Minbizi bat norberarena

Minbizi diagnostiko bati aurre egin behar dion pertsona orok, gaitzak dakarzkion norbere bizitzaren erroen lurrikarari ahal duen moduan eusteaz gain, inguruari, baita lan inguruari ere, nola eta zer komunikatu erabakitzeko atazari ekin behar dio. Minbizia jasaten duten pertsona adina dira norberaren minbizia komunikatzeko moduak. Badira inori ezer esan nahi ez diotenak, diskrezioa, beldurra edo auskalo zer jomuga, gaitza ezkutatzen dutenak harik eta gaixotasunaren adierazleak halabeharrez ageriko egiten direnean ere. Badira gaixotasuna sare sozialen lau haizeetara zabaldu dutenak, euskal blogosfera eta txiosfera horren adibide. Ezagutu ditut medikuaren kontsultatik atera eta gertuko lagun eta lankideei, banan-banan, telefonoz albistea eman dionik. Minbizia norberarena da, eta norberak kudeatu behar du, baita komunikazioa ere, borondateak, senak ala gogoak agintzen dion eran, horixe besterik ez genuen behar.

Lan edo enpresa munduan minbizi bat komunikatzeak ertz gehiago ditu. Lan harremanei eta, askotan, harreman ekonomikoei eragin ahal dien faktore denez, lotu egiten zaio enpresaren eta langileen arteko komunikazioko estrategia orokorrari. Neurtu behar da albistea nola esan, gainerako langileengan zein eragin izango duen, bezeroek gaitzaren ondorioak jasango ote dituzten, bezeroek eta trafiko ekonomikoko gainerako eragileek konfiantza krisi bat sumatuko ote duten. Gogoratu, honen adibide, Steve Jobs Appleko buruak nola bidali zien email bat langile guztiei komunikatzen minbizia zeukala xehetasun guztiekin. Gogoan izan nola, urte batzuk beranduago burtsan alarma eragin zuen Jobs, osasun arazoak medio, denbora bat enpresatik kanpo egongo zela zioen albisteak.

Gaixotasuna ezaugarri indibiduala denez, norbere ingurua irauli egiten du, baina gizartean bizi garen neurrian dimentsio soziala ere badauka, eta norberaren lana, lanbidea edo enpresa ez dira laia horretatik kanpo geratzen. Arlo indibiduala eta profesionala gaitzaren pean kudeatzeak lan gutxi ez, eta hara non minbiziak enpresentzako beste jokaleku bat ere eskaintzan duen: greenwashinga azaltzen zuen hedabide honek, pinkwashinga ere praktika ezaguna da, minbizi mota bat, bularrekoa, marketin tresna gisa erabiltzea.

Gaitza, komunikazioa, enpresa eta marketina, hamaika gorabehera kontutan izatekoak, landu beharrekoak, protokoloak ezartzeak eta espazioak behar dituztenak. Baina sekula ahaztu gabe, edozein lan-eremuren gainetik, gaixotasuna norberarena dela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK