Nork kontziliatu

Ikusten da joan zen ostiralean Gipuzkoako Hitza hedabidean argitaratu zuten elkarrizketak atentzioa eman zuela. Ardura postuetan dauden lau emakumek. Ikastolen Elkarteko Nekane Artolak, Kontseiluko Idurre Eskisabelek, Berriako Amagoia Mujikak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Eider Mendozak azaltzen zuten beraiek zuzentzen dituzten arloetan nola bizi duten boterea eta ardura, eta emakumeak boterera iristeak nola ekarri dituen egiteko modu berriak eta lidergo berriak. Elkarrizketa hori izan zuen abiapuntu Pilar Kaltzada kideak hedabide honetan elkarrizketatuen arteko entzuteko modu berriaz eta lidergo aldaketaz hausnartzeko. Niri elkarrizketaren beste ertz batek eman zidan atentzioa: galderen artean, emakumea-ardurak-lana hirukoaren ostean, kontziliazioaz galdetu zieten lau zuzendari elkarrizketatuei, nola uztartu seme-alaben zaintza lanak eta arlo profesionaleko gidaritza.

Jakina, emakume profesionalei egiten zaien galdera, ez gizon profesionalei. Elkarrizketatuek adierazten zuten nola uztartzeak sarritan erru zama handia sortu zien, zama bat guraso gizonek bizi izan ez dutena. Identifikatzen dut lanean lagun daukazun erruaren zama, guraso txarraren izpiritua, ama ez-nahikoaren barruko burrunba, zeharo desagertzeko urte asko behar dituena, zehazki seme-alabek hazteko behar dituztenak bezain beste urte.

Eta pentsatzen hasita, ez daukat gogoan hurrengo hauteskundeetan Euskal Herriko enpresa handienetarikoaren zuzendari izateko beren burua aurkeztu duten hiru hautagai nagusiei, hirurak gizonak, kontziliazioaz galdetu dietenik. Edo bestela itxaron dezagun zenbat aldiz aterako dieten gaia hemendik apirila bukaerara arteko elkarrizketetan. Hirurak aitak dira, eta kasu honetan, barka egidazue, pertsonala inoiz baino politikoagoa da. Nola moldatuko dira eskakizun handiko lan bat eta seme-alaben zaintza bideratzeko? Zamarik izango ote dute?

Balirudike Jaurlaritza moduko enpresa handiaren gidari gorena izatea nekez ezkontzen dela kontziliatu beharra daukan guraso gazte batekin, nahiz eta gero, ardurapeko erakunde horretatik pentsatu nahi dut kontziliatzeko bideak ere jarriko direla. Kontziliazioak inporta du lan munduan, baina emakume aurpegia du. Eta emakume profesional mordoa dauzkagu lanean zamatuta.

Bistan da belaunaldi erreleboa etorri dela agintaritza gorenean eta horrek aldaketak ekarriko dituela. Hala ere, nabarmen geratu da belaunaldi honetan behintzat, herri hau oraindik ez dagoela gertu hiru alderdi nagusien hautagaiak kontziliazioa ezbaian izango ez duten hiru ama gazte izan daitezen, zama barik, beren burua aurkezterakoan denbora dutenean ama ere badirela adieraziko dutenak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK