
Ibilgailu zaharrak txatar bihurtzeko 600.000 euroko bi finantzaketa-lerro iragarri ditu Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak. Deialdi bakoitzera 300.000 euro bideratuko dira, bata pertsona partikularrei zuzenduta, eta bestea, aldiz, enpresei.
Hala, biztanleek dirulaguntza eskatu ahal izango dute hamar urte baino gehiagoko turismo (M1) edo furgoneta (N1) motako errekuntza-ibilgailuak baldin badituzte. Txatar bihurtutako ibilgailu bakoitzeko 1.000 euro jasoko dira. Laguntza bihartik aurrera (ekainaren 25) eskatu daiteke, baina kontuan izango dira 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako jarduketa guztiak.
Enpresei bideratutako dirulaguntzak bestelako xehetasunak ditu. Izan ere, jarduera ekonomikoa duten pertsona fisiko edo juridikoak honako ibilgailu hauek txatar bihurtzeagatik jaso dezakete dirulaguntza: hamar urte baino gehiago dituzten turismo (M1) edo furgoneta (N1) motako errekuntza-ibilgailuak, eta, bestalde, N2, N3, M2 edo M3 motako errekuntza-ibilgailuak, baldin eta Euro VI baino lehenagoko emisio-araudia aplikatzen bazaie. Ibilgailu motaren arabera, jasoko den diru kopurua aldatuko da, 1.000 eurotik hasita (M1 edo N1 ibilgailuen kasuan) 12.000 euroraino (M3 ibilgailuen kasuan). Dirulaguntza eskatzeko epeak berberak izango dira, eta, kasu honetan ere, atzeraeragina izango du.