Marroia

2023ko uda amaitu da. Zinemetan bi filmen arteko leia izan da protagonista. Fenomenoari “Barbihaimer” deitu zaio, eta protagonismoa kendu die beste estreinaldi batzuei, niretzat askoz interesanteagoak. Horien artean, Filmin plataforman ikus daitekeen norvegiako serie bat nabarmendu nahi dut: Arkitekten. Osloko erdigunean etorkizun ez oso urrunean, etxebizitzaren prezioak izugarri egin du gora, baina guztiek espero duten kolapsoa ez da iritsi. Egoera ezaguna ezta? Ikustera animatzen zaituztet, umore beltza erabiliz eta minutu gutxiren buruan (oso laburra da) hainbat gai zirraragarri jorratzen baitira. Horien artean, eta spoilerrik egin gabe, eraldaketa digitala muturrera eraman duen gizarte batena, oinarrizko edozein tramitetarako adimen artifizialekin hitz egin behar baitute. Etorkizun horrek irabazleak eta galtzaileak ditu. Irabazleak, berrikuntzan oinarritutako produktuetan enplegu sofistikatua sortzen dutenak. Galtzaileak, zerbitzu tradizional batzuen balioa desagertzean enplegua galtzen dutenak. Hori ez da distopia; hori gainean daukagu.

Arkitekten kontatzen duen guztia Norvegiako estatu aberatsean gertatzen da. Estatu hori, guztiek bezala, hainbat eskualdek osatzen dute, eta guztiak oso berritzaileak dira EIS European Innovation Scoreboard delakoaren arabera. Berrikuntzaren adierazleen Europako analisi kuantitatiboak EBko estatu kideen, Europako beste herrialde batzuen eta eskualdeko bizilagunen ikerketa- eta berrikuntza-arloko errendimenduaren ebaluazio konparatiboa eskaintzen du. Herrialdeei beren berrikuntza-sistema nazionalen indarguneak eta ahulguneak ebaluatzen, eta aurre egin beharreko erronkak identifikatzen laguntzen die. 2023 berrikuntzaren adierazleen Europako taula 2023ko uztailaren 6an argitaratu zen. EISaren bidez, grafikoki ikus dezakegu Europako eskualde batzuek indar handiagoa dutela mundu honetan lehiatzeko, non subiranotasun zientifiko-teknologikoa eta abantailak sortzeko gaitasuna gure gizarteetan oparotasuna sortzeko giltzarri diren. Sinpleago: mapan zenbat eta marroiago ikusi, orduan eta aukera okerragoak. Zenbat eta berdeagoa, edo are urdinagoa, orduan eta hobeak.

2023ko EIS-a, erregioka | Iturria: EIS
2023ko EIS-a, erregioka | Iturria: EIS

Zer ikusten dugu Iberiar penintsulan? Dena marroia, hiru toki izan ezik: Madril, Katalunia eta Hego Euskal Herria. Madril berdez agertzea normala da, zientzia- eta ikerketa-erakundeen kontzentrazioa dela eta. Horri gehitu behar zaio enpresa handien egoitzen eta erabaki-zentroen kontzentrazioa (nahiz eta batzuek, hala nola Ferrovialek, beste bide bat hartu duten). Katalunia eta Hego Euskal Herria beste kasu bat dira, zientzia- eta berrikuntza-estrategia publiko eta pribatuekin lotuagoa, dozenaka urte daramatzatenak martxan. Zer ikusten dugu Europan? Alde handiak daude ekialdearen, mendebaldearen, iparraldearen eta hegoaldearen artean, baita estatuen barruan ere. Kasu askotan, ikerketa- eta berrikuntza-erakundeen arteko harremanak zuzenean eta eskualde mailan gertatzen dira, eta hor gerta daiteke gaur egun ditugun gaitasunak ez egotea gaur egungo erronken mailan. Horiek eramaten gaituzte Arkitektenek erakusten duen etorkizun hurbileko mundura. Elena Lakak uztailean Langile espainiarrak izatea artikuluan estatuko hizkuntzekin gertatzen den asimetriaz hitz egiten zuen bezala, ikerketarekin eta berrikuntzarekin lotutako eskumenen kasuan, behin eta berriro dugu estatuaz soilik hitz egiten duten tresna eta erakundeen hesia, eta ez dago aukerarik Hego Euskal Herria osatzen duten bi administrazioetako batek Europan bere ahotsa zuzenean izateko. Estatuarekin koordinatuta, ikerketa zientifiko eta teknikorako eskumenak ditugu, eta horiei esker, osasuntsu eta berde gaude. Baina zer gertatzen da Europara joan behar dugunean? Erdiko marroitik joan behar dugula. Estatuak gauza bat esan, beste bat egin; horrela ez dago aurrera egiterik.

Oraindik ez dugu lortu duela ia mende erditik hona ditugun eskumen guztiak egia bihurtzea, eta hurrengo mende erdian etorriko direnei aurre egiteko eskumen kritiko batzuk falta zaizkigu. Elena Lakak zihoen moduan, “estatuak enpresari ahalguztidunaren pare jokatzen du”. Hau marroia hau.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK