Izenburukoa nire hemendik aurrerako bizi-plana dela esango balidate, pozarren nengoke. Ziur beste askorentzat ere proposamen desiragarria dela. Agian baten batek lortu du dagoeneko. Badirudi, hala ere, orokorrean gutxien apreziatzen dutenei egokitu zaiela bizitza hori.
Noski adimen artifiziala garatzen duten enpresez eta datuen prozesamendurako zentroez ari naiz. Sonatua egin zen duela hilabete batzuk liburu zaharren eta deskatalogatuta dauden liburuen denda batera liburu arraro eta bakanen eskari handiak heltzen hasi zirela. Nork nahiko zituen eskari berean gosari kurduen errezeta liburua eta berilioaren papergintzako aplikazioei buruzko tesia? Haritik tiraka ikusi zuten adimen artifizialari ematen zitzaizkiola entrenamendurako.
Badaude gizaki batzuk liburuak hartu, orritan aletu eta banan bana eskaneatzen dituztenak. Liburu mutilazioak Erdi Aroko liburu-kopiagile bati besteko mina sortzen badizue, sentitzen dut hitzak hain gordin jarri izana. Gertatzen da, ordea, digitalizazioa azkar eta kantitateari soilik erreparatuta egiten denean, ezin dela erreparo etiko zein moralik izan. Adimen artifizialak dena ikusi behar du, dena sartu behar zaio biten nebulosan eta ezin da denborarik galdu.
Eta gero liburu hondarrekin zer? Badaezpada bota, erre, suntsitu edo itsaso-hondoan desagerrarazi, ez ote dituen konpetentziak bere tresna entrenatzeko erabiliko. Arazoa da ez konpetentziak ez beste inork ez duela inoiz liburu baten azken alea inoiz irakurriko berriz, iturria desagertu eta edukia milioika dimentsiotako espazioan disolbatu bada.
Puntu honetara helduta, ezin utzi dezaket konparatu gabe liburuen eta izaki bizidunen egoera. Munduan dauden izaki bizidunen ehuneko txiki bat baino ez omen dugu ezagutzen eta poza hartzen dugu katalogatuta ez genuen espezie bat aurkitzen dugunean. Gero, espeziearen populazioa ikertu, eta, behar izanez gero, babes neurriak ezartzen zaizkio egoera zaurgarrian badago, bere biziraupena bermatzen saiatzeko.
Agian liburuekin gauza bera egin beharko genuke, asko eta asko txikiak eta lehen begi-kolpean ezdeusak iruditu arren, ekosistema aberats baten parte direlako: autoreak (pentsatu nahi dut) beste batzuengandik irakurri zituen gogoetarako erabili zituen oinarriak eta liburua argitaratu zuen beste norbaiten gogoa zirikatzeko edo pizteko. Gainera, idazleek adimen artifiziala liburu sarituak idazteko erabiltzen duten garai honetan, aukera eman beharko diegu autore ahaztuei saritutako ideia horiek behinola haiek idatzi zituztela, ez da?
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta