Kultura-sektorean badago esaldi bat, ia edozein gehiegikeriari paparrean lazoa jartzeko balio duena: “Baina hau pasioz egiten da”. Ordu txikiak arte lanean? Pasioa. Asteburuan ere erantzuten? Pasioa. Aurrekontua estu-estu, ordainsaria lotsagarria eta eskertuta egon behar izatea? Pasioa. Hitz ederra da. Eta, agian, horregatik da hain arriskutsua.
Nik ere entzun dut mila aldiz. Eta ez kanpotik bakarrik; barrutik ere bai. Urte asko daramatzat komunikazioan eta marketinean, kultura eta sormenaren inguruan lanean, eta badakit zer den proiektu bati benetako konpromisoarekin heltzea. Baina badakit, halaber, pasioaren izenean muga guztiak lausotzen direnean zer gertatzen den: lana ez da gehiago lan gisa tratatzen. Eta hori ez da erromantikoa. Prekaritatea da.
Gainera, emakumeoi gehiago eskatzen zaigu entrega hori irribarrez egiteko. Profesional onak izan behar dugu, baina goxoak. Konprometituak, baina kexarik gabe. Malguak, baina sendoak. Eta, ahal bada, diruaz gehiegi hitz egin gabe, bestela badirudi proiektuan sinesten ez dugula. Gizon batek baldintzak jartzen dituenean profesionaltasuna omen da; emakume batek egiten duenean, interesatua dela iradokitzen da. Hor hasten da tranpa.
Horregatik, “hau bokazioa da” entzuten dudanean, gero eta gutxiago dut pazientziarik. Bai, bokazioa izan daiteke. Baina bokazioak ez ditu fakturak ordaintzen. Ez du atsedenik ordezkatzen. Ez du zaintza-lanen pisua arintzen. Eta ez du justifikatzen lanaldi amaigabea, prezio baxuegia edo etengabeko eskuragarritasuna. Pasioak ez luke inoiz izan behar lan baldintza duinen ordezkoa.
EmakumeEkinen sarri ageri da ideia bera: askok ez dute arazo pertsonal bat, baizik eta arazo sistemiko bat. Norbere buruari gehiago eskatzen diogu, bai, baina ez hutsetik. Inguruak erakutsi digulako gure balioa etengabe frogatu behar dugula, eta pasioa bihurtu dela hori estaltzeko hizkuntza onargarri bakarra.
Agian garaia da galdera deserosoa egiteko: zer puntutaraino ari gara gure pasioarekin gure prekaritatea zuritzen? Pasioa ederra da, bai. Baina norbaitek etekina ateratzen badio zure mugagabeko entregari, hori ez da bokazioaren garaipena. Negozio txarra da.