Uber eta Volkswagen elkarrekin garatzen ari diren robotaxi sistema argitaratu dute orain gutxi. Ez dira bakarrak, azeleragailua zapalduta dute fabrikante askok, eta berandu baino lehen, —AEBtan bi urteren buruan kalkulatzen da—, gure kaleetan ibiliko dira gidaririk gabeko ibilgailuak. Jende askok iraultza teknologikotzat dauka: segurtasuna, eraginkortasuna, autonomoa. Baina, zer dago promesa horien atzean? Ibilgailu autonomoek heriotza-tasa murriztuko al dute benetan?
Hori da haien salmenta-argudio nagusia. Gidariak desagertzeak —eta harekin batera giza hutsegitea— istripuak gutxituko lituzkeela. Hau da kontakizuna: gizakiok nekatzen gara, distraitzen gara, alkohola edo drogapean gidatzen dugu, eta, batzuetan, beste arrazoi nagusirik gabe, gaizki erabakitzen dugu. Algoritmoek, berriz, ez dute sentimendurik, ezta erreakzio motelik ere, eta honek istripu-tasa nabarmen jaitsiko duela diote askok.
Besteen narratiba oso bestelakoa da: teknologia bera ez da objektiboa, ezta demokratikoa ere. Enpresa erraldoiek garatzen dute, haien interes ekonomiko eta espazialen arabera. Uber eta Volkswagenen arteko akordioa horren adibide garbia da. Nola ziurtatu gizakiak baino ziurgarritasun handiagoa izango duten makinak garatzen ari direla inor bidean akatu gabe? Eta zerbitzua martxan bai, baina norentzat, non eta zertarako? Errentagarritasuna bermatuta dagoen tokietan, eta honelako ibilgailu bat erosteko gaitasuna duenarentzat. Kontrara, auto autonomoak aukera handia dira adinekoentzat, ezgaitasun fisikoren bat dutenentzat edo gidatzeko baimenik ez dutenentzat. Bereziki landa eremuetan, zerbitzu publikoen gabeziak direla eta, mugikortasun autonomoa askorentzat aukera bihur liteke.
Eta gero, lanaren auzia. Milioika pertsonak dute gidatzea diru-iturri: taxistak, kamioilariak, autobus-gidariak… iraultza sozial bat izan daiteke, eta trantsizio hori —hurrengo hamarkadan zehar iritsiko den trantsizioa izango delakoan nago— ez bada justua, zapalduenek ordainduko dute berriro. Gainera garraio publikoaren mehatxu ere izan litezke, hiriaren ikuspegitik ere mugikortasunaren soluzio bihurtzen badira, publikoa dena ordeztu eta trafikoa areagotuz. Ez al litzateke zentzuzkoa teknologia horren baliabideak garraio publiko eraginkor eta kolektiboagoan inbertitzea?
Uste dut hurrengo 5-10 urteetan ez dugula iraultza teknologiko garden eta ordenaturik ikusiko, gatazkatsua eta erregulazio-gerra berri bat abiaraziko duen eszenatoki bat baizik, ibilgailu autonomoak ez ditugu kale guztietan izango bat-batean, baina bai leku jakin batzuetan: AEBetako hiri nagusietan eta Europako erdigune batzuetan.
Dena den, auto autonomoek eragingo duten aldaketa handiena ez da mugikortasunean eta ibilgailuetan izango, azpian dagoen benetako aldaketa azpiegitura sozial, hirigintza eta ekonomiko bat baizik. Kotxe autonomoen hedapenak ez du etorkizun distopiko baten zientzia-fikziozko irudia marratuko soilik, dagoeneko martxan den prozesua bizkortu baizik: hiri erdiguneetan bizi direnentzako robotaxi merkeak, eta periferietarako garraio publikoaren gainbehera; gidarien lanpostuen desagerpen geldo baina ziurra; eta gobernantza publikoaren ahultzea, mugikortasuna eskubide publiko gisa ulertu beharrean, zerbitzu komertzial gisa areagotuko baita.