Enplegu berdea aztertzeko plataforma aurkeztu du Aclimak

Gaur egin duten enplegu berdeari buruzko topaketan adierazi dutenez, trantsizio klimatikoak 375 milioi lanpostu berri sortuko ditu

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2025eko abenduaren 4a - 13:15

Trantsizio klimatikoak 375 milioi lanpostu berri sor ditzake datorren urteetan, Munduko Baliabideen Institutuaren arabera. Lanaren etorkizuna baliteke guztiz bestelakoa izatea, eta “enplegu berdeak” gero eta indar handiagoa hartuko du.

 

Gai horren gainean hausnarketa sakona egin dute gaur Aclimak antolatutako enplegu berdearen I. topaketan. 150 parte hartzaile baino gehiago izan dira Euskalduna Jauregian, Mikel Torres lehendakariordea barne. Foroa hainbat helbururekin antolatu da: enplegu berdea sustatzea, “eragin soziala eta balio ekonomikoa duen aukera gisa”; sektoreko eragileen artean sarea indartzea; lankidetza profesionalerako networking guneak eskaintzea; eta “kalitatezko enplegua bultzatzeko eta ingurumen-sektorea indartzeko” espazioa izatea.

Torres lehendakariordeak nabarmendu du datozen urteetan gaur egun dauden tresnak indartuko direla eta produkzio-sarea egokituko dela, “aurreikusitako finantzaketari esker”. Gaineratu du Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela “garapen iraunkorreko eredu lehiakor eta sozialki inklusibo batekin”, non “enplegu berdea EAEren ardatz estrategiko gisa sendotzen den”. Aclimako presidente Xabier Cañok gogoratu du hiru eraldaketa aldi berean bizitzen ari garela: digitala, demografikoa eta ekologikoa. Ondorioz, Cañok argi esan du lan-merkatua sakonki eraldatzen ari dela, eta enplegu berdea “funtsezko motor” gisa definitu du.

 

Green Observatory

Topaketan iragarri dute behatoki berria izango dela “enplegu berdea aztertzeko eta prospektiba egiteko”. Tresna berriak datu eguneratuak eskainiko ditu, helburu izanik enpresen lehiakortasunarekin eta trantsizio ekologikoarekin bat datorren enplegua sustatzea.

Plataformak panel interaktiboa izango du estatistika eguneratuak kontsultatzeko: lan-eskaintzak, gehien eskatzen diren profilak, espezializazio-eremuak…

Baliabide berri horretaz gain, Aclima Talentek azken urteetan garatutako lau proiektu berritzaile aurkeztu ditu ekitaldian: Young Green Jobs, Green Good Jobs, Integra Green eta Green Jobs Sarea. Era batera ala bestera, proiektuok enplegu berdea sustatzea eta sektorean lankidetza indartzea izan dute helburu.

Torres gaur egindako topaketan | Argazkia: Irekia
Torres gaur egindako topaketan | Argazkia: Irekia