Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Tamagotchiak poltsikora

2026ko urriaren 12a - 05:30
IMG 0131

Gure belaunaldiko askok izan genuen tamagotchi bat haurtzaroan. Arrautza itxurako jostailu txiki bat zen, pixelezko maskota bat zuena pantailan: jaten eman, garbitu eta lotara eraman behar genuen, eta ahaztuz gero, hil egiten zen. Guk zaintzen genuen hura.

 

Hogei urte geroago, tamagotchia itzuli da, baina zaintzaren jolasa izan beharrean, oso bestelako helburuarekin. Irailaren 23an, Metaren ekitaldian, Muse Charm aurkeztu zuten: giltzetatik zintzilikatzeko gailu txiki bat, pantaila eta Jolly izeneko abatar animatu bat duena, Muse agente pertsonalarekin hitz egiteko. Hatzarekin sentsorea ukitu, eta entzuten hasten da. 5G konexio propioa du, eta hainbat hedabidek diotenez, kamera ere bai. Abenduan, gabonetarako iritsiko da AEBra.

Sei egun geroago, OpenAIk dots aurkeztu zuen: panpin itxurako agentea, “gorputzik gabekoa”, baina inoiz itzaltzen ez dena, hodeiko ordenagailu propioarekin, 4.000 aplikaziotik gorako sarbidearekin eta gure ohiturak ikasteko gaitasuna duena. 

 

Ordenagailua, mugikorra, erlojua… eta orain hau. Asmatu duten gailu bakoitzarekin, sentsorea gure bizitzatik hurbilago jarri dugu. Ordenagailuak bazekien zer idazten genuen; mugikorrak, non geunden; erlojuak, bihotzak; eta Tamagotchi berriak zer ikusten eta entzuten dugun jakin nahi du, eta noski, gure izenean jardun: posta bidali, erosketak egin, mahaia erreserbatu. Jada ez dira tresnak; gu ordeztuko gaituzten agenteak dira.

Normala izango al da halako bat gainean eramatea hurrengo bi urteetan? Badirudi baietz. Mugikorra ere ez zen normala 2005ean. Norberaren audioa entzungo balu, tira, baina Charm daramanak ez du berea bakarrik partekatzen: inguruan dauden guztiak ere kamara eta mikrofono bidez ere zelatatzen ditu. Hemen ere eredu ezaguna errepikatzen da: egunerokoa pribatizatu egiten da —erosotasuna eskaintzen zaio erabiltzaileari datuen truke— eta kostua sozializatu. Inork ez digu baimenik eskatuko kamera baten aurrean egoteko. Egun Ray-Ban betaurrekoekin gertatzen ari den bezala.

Tamagotchia haurrentzako jostailua zen, eta Charmaren estetikak ere, biribila eta goxoa, haur batena dirudi. OpenAIk, ordea, 18 urtetik beherakoei ukatu egin die dotsen sarbidea; Metak, oraingoz, ez du xehetasunik eman bere gailuaren adin-mugari buruz. Gogoan izan behar da Meta bera WhatsApp eta Instagram aldatzera behartu dutela, nerabeengan sare sozialek eragindako mendekotasunagatiko epaiketa baten ondoren. Pantailekin hogei urtez egindako akatsak errepikatu nahi ez baditugu, oraingoan ez genuke kaltea gertatu arte itxaron behar araudia idazteko.

Lantokian, berriz, dotsek bestelakoak kontatu ditu. OpenAIk berak aitortu du barne-probak egin dituela erosketetan, fakturazioan, posta bidezko marketinean, bezeroarentzako arretan eta kontratazio komertzialean, eta erakundeetan ardura zehatzak hartuko dituzten “dot espezialistak” irudikatzen ditu. Langile digitalak, alegia: gelditu gabe lan egiten dutenak, oporrik eta soldatarik gabekoak. Dot hauek lanpostu asko ordezteaz gain, egun langilearen ordenagailura konektatu eta haren lan egiteko modua ikasten dute. 

Alternatiba publiko eta irekia sustatu beharrean gaude orain. Hitzek Latxa bezalako euskarazko ereduak eraiki baditu, euskal enpresek, unibertsitateekin batera, gailuan bertan prozesatzen den eta daturik kanpora bidaltzen ez duen laguntzaile bat garatu beharko lukete, euskaraz eta gure arauen arabera. Bi urteren buruan agenteak poltsikoan izango ditugu; kontua da norenak izango diren tamagotchi polit eta atsegin horiek.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain