Badagu ironia puntu mingarri bat gaur egungo bizimoduan: nekatuta etor gaitezke lanetik, eta atseden hartu behar dugu… baina atseden hartu aurretik, “hobeto atseden hartzeko” bideo bat ikusten dugu, “produktibitate kontzienteaz” irakurtzen dugu, eta estresa ez izateko eginbeharren zerrenda bat prestatzen dugu. 2026. urtean horrela bizi gara. Auto-zaintza, deskonexioa eta deskantsua garrantzizkoa dela baieztatzen dugun honetan, ez gara denbora librea izateko norberaren denbora hobeto antolatzeaz ari. Denbora optimizatzeaz ari gara. Goiza, loa, lana, paseo laburrak, harremanak, irakurketa eta aisialdia bera ere errendimenduaren logikan sartu ditugu, lana bilakatzerarte ia-ia. Eta bidean, oharkabean, aspertzea eta “denbora-galtzea” garrantzizkoa dela ahaztu dugu.
Ez nau harritzen baja edo burn-out delakoak handitu direla entzuteak. Eskuartean daturik gabe ari naiz, baina ziur nago asko eta asko burn-out arin funtzional batean bizi garela, eta ez du zertan lanarekin zerikusirik izan. Neke konstante bat, tentsio sotil bat, inoiz ixten ez den ataza batean bizi gara, buklean… eta neke konstante horrek ezinegona sortzen digu. Lehen, lanetik atera eta lana amaitzen zen; bizitza lasai egiteko aukera genuen. Orain, laneko atea itxi eta bigarren jardunaldia hasten dugu: proiektu pertsonala, marka pertsonala, newsletterra, portfolioa, edukia, ikastaroak, hitzaldiren bat… eta, batez ere, zerbait gehiago egin behar genukeela sentitzen dugu. Sentsazio iraunkor amorragarria da.
Atsedena bera ere desitxuratu dugu: ez dugu besterik gabe atseden hartzen; berriro ere produktiboak izateko energia berreskuratzeko helburua jartzen diogu gure buruari, gure eskumuturreko smartwatchak markatzen digun KPI, metrika eta errendimendua monitorizatuz. Erotu al gara? Lo egitea errendimendurako tresna bihurtu dugu.
Achtung! Deskantsu faltaren sintomatikoak izan daitezken pentsamendu batzuk partekatuko ditut, baina, ez larritu, askori pasatzen zaizkigu burutik: paseatzera ateratzea “podcast batekin uztartutako dut denbora aprobetxatzeko”; “liburu hau irakurriko ikasten jarraitzeko”; hobbie bat duzuenean, “zaletasun hau diru-sarrera posible bat izan liteke”; edota, ohean sartzean, “gaur kalitate oneko loa lortu behar dut, bihar entrenamendua dut eta”.
Ez dugu bizitza bizi; bizitzari errendimendua ateratzen ari gara eta espazioa behar dugu. Garunak espazio hutsa behar du konektatzeko, pentsatzeko eta sortzeko; eta halako helburu eta produktibitate logika honetan murgilduta, espazio hori desagerrarazi dugu. Pantailekin, podcastekin eta proiektuekin bete ditugu hutsuneak, dena bete dugu, FOMOaren eta ezer galtzeko beldurrez.
Oso eraldatzailea eta apurtzailea izan daitekeen proposamen batekin nator: gutxiago egitea. Gelditzea. Isiltzea. Aspertzea. Kontrolatzen ez dugun bide horrek ere badu zentzurik askotan. Bizitzako gauza garrantzitsuenak ez dira plan perfektuen ondorioz gertatzen, etenaldien, zalantzen eta norabide aldaketen emaitzaren ondorioz baizik. Zergatik ez horretara ausartu?
Gelditzea eta bizitza lasaiago hartzea bera ia ekintza iraultzailetzat dugun momentua bizi gara. Noraino iritsiko gara? Ez dakit lerro hauek baliagarriak izan diren, baina niri behintzat bikain datozkit noizean behin burua altxa eta frenoa botatzeko. Zaindu.