Izenburuko bi hitz horiek irakurtzen edo entzuten ditudan bakoitzean ogi masa handi bat irudikatzen dut, ama orea oinarri duena, eguzki beteko egun batean denbora gehiegi utzi eta sumendi baten erupzioa errepresentatzear. Hartzidura prozesua, alegia.
Ikerkuntza eta teknologiaren eremuan hitzetik hortzera erabiltzen dugu esamoldea, gastatuegi ere bihurtzeko arriskuarekin. Baina etor nadin esamoldearen atzean dagoena defendatzera, izan ere, ikerkuntza eta teknologiaren ondorioak esanguratsuak izan daitezen, erreminta behar-beharrezkoa da.
Ahalegin isolatuetatik abiatutako berrikuntzak gutxitan sortuko du eragin ekonomiko nabarmena. Aldiz, errazagoa izango da lankidetza eraginkorreko eskemetan eta masa kritikoa sortzea lehenetsia den I+G espazioetan ezagutza erabilgarri egitea, eta transferentziaren bidez inpaktua lortzea.
Eta jakina da eskola edo unibertsitate garaiko talde lanetako sistemak ez duela funtzionatzen. Alegia, kontua ez da bakoitzak bere zatia egin eta hala moduzko collage bat sortzea ondoren nota txukun bat lortzeko. Denen artean eraikitzeak ekartzen du jokoaren errenta. Esan nahi baita: kolaborazio efektiboa behar dugu, gobernantza argi bat izango duena, aldeen interesak lerrokatuta eta helburu konpartitu batzuekin. Eta horretarako nahitaezkoa da erakunde eta lurraldeen espezializazioa lortzea, baita desberdinen arteko osagarritasuna ere.
Hiru arlo nabarmenduko nituzke. Lehena, pertsonen masa kritikoa: ikerketa taldeak aski handi eta askotarikoak behar dute izan aurrerapen disruptiboen aukerak handitzeko. Bigarrena, baliabideen masa kritikoa, azpiegitura aurreratuak eskuratzeko eta finantzaketa egonkorra izateko. Hirugarrena, interakziozko masa kritikoa, alegia, baliabide eta ikerketa taldeen dentsitate nahikoa lortzea haien arteko harremanek eta talkek ezagutza mugitzeko.
Denok oso presente dugun adibide bat da COVID-19aren aurkako txertoaren garapenarena. Garapena ez zen izan aurkikuntza isolatu baten edo eragile bakar baten emaitza, baizik eta hamarkadetako oinarrizko ikerketaren konbergentziarena. Txertoa denontzat eskuragarri egitea, berriz, plataforma teknologiko helduak izatean, finantzaketa publiko masiboan eta gaitasun industrialean oinarritu zen. Ezagutza zientifikotik produktu komertzialera pasatzeko aurrekaririk gabeko azkartasuna izan zen, baina masa kritikoaren muga pasata genuelako lortu zen.
Eskala oso ezberdinean, baina logika ekonomiko antzekoarekin, uler daiteke AFM klusterrean integratutako makina-erremintako enpresen arrakasta esportatzailea. Enpresa bakoitzaren jardun fina ez litzakete nahikoa lortzen diren emaitzetara iristeko: AFMren arabera, 2024an sektoreak fakturazio errekorra lortu zuen (2.323,5 milioi euro), eta ekoizpena (+7,7%) eta esportazioak (+8,5%) ere hazi egin ziren. Euskal I+Garen ezagutza partekatuak, espezializazio osagarriak eta denbora jarraitutasunak aukera eman dute berrikuntza teknologikoa balio erantsi handiko eta arrakasta esportatzaile handiko produktu bihurtzeko. Masa kritikoaren langa gainditzeak parada eman du errendimendu gero eta handiagoa eta errepikatzeko zailak diren lehia-abantailak sortzen dituen sistema bat lortzeko.
Eta hori guztia ez da lortzen bide-orri egoki bat ez badago idatzia. Politika publikoen aldetik laguntzen fragmentazioa ekidin behar da eta apustu estrategikoak egin eskala nahikoa duten eragin guneetan. Enpresa, eta ikerkuntza eta teknologia eragileen arteko zubiak indartu behar dira, eta aliantza egonkor eta sakonak bultzatu. Eta, noski, sistema bere osotasunean izan behar dugu kontutan, hasi adierazle zientifikoenetatik (artikuluak, patenteak) inpaktukoetarainokoak, sortutako enpresa berriak, inpaktu soziala eta produktibitatea, kasu.
Noa berriro ere lehen ideiara dena hobeto uler dadin. Ikerlariak legamia dira, baliabideak eta azpiegiturak, berriz, hazkuntza ingurunea, irina eta ura batez ere. Erreakzio biokimikoak eragile arteko harremanak dira, ezagutza baliotsu bihurtzen duten transformazioa. Pertsonen masa kritikorik, finantzaketarik eta harremanik gabe, berrikuntzak ez du “hartzitzen”; proiektuak diluitu egiten dira, ikaskuntzak ez dira metatzen eta eragin ekonomikoa marjinala da. Muga hori gainditzen denean soilik sartzen da sistema dinamika jasangarrian, eta errendimenduak linealak izan beharrean, merkatura transferitzea ondorio natural bihurtzen da, ez helburu behartu bat.
Masa kritikorik gabeko I+Ga legamia gabe ogia egiten hastea da: teknikoki gerta daiteke, baina ekonomikoki ez du zentzurik.