Bizkaiko emakume ekintzaile eta enpresariei bere negozioan erabilgarriak izan dakizkiokeen tresna eta gogoetak plazaratzeko asmoz, INNPower jardunaldien zazpigarren edizioa ospatu berri dugu Bilbon. Enpresen hazkunde eredu eta esperientziak jarri ditugu mahai gainean. Baita enpresarekin batera ekintzailea bera hazteko beharra ere. Eta azken puntu honen ildotik, ekintzailearen hazkunde edo ahalduntzearen ildotik, alegia, EmakumeEkin elkartean sarritan aipatzen dugun kontzeptu bat ekarri nahi dut plazara: "txikipequeñismoa".
Ekintzaile izatea modan dago. Askatasuna dela kontatu digute, maite dugun hori egiteko aukera dela, baita kontziliatzeko modua ere. Hori guztia izan daiteke. Bai. Bidaia zirraragarria, hazkunde pertsonalerako bidea, ahots propioa landu eta hemen nago esateko (beste) modu bat.
Baina ekintzailetzak badu bere aurpegi iluna, eta horretaz ere hitz egin behar da, emakumeak narratiba xalo baten tranpan eror ez gaitezen. Emakumeok oraindik guretzat deserosoa eta desorekatua den testuinguru batean ekiten dugulako, adi behatu behar diogu ekintzailetzan aipatu nahi ez den horri: diruari eta honen atzean dagoenari.
EmakumeEkinen oso hitz argigarria erabiltzen dugu diruaz hitz egin behar denean gertatzen dena deskribatzeko: "txikipequeñismoa". Egiten duguna, ematen duguna edota balio duguna minimizatzeko ohitura kaltegarriari jarri diogu izen hori. Milaka aurpegi ditu fenomeno honek: "Hasi berria naizelako" edota "ez dakidalako ordainduko duten" bezalako pentsamenduak sortzen direnean prezio merkeak jartzeko joera, mingarrienetakoa da.
Hauek ez dira egoera isolatuak, gutxi batzuei gertatzen zaizkion kontuak. Lana eurotan baloratzeko zailtasuna ez da Maria, Ainhoa edo Rosaren arazoa, ez da bere izaera edo gaitasun partikularren ondorioa. Genero kontua da. Belaunaldiz belaunaldi zaintzera, besteak eustera, baliagarriak izatera —baina ez termino ekonomikoetan— bultzatu gaituen sistema batean jaio, hezi eta hazi gara. Ez enbarazu egiten ikasi dugu, ez nabarmentzen, ez anbiziorik izaten. Hori bai gauza itsusia. Honen guztiaren emaitza? Talentua, formakuntza eta konpromisoa dituzten emakumeak, baina beren lanaren balioa eurotan adierazteko zailtasunak dituztenak.
Oraindik orain, sistema bera da "txikipequeñismoa" elikatzen duena, eta horri eusten diona. Adibide adierazgarria da ekintzailetzan ematen den soldata arrakalaren inguruan daturik ez egotea. Ez da neurtzen, eta, hortaz, ez da agertzen. Neurtzen ez dena, existitzen ez balitz bezala hartzen da. Eta horixe da, hain zuzen, "txikipequeñismoa" bizi eta betikotzen duten mekanismoetako bat.
Hau guztia, gainera, ez da gaur-gaurkozko arazo bat soilik. Epe laburrean bizirautera kondenatzen gaituen logika honek ondorioak izango ditu etorkizunean ere. Ez badiogu buelta ematen orain, nola eutsiko diogu geure buruari hamar, hogei edo hogeita hamar urte barru? Nolakoa izango da gure erretiroa, gaur egun gure lanaren truke gutxi kobratzea “normala” bada?
Horregatik da garrantzitsua ez soilik sistema hau zalantzan jartzea, baizik eta gure artean hitz egitea. Partekatzea sentipenak, esperientziak eta ohartu gabe barneratu ditugun mezuak. Gure ekintzailetza prozesua, enpresari bezala egite dugun ibilbidea, genero ikuspegitik behatzen ikastea. Kontzientzia baita aldaketa abiarazteko lehen pausoa. Sarean esan diezaiogun "txikipequeñismoari" stop.