
14,9 milioi eurorekin, Eusko Jaurlaritzak bihar abiatuko du Moves III 2025 programa. Dirulaguntzak helburu izango du ibilgailu elektriko eta hibridoak sustatzea; zehazki, 2.000 ibilgailu %100 elektriko jarri nahi dira martxan. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak azaldu ditu programaren xehetasunak.
Hala, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez, bihar aurkeztuko dira behin betikoz dirulaguntzak eskatzeko programaren nondik norakoak, baina ekainaren 25ean irekiko da epea ibilgailu elektrikoak erosteko laguntzak eskatzeko. 14,9 milioi horietatik, 8,4 milioi euro bideratuko dira hain zuzen horretara, ibilgailu elektrikoak erosteko laguntzetara; beste 6,5 milioi euroak ibilgailuak kargatzeko espazio berriak eraikitzeko erabiliko dira. Autoa erosten dutenek gehienez ere 7.000 euroko laguntza jasoko dute; karga puntuak ezartzeko dirulaguntzak, aldiz, gastu totalaren %70 bere gain hartu ahalko dute.
Biztanleentzako, enpresentzako ez bezala, dirulaguntzak atzeraeraginezko izaera izango du, kontuan hartuko baitira 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera erosi diren ibilgailu elektrikoak. Horrez gain, dirulaguntzak handiagoak izatera hel daitezke, bai taxilarien, baita 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan bizi diren biztanleen kasuan. Aldi berean, dirulaguntzaren zenbatekoa handiagoa izango da auto zaharra txatarrera botatzen den kasuetan, nahiz eta ez den derrigorrezkoa izango.
Jaurlaritzak, dirulaguntza aurkeztearekin batera, adierazi du garraioek sortzen dutela EAEn isurtzen diren berotegi-efektuko gasen emisioen %35. Horregatik, deskarbonizazioaren aldeko apustua indartu nahi izan duela gehitu du, eta, horretarako, ibilgailu elektrikoak “aliatu” gisa jo ditu.
Emisio gutxiagoko ibilgailuentzako dirulaguntza
Hala ere, Mikel Jauregik gogorarazi du ibilgailu elektriko eta hibridoez gain badaudela emisioak txikitzen laguntzen duten beste hainbat ibilgailu mota ere, eta gaineratu du horien erosketak sustatzea ere garrantzitsua dela. Hain zuzen, apirilaren 1ean jarri zen martxan Emisio gutxiagoko ibilgailuetan inbertsioak egiteko laguntza-programa.
Dirulaguntza horretan barne hartzen dira, besteak beste, emisio gutxiagoko auto zein furgonetak, gasolina, gasolioa edo petrolio gas likidotua erretzeko teknologiak dituzten ibilgailuak, baita beste zenbait teknologia uztartzen dituzten autoak ere. Programa honekin jada 600 espediente baino gehiago izapidetu dira
Moves III 2025 eta emisio gutxien ibilgailuentzako programa, ordea, ez dira bateragarriak, eta, hortaz, bata ala bestea aukeratzea ezinbestekoa da.