Ez dut gogoratzen non eta noiz erosi nuen, baina armairuan topatu berri dut kamiseta zahar bat: “Ez dago B planik B planetarik ez dagoelako”. Makina bat aldiz jantzi dut urte askotan, eta nabari zaio, apur bat higatuta baitago eta letrak lausotuz joan baitira garbialdi bakoitzean. Leloa irakurri beharrik ez dut, buruz dakit eta. Nirea bezalako kamisetan ez ezik, pankartetan eta baita Nazio Batuen Erakundeko hitzaldi batean baino gehiagotan agertu izan da urtetan. Esaldi sinplea da eta horrexegatik, bertute nagusi bat du: ulertzen erraza da. Planeta hau hondatuz gero ez da besteren bat gure zain izango; ordezkorik ez dago bertara bizitzera joateko.
Bada, aste honetan jakin dut higadura hori ez dela garbigailuaren kontu hutsa. Kamisetaren erdia zaharkituta geratu da, mezuaren erdia iraungita dago.
Nazio Batuen Erakundeak bere azken txostenean aitortu du jada ezingo dugula saihestu Parisko Akordioan ezarritako 1,5 graduko berotze-muga gainditzea. Lanaren izenburua 'The Point of Return' da, baina hedabideetara berehala iritsi da 'B plan' gisa. Izen hori ez da txostenean ageri, baina ondo laburbiltzen du proposamena: adostutako helburua betetzerik ez dagoenez, berotzea 1,7-1,8 gradura muga dezagun, mendea amaitu aurretik berriro 1,5 gradutik behera jaisteko. Txostenak argi eta garbi dio: hori lortzeko probabilitatea %50 ingurukoa da. Horretarako, berotegi-efektuko gasen isuriak berehala eta nabarmen murriztu beharko dira, eta atmosferatik karbono kantitate itzelak erauzi, eta horretarako oraindik eskala horretan eraginkorrak izango ote diren ez dakigun teknologia erabili.
Ez da oso lasaigarria, egia esan, baina aitortu behar dut hasieran lasaitu egin ninduela. Izan ere, oso nekagarria da guztia ongi bideratu eta soluzionatuko dugula defenditu behar itsu eta inozo hori, bereziki horren argi geratu denean ez dela posible izango. Hemen behintzat, onartu egiten da berandu iritsi garela ezarritako helmugara. Gaitz-erdi. Lasaitasunak gutxi iraun zidan, ordea, berehala ohartu nintzelako egoera berriak ez digula gehiago itxaroteko baimenik ematen eta alderantziz, hamarkadetan saihestu dugun premiaz jardutea eskatzen digula. Atzerapena gertatu egin da dagoeneko, eta orain haren ondorioak nola kudeatu asmatu behar dugu.
Joan den astean, hemen bertan, “bihar erabakitzeko eskubidea” aldarrikatu nuen eta ez dut orain atzera egingo, zinez uste baitut batzuetan itxarotea zentzuzkoena dela. Kontua da, baina, albiste honek orduan kontuan hartu ez nuen zerbait jarri didala begien aurrean, alegia, denek ez dutela itxaroteko aukera bera.
Erabakia nondik hartzen den, hor dago koska. B plana duenak itxaron dezake atzerapen hori ez zaiolako horren garesti ateratzen. Erabakia hartu ez baina haren ondorioak pairatzen dituena, berriz, lehen egunetik hasten da itxaronaldiaren kostua ordaintzen.
Enpresa handi batek galerak onar ditzake denbora-tarte baten, estrategia berriari eutsi eta berriro hasi, baina enpresa txiki batek nekez gainditu ahal izango du lehen hutsegitea. Herrialdeekin antzeko zerbait gertatzen da, beste eskala batean: batzuek baliabide gehigarriak erabil ditzakete berotzearen ondorioetatik babesteko, baina beste batzuek azken uholdeek eragindako kalteak emendatzearekin konformatu behar dute, ezinbestean; eta badakite, gainera, beraiek ez direla izan arazoa sortzen gehien lagundu dutenak.
Hainbeste miresten dugun erresilientziak zerikusi handia du baldintza materialekin eta uste baino gutxiago jarrerarekin. Batzuetan, bigarren aldiz huts egin ahal izateko adina diru izatea besterik ez da; hori bezain sinplea. Badira beren B plana aukeratu ere ezin dutenak, beste batzuek diseinatutako planen baldintzetan bizitzera behartuta daudelako.
Erakundeetan ere sarri gertatzen da. Zuzendaritzak erabaki zail bat atzeratzen du eta eguneroko jardunari eusten diotenek egokitu behar izaten dute. Herrialde mailan ere gertatzen da: besteek hartutako erabakiek erabat baldintzatzen dute dena, eta erabaki historiko zein gaur-gaurkoak izan daitezke. Malgutasuna, egokitzeko gaitasuna eta, ahal dela, aldarte ona ere eskatzen zaie, berrasmatu beharra eta berrasmatzeko askatasuna izatea gauza bera balira bezala.
Norbaitek zerbait gerorako uztea proposatzen duen bakoitzean, galdera bera egiten diot neure buruari: nork erabaki du itxarotea eta nork ordainduko du bitartean? Ia inoiz ez da subjektu bera izaten.
Kamiseta armairuan daukat oraindik, gero eta zarpailago. Zaharkitu ez den erdiak gogorarazten dit B planetarik gabe jarraitzen dugula, hori ez da aldatu. Beste erdiak esaten dit B plana izatea ere pribilegioa dela. B planen ondorioekin bizitzera behartuta dauden askok ez zuten A planaren erabakietan parte hartzeko aukerarik ere izan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta