Kafe baten bueltan hasi ohi da dena. Ahots apaldu batekin, begirada lurrera iltzatuta, emakume ekintzaile batek bota ohi du galdera: “Noiz arte eutsi behar diot nire negozioari?”. Urteak daramatzat elkarrizketa hori entzuten, aldaera txikiekin, baina beti zama berarekin. Galdera horren atzean ez dago soilik negozio baten bideragarritasun ekonomikoa; horren atzean, emakume baten osasun mentala, denbora eta bizitza bera daude jokoan.
Esperientziak erakutsi dit emakumeoi gehiago kostatzen zaigula ateak ixteko erabakia hartzea. Zergatik? Gure proiektuak ez ditugulako lanbide soil gisa ikusten. Gure identitatearen luzapen bihurtzen dira, gure bigarren azala. Horietan isurtzen ditugu gure ametsak, balioak eta mundua aldatzeko grina. Eta horregatik, proiektuak arriskuan daudenean, gure burua sentitzen dugu arriskuan. Gizarteak inposatzen digun arrakastaren presioari, guk geuk sortutako lotura emozional sakona gehitzen diogu.
EmakumeEkinen babeslekuan, konfiantzazko giroan, sarri partekatzen dugu sentimendu hori: proiektu baten porrota gure porrot pertsonal gisa bizitzearen pisua. Baina behin eta berriz errepikatzen dugun ideia bat dago: negozio bat ixtea ez da porrota, ardurazko ekintza ausarta baizik. Zure burua, zure ongizatea eta zure etorkizuna lehenestea da. Proiektu batek ezin gaitu irentsi. Ezin da kartzela bihurtu.
Ikasi dut nire zeregina ez dela erantzun magikoak ematea, baizik eta ispilu izatea. Galdera bueltan botatzea: “Eta zuk, zer nahi duzu benetan? Non dago zure muga?”. Askotan, erabakia hartuta dago jada, barru-barruan, baina ahots ozenez esateko beldur gara, epaituak izateko beldur.
Horregatik, kafe mingots horren aurrean esertzen naizen bakoitzean, gauza bakarra daukat argi. Negozio bat ixtea ez da amore ematea; askatzea da. Ziklo bat ixtea, beste batzuk ireki ahal izateko. Amaiera hori ez da hutsunea, hazi berriak landatzeko lurra prestatzea baizik. Eta hori, dudarik gabe, ekintzaile baten erabakirik adoretsuena izan daiteke.