Ondoko etxean obrak egiten ari dira. Egunean 5-6 orduz ez naiz gai nire pentsamenduak entzuteko. Kontsolamendu bakarra dut datozen 50 urteetan obra gehiagorik ez dutela egingo pentsatzea. Zorionez, dena ez da kalterako, auzoko berriak oso atseginak dira eta artikulu hau idazteko beta eman didate. Izan ere, haiek, beste batzuek lehenago izan bezala, hoditeria nondik demontre pasatzen delako zalantza izan dute.
Etxean dena ondo dabilen bitartean ez gara hormez bestalde gertatzen denaz arduratzen. Ur garbia igotzen da gure txorrotetaraino eta ur zikina jaisten da. Ia magia balitz bezala, ura nahieran dugu eskura eta, literalki, ez dakigu zehazki nondik datorren. Hodietan zerbait gertatzen denean edo txorrota bat lekuz aldatu nahi denean, ordea, hormaren atzetik gertatzen dena irudikatzea dagokigu. Baliteke plano batzuk egotea nonbait gure bidea gidatzeko, baina nonbait hori zein den zaila izaten da jakiten askotan.
Imajinatzea besterik ez zaigu geratzen. Askotan aipatu dut adimen artifiziala oso ona dela datu batzuk emanda gizakiak ikusten ez dituen patroiak identifikatzen. Hoditeriaren bideak seinalatzen lagunduko ligukeen adimen artifizialik balego… Berez, badaude eta ondo arituko balira, agian egunean 3-4 orduz baino ez lukete zulatuko ondoko etxean.
Duela urte batzuk agertu ziren adimen artifizialean oinarritutako plano diseinatzaile automatikoak. Milaka plano baliatuta entrenatzen zituzten, inork inoiz imajinatu duen etxetik ere ikasi ahal izateko. Zure ametsetako etxearen deskribapena emanda, edozein eraikuntza enpresak eraiki zezakeen planoa sortzen omen zuten. Ez zen hala izan eta arrazoia gizakiok ikusten ez ditugun patroiak ikusi zituztela da.
Hain zuzen ere, diseinatzaile automatiko horiek ikusitako planoetan patroiak identifikatzen zituzten. Arazoa da patroi horiek ez direla kausalitatean oinarritzen, baizik eta elementuak batera gertatzean. Adibidez, logikak dio komun batek ur hotz sarrera bat eta ur zikinentzako isurbide bat izango dituela. Baina adimen artifizialak interpretatuko balu hodi horiek hormaz bestalde logela batean dagoen ohe batekin lotzen direla? Bai, oheen atzetik hodiak jarriko lituzke hurrengo proiektuetan.
Interneten bilaketa azkar bat eginda, adimen artifizialak lagunduta planoak sortzeko hainbat tresna dagoela ikusi dut. Batzuek krokis modukoak sortzen dituzte, beste batzuk haratago doaz eta plano profesionalen tankera hartzen duten irudiak sortzen laguntzen dute. Batean ere ez dut aurkitu hoditeria eta elektrizitate eskemak gehitzeko aukera, baina ez litzateke tresna interesgarria “etxe” zahar bat erosi eta asteburuetako zaharberritze prozesu autonomoan ari diren horientzat? Zenbat arinduko zen YouTuberako bideoak sortzeko lana!
Nire ikerketa lan hau, ordea, ezin osa nezake probarik egin gabe. ChatGPTri berari eskatu diot hiru logelako pisu baten planoa sortu ur hodien krokisa gehitzeko eta honakoa sortu dit:
Ez dakit, agian hobe da beste astebetez auzokoen zaratak jasatea.