Lanak eta ekintzailetzak

Nonbaitetik hastekotan hasieratik hasi behar da. Horregatik hasten gara urtero ekonomia eskoletan ikasgaiaren izena deszifratzetik. Aurten, gainera, ekintzailetza eta negozio modeloen garapenaren abizen berriak ere estrenatu ditugu. Elegante jantzita lurreratu gara ikasleen garunetan. Igandez jantzita. Eta hor goaz, ttirriki-ttarraka oinarrizko definizioei errepasoa ematen, ekonomiaren korapiloa askatu nahian premietatik, baliabide mugatuetatik, erabaki beharretik, ekonomia den gizarte zientziaren zereginetik. Eta halako batean, eskema eta fluxu diagrama artean ekoizpenera eta ekoizpen faktoreetara heldu gara.

Nire adineko Hego Euskal Herriko ekonomilari batek berdin errezitatuko dizkizu parrastadan bi gauza; gaztelerazko aantebajocabeconcontradedesdeenentrehaciahastaparapor… preposizioak eta ekoizpen faktoreak hiru direla. Lurra. Lana. Kapitala.

Ez naiz ni izango ekonomia klasikoaren kontzeptu fundazionalen defentsa sutsua egingo duena, lanaren definizioak berak kalanbreak ematen baitizkit. Baina zenbait gauza birplanteatzen hasita, ez nintzateke material askotan topatzen ari naizen aldaketetatik abiatuko. Orain ekoizpen faktoreak lau dira. Edo bost, ikasturtearen eta testu liburuaren arabera. Ekintzailetza gogor sartu zaigu klasifikazio orokorreko tropelean, teknologia gurpilean zintzilik duela.

Duela urte batzuk, lana pertsonek ekoizpenera bideratutako eta ordaindutako jarduera fisiko eta mental oro dela ikasi nuen gisan, kapitalak ekoizpenera bideratutako ekipo- eta finantza-ondasunak ziren. Eta enpresaburuak, edo orain deitzea gustatzen zaigun gisan, ekintzaileak, kapital hori ekoizpenaren zerbitzura jartzen zutenak ziren. Kasu askotan, kapitalaz gain, haien esfortzu fisiko eta mentala ekoizpenaren zerbitzura jartzen zuten. Haien lana, alegia. Kapitala eta lana. Baina orain badirudi ekintzaileen lanak berrehun eta koska bat urteko kontzeptuen zutabeak zartatu dituela eta ekintzailetza bere horretan ei da ekoizpen faktore bat. Lanak eta lanak daude, hori ukaezina da; eta batzuek ez dute langileen multzo berean egon nahi.

Aste honetan irakurri dut ekintzaileen arazoetako bat aitortza falta dela eta memoria ariketa txiki bat piztu zait. 2008ko lurrikara ekonomikotik ekintzailetza indibidualaren eta bisionario bakartiaren gorazarrea gosaldu, bazkaldu eta afaldu dugu urte haietan nerabe ginenok. Langabezia datuak abiadura beldurgarrian hazten ikusi ahala, Steve Jobsen eta beste hainbat gizon zuriren garajeetan fedea jar genezan mistika oso bat eraiki zen. Egin zitekeenaren eta egiten ari ez ginenaren adibide ziren.

Zenbat mito eta anekdora prefabrikatu ditugun pertsona horiei buruz eta zein gutxi dakigun, ordea, ekintzailetzatik lurraldeak eta bizitzak eraldatzeko martxan dauden hamaika proiekturen inguruan. Edo haien zailtasunen inguruan. Eta zein gutxi esaten den ekintzaile izateko aukera bera pribilegioa den bezalaxe, beste batzuetan, aldiz, ekintzaile izatea madarikazio saihestezina izan daitekeela beste biderik ez duten pertsonentzat. Lana bezalaxe, ekintzailetzak eta ekintzailetzak daude.

Ekintzailetzaren ertz zorrotzenak, zizta egiten dutenak, ikusteko aukera ederra izan zen KoopFabrika Hegoaldetik jardunaldietan. Ertzetatik egiten den ekintzailetzak akaso garajeko glamourrik ez, baina duintasun eta potentzial eraldatzaile ikaragarriak baititu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK