Trumoi hotsak

ESADEko Operazio, Berrikuntza eta Data Science Zuzendaritza Saileko irakasle Xavier Ferrasek dioen bezala, kluster bat “lehendik dagoen errealitate ekonomikoa da, eta enpresa-masa kritiko batek osatzen du. Enpresa-masa horrek antzekotasunak ditu (faktore komunak), eta, horiei esker, elkarlana egin daiteke lehiakortasuna indartzeko”. EAEn asko dakigu kluster politikei buruz, eta urte asko daramatzagu 16 enpresa klusterretan eta dagokien Kluster Dinamizazio Erakundeetan antolaturik, euskal industria eta enpresa aurreratu gehienak biltzen dituztelarik. Epe ertain eta luzerako kluster moduan lan egitearen ondorioak oso positiboak dira, eta berrikuntza teknologikorako, nazioartekotzeko eta enpresa-berrikuntzarako dinamikak sortzen dira (adibidez, dimentsionamendua, konbergentzia, eredu berriak). Eraldaketa digitalari dagokionez, ez dira gutxi lehiakortasuna hobetzeko dinamikak sortzen dituzten klusterrak. GAIA klusterrean (EIKTak eta ezagutza aplikatua) enpresa-masa kritiko bat dugu, teknologia digitalei, ingeniaritzari eta eduki digitalei buruzko jarduera eta negozio-ereduak partekatzen dituena. Bertan batzen da gure herrialde txikirako kopuru garrantzitsuak dituen enpresa-taldea: 303 enpresa, 22.000 langiletik gora, 5.724 milioiko fakturazioa… Zenbaki ederrak. Eta ez da eraldaketa digitala ardatz duen kluster bakarra. Hor dugu adibidez AFM makina-erremintaren erakundea. Hura osatzen duten enpresak industria adimendua edo 4.0 industria izeneko teknologietan erreferente gisa kokatzeko azken urteotan urrats handiak egin  dituzte. Kluster gehiago aipa genitzake, zeinak beren enpresek eraldaketa digitaletik eratorritako negozioa duten ardatz, eta oraindik motz geratuko ginateke. Baina hazkunde egonkor eta lasaian gaude? Edo ekaitz eta ziurgabetasun egoeran?

Nire ustean, eta iritzi oso pertsonala da, urte batzuk daramatzagu ekaitz batean murgilduta, oraindik ere trumoitsua izango dena eta eraldaketa digitalak gure ekonomiara ekarriko duen balio erantsiaren zati handi bat ken dezakeena. Ez dezagun geure burua engainatu; negozioa mundu mailan gora eta gora doa, eta zerbitzu eta produktu digitalekiko gero eta menpekotasun handiagoa dute sektore guztiek. Negozio digitalaren sektorea bera hazten ari da: hodeiari lotutako negozioa %25 handituko da 2022an, eta hurrengo hiru urteetan, gutxienez, hazkunde jarraitua izango duela aurreikusi da. Negozioa teknologia digitalen arabera hazten ari den bitartean, baita teknologia-enpresen negozioa bera ere, gure klusterrak osatzen dituzten teknologia-enpresak eraldatzen hasi dira. Eta, nire ustez behintzat, Ferras irakasleak aipatzen duen faktore giltzarri hori galtzen hasi dira: faktore komunak, tokiko zuzendaritza-talde gisa, elkar ondo ezagutu eta lehiatu behar denean eta lankidetzan aritu behar denean eragiten dutenak.

Azken urteotan ikusi dugu euskal teknologiako zenbait enpresa jabez aldatzen hasi direla (Bilbomatika eta Ibermatica, esaterako). Normala da euskal enpresak munduko edozein bazterretako enpresek erostea, eta kasu desberdinak ditugu: sortzaileek erreleboa bilatzen dutenena, inbertsioa errentagarri bihurtu eta beste funts batera saldu nahi duen inbertsio-funtsa duten enpresak, beren merkatuan erreferentzia den enpresa handiago batean integratzen direnak, beren bezero-baseak erakartzen dituzten enpresak… Kasu bereziak aipatzekotan SPYRO donostiarraren erosketa dugu. Kasu horretan, Constellation Software izeneko enpresa kanadiarrak erositako enpresaren zuzendaritza taldea mantentzen du. Bestela esanda, erositako enpresa talde zabal baten barruan sartzen da, autonomia eta nortasuna bere horretan mantentzen duen eredu berezi batekin. Modu horretan Constellation Software enpresak 400 enpresa teknologiko ertain eta txiki baino gehiago erosi ditu munduan zehar, 4.000 milioi euroko fakturazioa lortuz. Eredu berezi honetan zuzendaritza eta estrategia lokala mantentzen da, enpresaren norabidea ona den bitartean, noski. Bitxia benetan.

Nolanahi ere, teknologia arloko euskal enpresak erosteko eragiketa batzuk ikusi ditugu, eta etorkizunean trumoi berriak entzuteko aukerak ugariak dira. Trumoi horiek, intentsitate eta abiadura batekin edo bestearekin, deslokalizatu egingo dituzte zuzendaritza-taldeak, gaur egun oraindik ere euskal klusterretan faktore komunak dituztenak eta euskal ekosistema digitala balio erantsi propioarekin garatzen duten horiek. Nolakoa izango da dinamika hori etorkizunean, zuzendaritza-taldeek gure lurraldea beste merkatu (txiki) bat balitz bezala kudeatzen dutenean?

Beste datu batzuk ere kontuan hartzekoak dira: Espainiako estatuan STEM ikasketetan hasitakoek %19 egin dute behera 2015etik 2020ra bitartean. Atzerriko enpresak bertako profesionalak zuzenean kontratatzen hasiak dira telelana egin dezaten, eta Erresuma Batuan edo Alemaniako merkatutan lanean diharduen software-garatzaile baten soldata-diferentziala batez beste %100 baino handiagoa da.

Gaur eguneko eta etorkizuneko lehiakortasunaren gaineko ekaitza da, bai enpresetako zuzendaritza-taldeen kokapenari dagokionez, bai langileen kontratuen kokapenari dagokionez. Ferras irakaslearen klusterraren definiziora itzuliz: masa kritikoak eta faktore komunak. Trumoi hotsak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK