Superapparen arriskua

Orain dozena bat aste atzera WhatsApp superapp bat bilakatzeko bidean zela aipatu genuen. Txinan oso erabilia —eta bizitzeko ia derrigorrezkoa— den WeChat apliazioaren estrategia bera hartu nahian zebilela ohartarazi genuen zutabe honetan bertan. Txata, erosketak, ordainketak, sare soziala, tramite legalak… plataforma berean eskainiko duen aplikazio zentralizatu bat bilakatu nahian dabil aspaldian, eta oraingoan beste pauso bat eman du bide horretan.

Stripek, finantza-azpiegitura plataforma ezagunak, Meta enpresaren WhatsApp aplikazioarekin hitzartu berri duen lankidetza iragarri zuen aurreko astean. Horri esker, Singapurreko enpresek zuzenean onartu ahal izango dituzte ordainketak WhatsAppen txatetan. Webgune batera joan, beste aplikazio bat ireki edo aurrez aurre ordaindu beharrean, WhatsApp bidez egingo dituzte ordainketa eta erosketa guztiak. Onartutako ordainketa-metodoen artean, kreditu-txartelak eta Singapurren ohiko ordaintze-sistema den PayNow. Gaurtik aurrera Singapurreko herritarrek WhatsAppeko mezu gutxi batzuetan ordaindu ahal izango dute bertako denda edo merkatuetan. Stephane Kasriel Meta enpresako Fintecheko zuzendariaren hitzetan, “pitzadurarik gabeko eta segurtasun handiko esperientzia horrek Singapurreko pertsonak eta enpresak WhatsApp bidez lotzeko modua aldatuko du”.

Mark Zuckerbergek 2.000 milioi erabiltzaileen datubasea erabiltzen hasi nahi du hainbat eskualdetan ordainketa-zerbitzuak emateko. WhatsApp beti posizionatu da debaldeko txat aplikazio gisa, eta harpidetza-kuotarik edo iragarkirik ez duenez, marquee metodoa erabiliz negozio-eskaintzak txertatu eta dirua irabazten hasi da. Datorren hilabetetik aurrera ere, bere negozio-ereduaren oinarria zen jakinarazpen kantitatean oinarritutako prezio-sistema elkarrizketan oinarritutako prezio-egituran bilakatuko da, bere business zerbitzua erabiltzera bultzatzeko.

Oraindik ohituta ez bagaude ere, eta aipaturiko berri horiek oraingoz Singapurren aplikatuko diren arren, aro berri baten hasiera markatzen ari da Meta enpresa erraldoia. Stripe eta txat aplikazioaren arteko elkarlan hori herrialde askotako erosketa sistema eta kultura eraldatzera dator. Oraingoz negozio eta bezeroen arteko hartu-emana denean (B2C), laister pertsonen arteko ordainketak ere inplementatuko dituzte (P2P). Horrek gure ordainketa guztien informazioa Metari eskaintzea dakar, eta horrek Metak bere banketxe propioa sortzera eraman dezake, Applek egin duen bezalaxe.

Urteetan debaldekoa izan den aplikazioa errentagarri bihurtzeko asmotan da Meta. Inteligentzia artifizialak titular guztiak hartzen dituen momentu honetan,pauso  txiki eta zehatzak ematen ari da Meta, eta gutxien espero dugunean —eta lobby asko egin beharko duen arren— Europako merkatuko sukalderaino sartuko da. Dagoeneko WhatsApp Business delakoa martxan dago hemen, eta oraingoz txata bada ere, laister izango dugu bertatik ordainketak egiteko aukera ere. Erraza eta debaldekoa dena, ez da beti dirudiena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK