• IRITZIA
  • Super adimenak hala badio, hala izango da
Hizkuntzaren prozesamenduan doktoretza-ondoko ikertzailea HiTZ zentroan

Super adimenak hala badio, hala izango da

2026ko urriaren 8a - 05:30
Begoña Altuna

Beste hilabete bat igaro da eta adimen artifizialak ez du hondamendia ekarri. Poztekoa da, ezen luzapen honek adimen artifizialaren inguruan gauza asko gertatzeko aukera eman baitu.

 

Hasteko, goizero 7etan hartzen dudan autobusean tipa berri bat hasi da etortzen. Ordu bertsuan heltzen gara eta ilara bere atzean egiten dut maiz. Ez nioke jaramonik egingo ez balitz ChatGPTrekin elkarrizketa luze-luzeak izango ez balitu egunero. Badirudi gainera aurretik ere badatorrela elkarrizketa. Autobusean ere elkarrizketak jarraitu egiten du. Esnatu eta egun on esaten dio ChatGPTri? Zer esaten dio? Bikote dira? Zer erantzunen bila dabil?

Bigarrenik, Sevillako bikote bat topatu dut. Dirudienez, ChatGPTk esan zien urriaren 3rako ez zela Gaztelugatxerako sarrerarik aurretiaz erreserbatu behar. Behar zen. Galdetu nienean ea zergatik ez zuten webgune ofiziala bisitatu, auto baten argiek izututako orkatzak bezala begiratu zidaten. 

 

Hirugarrenik, Donald Trumpen gobernuak america.gov elkarrizketa-agentea plazaratu du. Super adimena omen, eta Googlen Gemini eta xAIren Grok konbinatuta iturri ofizialetatik baino ez du informazioa hartzen. Probatu dutenek, ordea, ikusi dute ez dela gai informazio kontrajarria aurkitzean indarrean dagoena aukeratzeko. Super adimena ez bada horretarako gai, gu izaki sinple eta zozook zer egin behar dugu? Edo agian, super adimenaren super hori handi datorkio.

Laugarrenik, super adimenaren kontu horri heldu behar diogula iruditzen zait. Benetan harrituta nago Trumpek ez diolako “Amerika adimena” izena eman, baina tira. Gizakiak inoiz izango ez dituen gaitasunak ditu super adimenak eta berau landu eta zaintzeko Trumpek AEBetako enpresa teknologiko handienekin hitzarmena sinatu du. Txinaren aurkako gerra teknologikoa irabazteko helburua du hitzarmen horrek, ni ez naiz estrategia horren eragina ulertzeko adina adimentsua, ordea.

Banaiz, bestela ere, hilabete honetan gertatutakoetatik irakaspen bat edo beste ateratzeko: egiak bere balio soziala galdu du pertsona batzuentzat. Iruditzen zait jasotako informazioaren aurrean kritiko agertzeari dagokionez amore eman duela jendartearen parte batek. Akabo filosofia, ez egia bilatzen duten filosofo gehiagorik ez delako jaioko, baizik eta inguruan inor ez delako haiei entzuteko prest egongo. Ordurako, adimen artifizialak gizartearen hondamena ekartzen badu, gaitz erdi. Sinadura polit bat entseatzearen garrantzia ere ikasi dut, Trumpenaren ondoan, bestela, nahiko zatar gera daiteke.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain