Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Mahaiak

2026ko maiatzaren 19a - 05:30
pilar kaltzada gonzalez 106438(2)

Elkarrizketa batek, egiazkoa izateko, lekua behar du. Norbaiten aurrean eseri eta denbora batez gelditu, elkar hartu, elkar entzuteko, elkarrekin pentsatzeko. Giza-harremanen kategoria-piramidean, oso goian jartzen ditut nik gisa honetako elkarrizketak, gero eta gutxiago gertatzen direnak, bidenabar batez esanda. Izan ere, ikusten ez ditugun pertsonekin etengabe hitz egiten dugu —pantailak, audioak, mezuak, algoritmoak— eta, aldi berean, gero eta gutxiago mintzatzen gara parez pare ditugunekin. Hauxe da gure mundua, eta horregatik, mahaiak behar ditugu, zalantzak partekatzeko espazioak, desadostasunak lasaitasunez kudeatzeko tokiak, iritziz aldatzea porrot pertsonal bihurtzen ez duten elkarrizketak.

 

Bada, hori buruan nuela, txundituta geratu naiz Pekineko Txina–AEB goi-bileraren argazki ofizialari begira, ia hipnotizatuta. Urreizunez betetako areto handi bat non detailerik txikiena ere hierarkiak irudikatzeko diseinatuta dagoen. Azterketa politiko eta ekonomiko ia guztiek “hamarkadako goi-bilera” izan dela esan dute, baina niri kosta egin zait ikustea XXI. mendean gaudenik, ez baitago inongo arrastorik.

Aulki bakoitza, distantzia bakoitza, bandera bakoitza eta keinu bakoitza zehaztasunez koreografiatutako botere-antzezpenaren parte da. Eztabaidagaien artean, seguru nago, muga-zergak, mehatxu komertzialak edo tregoak zeuden, baina benetako mezu politikoa argazkiak berak eman digu: bi potentzia aurrez aurre, bi bloke elkar neurtzen.

 

Eta mahaiaren inguruan, gizonak. Soilik gizonak. Ordezkatzen omen duten munduaren erdiak ahotsik ez. Ezta, adibidez, pertsona beltzik edo aniztasun-zipitzik ere ez. Denak gizonak, denak igualak, boterearen araua apur zezakeen inongo disidentziarik ez.

AEBak ez dira Washingtongo gizon boteretsu horiek bakarrik, eta Txina ez da Xi Jinpingen inguruko aurpegi serio eta zurrunen multzo hutsa. Eta, hala ere, botereak bere burua erakutsi behar duela ulertzen duenean, halaxe egiten du, estetika zahar berberera jotzen du behin eta berriz: maskulinoa, homogeneoa, hiperaberatsa. Teknologiak aldatzen dira, diskurtsoak berritzen dira, tentsio geopolitikoak mugitu egiten dira, baina agintearen irudiak hor jarraitzen du, mugiezin. Argazkiek diskurtsoen egia neurtzeko balio dute, kotoiaren froga da.

Munduko herriak gero eta anitzagoak dira, gero eta konplexuagoak eta elkarren mendekoagoak, baina boterearen irudia gero eta estuagoa da. Mundua pluralagoa bihurtzen ari den bitartean, botereak bere horretan jarraitzen du.

Argazki horren aurrean, gainera, identifikazio aspirazionala sortzen da. Lagunen artean aipatu dudanean kontu hau, gizon batzuen erreakzioak pentsarazi dit botere-zirkuituetatik erabat kanpo dauden askok irudi horren aurrean sentitzen dutela nola edo hala ordezkatuta daudela, mahai horren parte balira bezala. Nola liteke? Askoz antz handiagoa dute aretoan kafea zerbitzatzen duen langilearekin milioika dolarreko ondareak dituzten buruzagiekin baino.

Bada, uste dut horretan datzala gaur egungo boterearen garaipen kultural handienetako bat: jende asko boterearekin emozionalki identifikatzen da, haren pribilegioetatik zeharo aparte bizi arren. Ondorioa? Botereak ez du gehiengoaren antza izan beharrik, nahikoa du gehiengoak haren antza izan nahi izatearekin.

Eta ez, kontua ez da estetika hutsaren analisia egitea. Argazki horretan agertzen diren pertsonek erabakitzen dute zer den lehentasuna, zein bizitza diren kontuan hartzeko modukoak eta zein sakrifizio onartuko diren merkataritza-gerrak, muga-zergak edo oreka geopolitiko berriak negoziatzen dituztenean.

Ez da nahikoa mahaira gonbidatua izatea, ez da nahikoa beste batzuek diseinatutako egitura batean aulkia edukitzea. Benetako erronka da menuan ere esku hartzeko aukera izatea: zer den arrakasta erabakitzea, zer elkarrizketa diren garrantzitsuak, zer arrisku onartuko ditugun eta nork ordainduko dituen erabaki horien ondorioak.

Erronka erabat berriak konpontzen saiatzen ari gara —krisi klimatikoa, desberdintasun globalak, ziurgabetasun teknologikoa, neke demokratikoa—, baina aurreko mendeko botere-kultura zaharrarekin.

Wisława Szymborskak idatzi zuen “ezer ez dela bi aldiz gertatzen”. Eta, hala ere, badira behin eta berriz errepikatzen tematzen diren eszena historikoak, kamera hobeekin, bandera berriekin eta dekoratu sofistikatuagoekin estalita bada ere. Agian horregatik egin zait horren bortitza gailurraren argazki hura. Ez da soilik nortzuk falta ziren, horretara ohituta gaude-eta, zoritxarrez. Gogorra egin zait ez dudalako nahi iraganaren igual-iguala den etorkizunik.