Orain bi asteburu (1979an) poliziak Gladys del Estal tiroz hil zuen, eta urteurrena ospatu da bere auzoan, Egian (Donostia). Bertan, lagunek eta nuklearren aurkako ekintzaileek Gladys omendu dute eta energia nuklearraren murriztea eskatu dute, besteak beste.
Irratian entzun nuen erreportaje zati batean zioten akaso energia nuklearra erabil zitekeela erregai fosilekiko menpekotasunetik aldentzeko, baina inoiz ez energia kontsumoa areagotzeko. Orduan, galdera bat hasi zitzaidan bueltaka buruan: zer pentsatuko luke Gladysek egungo informatikari buruz?
Gladys programatzailea zen, informatika ikasi zuen Donostian eta programatzaile lanetan ari zen hil zuten garai haietan. Momentu hartan, programazioa erregeletan oinarritzen zen nagusiki, eta, egungo ikuspuntutik, potentzia ñimiñoko ordenagailuak erabiltzen ziren; lanerako arreta handia behar zen eta giza akatsak garestiak izaten ziren. Hala eta guztiz ere, gauza handiak egiten ziren eta oraindik erabiltzen diren tresnak eta gailuak garatu ziren.
Egun, ordea, datu kantitate handietan oinarritutako konputazioa egiten da, datu asko baliatzen dira uneoro eta horrek konputazio gaitasun eta energia kontsumo handia eskatzen ditu. Eta bideo batean txakur sudur-belarriak jartzeko erabiltzen da askotan.
Gladys izango al zen konputazioaren kontsumo arduratsuaren aldeko borrokaren liderra? Arazoa erlatibizatzen saiatuko zen, bere kontraesanekin lehia eginez?
Ni apur bat Gladys idealizatu hori naiz askotan, baina urteak dira ez dudala oporretako bidaia paperezko mapa baten laguntzaz prestatu eta Googlen itzultzaile automatikoari erabilgarritasun handia aitortzen diot. Inoiz ChatGPT modukoei irudi bat sortzeko ere eskatu diet.
Datozen urteetan, berandu baino lehen, konputazioaren kontsumo arduratsua zer den zedarritzea eta praktika onak definitzea egokituko zaigu. Kasik inork ez du txorrota zabalik uzten hortzak garbitu bitartean eta gelako argiak itzaltzen ditugu bertan ez gaudenean (nire pisukideak salbu). Konputazio gaitasunari dagokionez ere ulertzen hasi beharko dugu txorrota ezin dugula etengabe zabalik izan, ezta?