Enpresei bideratutako Trantsizio Berdea 2026 dirulaguntzaren hirugarren edizioa iragarri du gaur Bizkaiko Foru Aldundiak. Egitasmo honek hiru ardatz ditu: ingurumen-inpaktua neurtzea, inbertsio berdeak bultzatzea eta ingurumen-berrikuntzako zein ekonomia zirkularreko proiektuak laguntzea. Hori guztia gauzatzeko 2 milioi euroko zuzkidura du programak. Ainara Basurkok aurkeztu du dirulaguntzaren edizio berria, zeinak azpimarratu duen trantsizio berdea lehiakortasunerako aukera dela enpresentzat.
Dirulaguntzaren lehenengo ardatzak 400.000 euroko aurrekontua du, zeinak balioko duen, besteak beste, “enpresaren, produktuaren, zerbitzuaren edo ekitaldi baten karbono-aztarna kalkulatzen laguntzeko, bizi-zikloen azterketa egiteko edo ingurumen-inpaktuari buruzko datuak bilduko dituen softwarea ezartzeko". Laguntza lerro horren kasuan, gehienez 10.000 euro emango dira (gastuen %50, asko jota).
Bigarren lineak 1.150.000 euroko aurrekontua du, eta “inbertsio berdeetara bideratuta dago”. Hau da, autokontsumorako energia berriztagarria sortzeko, ekipamenduak berritzeko edo teknologia egokiagoak eskuratzeko laguntzak izango dira. Inbertsio berdeen kasuan dirulaguntza %50 edo %35era iritsiko da (balorazioaren arabera), gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izanik.
Azkenik, hirugarren lineak proiektuak laguntzeko balioko du, 450.000 euroko zuzkidurarekin. “Kasu horretan, ekonomia zirkularrarekin lerrokatutako ingurumen-hobekuntzako edo -berrikuntzako proiektuak babestuko dira, baldin eta balioa sortzeko prozesuei, produktuei edo zerbitzuei, edo enpresen negozio-ereduari eragiten badiete”, zehaztu du Foru Aldundiak. Eko-diseinuko jarduketak, produktuen bizi-amaierak optimizatzea edo emisioak murriztea dira adibideetako batzuk. Azken kasu horretan, proiektuak gehienez 120.000 eurorekin lagunduko dira.
Eskaera egiteko epea atzo ireki zen, maiatzaren 18an, eta 2026ko ekainaren 5eko 13:30ean amaituko da. Laguntza eskuratzeko konpainiek Bizkaian izan beharko dute egoitza fiskala, “baldin eta lurraldean gutxienez produkzio-zentro bat badute eta jarduera industrian, eraikuntzan, garraioan, industriarekin lotutako zerbitzuetan, turismoan edo handizkako merkataritzan garatzen badute”.