Duela hamar egun lagun batek harrituta idatzi zidan esanez Korrikaren webguneko AAk gaztelaniaz erantzun ziola. Eskerrak eman, eta makinak “de nada” erantzun ziola nahiz eta gero euskaraz segi. Ostegunean, ordea, burua galtzear idatzi zidan txatbot berak dena gaztelaniaz erantzuten ziola esateko. Burua galdu zuen igandean, Korrikako mezua entzun ondorengo barealdian, patxada osoz normala iruditzen zitzaidala erantzun nionean. “Baina nola da posible euskaraz hitz egin eta katxarroak ez jakitea euskaraz erantzun behar didala?!”. Hasi nintzen azaltzen AA ereduei, orokorrean, bost ardura zaiela zer hizkuntzatan ari garen… Ezagun bat ikusi zuen, eta AAren aurka zuen arrangura eta samina ahaztu zitzaizkion.
Ni, ordea, Korrikaren eta AAren arteko harremanaz gogoeta egiten aritu naiz. Azken finean, Korrika datu multzo erraldoia da eta gizarte hiperkonektatu honetan 24 orduz grabatu eta emititu da, nahiko kalitate altuko irudiak eskainita, egia esan, Korrikan gertatu diren gehienak. Hala, ideia hauek bururatu zaizkit:
- Animatzaileari aldarri berriak erakuts diezazkioke. Jakinda lekuko eramalea nor den, automatikoki sor daitezke aldarri pertsonalizatuak, “Aguraingo jubilatu elkartean ere EUS-KA-RAZ” bezalakoetatik harago.
- Aurtengo kilometro bakoitzaren abiadura oinarri hartuta hurrengo Korrikarako kilometro banaketa doitu daiteke. Adibidez, Oiartzungo triatloi taldeari aldapan gora jarriko diogu kilometroa eta Alkizako eskolari kilometro labur bat (fisikari desafio eginez). “Mendiz mendi” mendi taldeari ez diogu mendiko kilometrorik emango, nahiz eta erregutu, mendi taldeetako adinaren bataz bestekoa beti delako altua, abiadurarekiko alderantzizko proportzionala.
- Aurrekoarekin lotuta, aurreikusitako abiadura publikatu daiteke webgunean, norberak bere gaitasunekin bat doan korrika esparrua aukera dezan. Gainera, etiketak jarriko dizkiogu: “Kardio suabea”, “Fartlek”, “HIIT”. Etiketa automatikoak, noski.
- Azpiegitura departamentuek ere badute Korrikatik etekina ateratzeko aukera. Milaka kilometroren grabaketa dugu, baita bakoitzaren geolokalizazioa ere, eta ez dut uste zaila izan behar duenik batxeak eta beste automatikoki identifikatzea. Hauteskundeak baino lehen, baliteke interesgarria izatea errepasoa egitea.
- Furgonetaren gidaketa autonomoa ez da aurten egin Europar Batasuneko legeek ahalbidetzen ez dutelako, baina probaleku ona litzateke Korrika aurretik bidea garbitzen dioten agente batzuk eramaten baititu. Europar Batasuneko teknikari bat joan daiteke furgonetan kontu segurua dela ikusteko eta bide batez euskara Europar Batasunera ofizialki eramateko argudio zakukada ere eraman ahal izango du, bana hiztun bakoitzeko.
Beste hainbat erabilera izan ditzake Korrika adimen artifizialerako esplotatzeak, baina, esku txarretan erorita arriskutsuak izango direnez, isilduko naiz.
Bi urte barru izango da 25. Korrika. Zenbaki nahiko borobila izanagatik, berezitasunak ematen saiatuko da baten bat. Kontua da Korrika bere horretan nahi dugula euskaldunok. Elkarrekin korrika egiteko emozio hori baino ez dugu bilatzen. Hobekuntzak eta esperimentuak egingo dira, ziur, baina izan daitezela gatopardianoak: aldatu dadila dena, beti bezala korrika egin ahal izateko. Batxerik gabeko errepideetan, agian?