• IRITZIA
  • Laborategitik herrira, euskaraz
BRTAko transferentzia zuzendaria

Laborategitik herrira, euskaraz

2026ko irailaren 24a - 05:30
2204 BRTA GARBIÑE MANTEROLA 14

Badira hamaika urte lagun min batek nire osaba artatu behar izan zuela, osasun arazo larri bat tarteko. Ez dakit zenbatetan entzun ote nion ordutik esaldi berbera: zure lagun hori, mediku ona, jatorra… eta euskalduna! (ahoska ezazu azken hitz hau letra lodiz, eta hori fosforitoan azpimarratuta balego bezala).

 

Beti ulertu izan dut osabak esaldi hura errepikatzeko zuen apeta. Medikuaren curriculumari, operazioaren larriaren aurrean izandako trebetasunari ematen zion inportantzia, baina beste zerbait azpimarratzen zuen. Une zaurgarri batean, beldurra, zalantzak eta ziurgabetasuna nagusi direnean, norberaren hizkuntzan artatua izateak duen balioa. Ulertzeaz gain, ulertua izatea.

Nator orain nire lanbidera. Urteen poderioz konturatu bainaiz badela antzekotasunik berrikuntzaren eta ezagutzaren transferentziaren munduan ere. Zientzia eta teknologiaren munduan curriculumak, laborategiak eta patenteak badira tresna baliagarriak, baina oinarrizkoena pertsonak dira, eta haiek osatzen dugun sarea. Eta haien arteko ulermen bideetan erreparatu egin behar da, ondo funtziona dezan.

 

Enpresa batek gutxitan joko luke baten atea ikerketa edo teknologia zentro batean galdera guztien erantzunak balitu. Erronka bati aurre egin behar diolako, aukera bat esploratu nahi duelako edo etorkizuneko erabakiren bati buruzko zalantzak dituelako izaten da. Zaurgarritasun-puntu batekin etortzen dela esango nuke. Eta hor ere, osasun-arretan bezala, konfiantzak, hurbiltasunak eta elkar ulertzeak garrantzia dute. 

Hainbat proiektutan ikusi izan dugu hori, bereziki ETEekin lan egitean. Askotan zientzia eta teknologia urruneko errealitate moduan ikusten dira, eguneko erronketatik aparte bageunde moduan. Baina lehenengo elkarrizketa gertuko kodeetan egiten denean, euskaraz, distantzia hori laburtu egiten da. Naturalagoak bihurtzen gara. Eta erronkak zehaztasun handiagoz definitzen dira eta harremanak sendoago eraikitzen.

Ikerketa aplikatuaren misioa ez da artikulu zientifikoak argitaratzea, ezta patente gehiago pilatzea ere. Horiek gure azken helburua lortzeko tresnak dira: ezagutzak lurraldean eragina izatea, enpresen lehiakortasuna indartzea eta gizartearen ongizatean laguntzea. Eta horretan, hizkuntza ez da xehetasun bat, azpiegitura bat da.

Ingelesa da gaur egun zientzian eta teknologian hizkuntza nagusi, eta etorkizun hurbilean hala izango dela dirudi. Baina ezagutzaren nazioartekotzea eta lurraldearekiko konpromisoa ez dira kontrajarriak. Lehenengorako ingelesa behar dugu, bigarrengorako, berriz, euskara ere bai.

Joan nadin haratago. Izan ere, gaur egun enpresa eta erakunde gutxik jarriko dute zalantzan euskara erabiltzeak hurbiltasuna edo konfiantza eremuak sortzen laguntzen duela. Adimen artifizialaren garaian bizi gara eta bestelako galderak datozkigu burura: zer leku izango dute hizkuntza gutxituek adimen artifizialak gero eta polarizatuagoa duen munduan?

Bi polo teknologiko handiren inguruan orbitatzen ari gara. Testuinguru horretan, askok aurreikusten dute euskararen moduko hizkuntzek etorkizun gero eta zailagoa izango dutela. Baina bada kontrakorik pentsatzeko probarik. Euskararen etorkizunaren zati bat berrikuntzan, zientzian eta teknologian jokatzen ari da. Iraganean, ezagutza globalera iristeko oztopo gaindiezinagoak zituzten hizkuntza gutxituek. Gaur, ordea, itzulpen automatikoek, hizkuntza ereduek eta bestelako tresna teknologikoek aukera berriak sortu dituzte. Lehen aldiz, eta inoiz ez bezala, ezagutza globala eta tokiko hizkuntzak elkarren osagarri izan daitezke.

Hor dago gure erronka. Ez da soilik adimen artifizialaren munduan presente egotea, baizik eta hizkuntza eta ikuspegi aniztasuna txertatuko duen adimen artifiziala eraikitzea. Euskara adimen artifizialera eramatea gure herriaren erronkak eramatea ere badelako, gure enpresena, gure ETEena. Bestela ez baitugu garatuko haientzako soluzio egokirik, urruti egoteko arriskua izango dugu berriz ere. Eta beraz, gurean eragiteko abilidade eskasagoa.

Euskararen auzia ez da soilik hizkuntza politikarena. Zientzia, Teknologia eta berrikuntza politikarena ere bada. Horregatik, agian, galdera ez da euskarak eta Euskal Herriak adimen artifiziala behar ote duen. Galdera da ea adimen artifiziala benetan adimenduna izan daitekeen euskara bezalako hizkuntzak aintzat hartu gabe. Euskara adimen artifizialaren beharrean da, adimen artifiziala euskararen beharrean den bezainbeste. Eta guk, biak behar ditugu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain