112 ETEk parte hartzen dute jada BasquESG ekimenean

Eusko Jaurlaritzaren proiektuak 500 enpresara iristea du helburu 2026 amaierarako

Egitasmoaren aurkezpen ekitaldia azaroan | Argazkia: Spri
Egitasmoaren aurkezpen ekitaldia azaroan | Argazkia: Spri
2026eko martxoaren 20a - 10:50

Azaroan abiatu zen proiektuak aurreikuspenak gainditu ditu: Eusko Jaurlaritzak bultzatutako BasquESG ekimenak 112 euskal enpresa txiki eta ertain bildu ditu dagoeneko. Helburua da 2026. urtea amaitu baino lehen 500 enpresara heltzea.

 

Ekimenaren xede nagusia da ETEei ingurumen, gizarte eta gobernantza arloko irizpideak (ESG) beren kudeaketan txertatzen laguntzea, Europako jarraibideekin bat etor daitezen. Horretarako, enpresei informazio tresna bateratu bat eskaintzen zaie, merkatuan lehiakorrago izateko eta posizionamendu hobea lortzeko baliagarria.

Proiektuak indarra hartu du Europako Batzordearen LIFE programatik jasotako dirulaguntzari esker. Guztira 1,28 milioi euroko aurrekontua du egitasmoak, eta horietatik 768.153 euro Europako finantzaketatik datoz. Ihobe da proiektuaren buru, eta harekin batera ari dira Euskalit eta Certinalia, beste eragile batzuekin elkarlanean.

 

BasquESG 2030 Euskadiko Industria Planaren barruan kokatzen da, eta ekonomia lehiakorrago, erresilienteago eta jasangarriago bat sustatzea du helburu. Horretarako, enpresei tresna praktikoak, prestakuntza eta laguntza espezializatua eskaintzen zaizkie, etorkizuneko araudi, finantza eta balio kateetako eskakizunei aurrea hartzeko.

Parte hartzeko interesa dela eta, ekimenak sarrera irekia izango du aurrerantzean. Ihobek, idazkaritza tekniko gisa, izena emateko epea etengabe zabalik mantentzea erabaki du, ETEek edozein unetan programan sartzeko aukera izan dezaten.