Hollywooden hautsak harrotzea lortu duen aktore berri bat dugu gure artean.
Berez ez da Tilly Hollywood, Tilly Norwood da eta ziurrenik zuetariko askori bere izenak ez dizue ezer esango, baina baliteke azken asteetan entzun izana adimen artifizialaren bidez sortutako aktore batek zinemaren industrian zeresan handia eman duela. Hezur-haragizko aktoreek beldurrez hartu dute Tillyren agerpena: baliteke cache nabarmen baxuagoa izatea eta zalantzarik gabe egunean 24 orduz lan egiteko prest dago. Gainera, orain arte kaleratu den guztia ikusi duenez, ez du arazorik izango erregistro guztietan aritu ahal izateko. Arrazoi horiengatik guztiengatik, hesiaren beste aldean, ekoizleek interesez hartu dute Tillyren agerpena.
Honako hau iritzi zutabea denez, nire iritzia adierazteko baliatuko dut. Ez dut uste Tilly eta enparauek kalitate nahikoa dutenik oraindik. Guztiz naturala ez den zerbait dute. Ez dakit begi handiegiak diren, gorputzaren proportzio optimoegiak diren edo mugimendu artifizialak diren. Laburbilduz, Tilly marrazki bizidun oso errealista baino ez da nire aburuz. Hala ere, ez diot giza aktoreek arduratu behar ez dutenik, inork ez baitie berriz deituko marrazki bizidunei ahotsa jartzeko ahots hori automatikoki sortu badaiteke.
Gainera, zutabea nola antolatu pentsatzen ari nintzen bitartean buruan galdera bakarra izan dut bueltaka: zergatik ez da orain arte horrelakorik erabili telebistako iragarkiak egiteko? Ez dira ekoizpen handiak eta ez dute beti aurpegi ezagunen beharrik. Agian kalitate kontua da eta, orain egiten ez badira ere, laster izango ditugu ikusgai Teleberria amaitu eta El Conquis hasi bitartean. Baietz Euskaltel izan bide berri hori esploratzen lehenetakoa…
Tillyrengana itzulita, nahiz eta ez dudan oraindik mehatxu bezala ikusten, gogoetarako abiapuntu paregabetzat dut aktorea. Zenbat gauza (on) ezingo diren egin teknologia berri horrekin! Agian ahaztu dituzue deep fakeak, pertsona baten aurpegia hartuta, edozein gauza egiten jartzen ziren bideo haiek, baina arrisku handiko eszenatan, eszena bereziki garestietan biki birtual batek aise egin zezakeen aktore fisikoaren lana. Lesio arrisku txikiagoa eta dirua aurreztea ez dira baztertzeko arrazoiak. Bikoizketa errealagoak ere sor daitezke ahoa eta soinua koordinatuta. Zinema euskaraz ikusteko behar genuen bultzada izan daiteke. Hildako aktoreak berpiztu daitezke. Muga fisikoak gaindituta, gidoilari ameslarienaren fantasia guztiak irudikatuko dituen pertsonaiak gauzatu daitezke. Inork egin nahi ez dituen paperetarako hautagaiak sortu daitezke. Hau da, era zintzoan erabilita, Tilly eta atzetik etorriko zaizkionak oso baliagarriak izango dira.
Niretzat benetako krisia helduko da adimen artifizialaren bidez sortutako aktore batek sariren bat irabaztean. Ez dakit espezie gisa Goya jo izanaren (kar, kar, kar, barkatu txistea) seinale nabarmenagorik beharko dugun espabilatzen hasteko.