazatu eta 30.000 milioi dolarretik gorako kostu ekonomikoa kalkulatzen da.
Irailean Estatu Batuak eta Kuba astindu zituen Ian urakanak eragin du inpaktu finantzariorik handiena, 100.000 milioi dolar ingurukoa. Baina aipatutako herrialdeetan bezala, urakanak ere 130 heriotza eta 40.000 desplazatu baino gehiago eragin zituen. Hauek gertakari larrienak baino ez dira, ordea, beste hainbeste ere gertatu dira: esaterako, uholdeak Malaysian, Brasilen eta Afrika mendebaldean; lehorte luzea Afrikako Adarrean; bero-bolada larriak Indian eta Pakistanen, baita Artikoan eta Antartikan (bai, Antartikan) ere; baso-suteak Txilen; Afrikako hego-ekialdean eta Filipinetan ekaitzak; eta zikloi tropikala Bangladeshen…
Azaroaren hasieran The Lancet zientzia aldizkari nabarmenak klima-aldaketak osasunarengan duen eraginari buruzko txosten berezia argitaratu zuen. Bertan, mingainean herdoilik gabe, herrialdeek eta enpresek munduko toki guztietako pertsonen osasuna eta biziraupena mehatxatzen dituzten erabakiak hartzen jarraitzen dutela diote.
Testuinguru horretan munduko herrialde guztiak elkartu ziren, klima-aldaketaren 27. goi-bileran. Egiptoko COP27ko lorpenik garrantzitsuena kalte eta galerei aurre egiteko diru-funtsa onartzea izan zen, aipatutako hondamendiek sortzen dituzten kalte eta galerak, hain zuzen ere. Funts berri honen helburua herrialde ahulenei klima-inpaktuei erantzuten laguntzea litzateke eta oso txalotua izan da, 30 urtean herrialde industrializatuek ez baitute horrelako konpentsazio neurririk hartu nahi izan. Tamalez, aldaketa hauek guztiak mugatzeko neurriei dagokionez, ez zen aurrerapauso nabarmenik egon; klima-aldaketari eman beharreko erantzuna ez da behar bestekoa izan. Aste honetan jakin dugu, OTEA Trantsizio Energetikoaren eta Ekintza Klimatikoaren Behatokiaren esku, Estatuan 2022an berriz ere CO2 isuriek gora egingo dutela.
Ongizatea, osasuna eta elkartasuna eskatuko badiogu urte berriari, anbizio-handiko klima politika ausartak beharko ditugu!