Itsasoa baliabide ekonomiko eta elikadura-iturri estrategikoa da Euskal Herriarentzat, baina haren etorkizuna ez dago soilik zenbat arrantzatzen denaren menpe, baizik eta baita noiz arrantzatzen denaren menpe ere. Ideia hori jarri du mahai gainean Estitxu Txurruka EHUko ikertzaileak, Bizkaiko Golkoko antxoaren populazioari buruz egindako azken ikerketan. Ondorio nagusiak zalantzan jartzen ditu ohiko kudeaketa-irizpide batzuk: antxoaren arrantza-denboraldia behar baino lehen irekitzeak kalte handiagoa eragin diezaioke populazioari ezarritako kuotek baino. Arrantzaren jasangarritasunaz, zientziaren ekarpenaz, klima-aldaketaren erronkez eta itsas baliabideen kudeaketa adimentsuago baten beharraz hitz egin du EnpresaBIDEAk berarekin.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Doktorego tesirako antxoaren inguruan lan egiteko proposamena jaso zenuen. Ikerketa-ibilbidean, zein izan da gehien harritu zaituen aurkikuntza?
Seguruenik, ikustea itsas ekosistemak zein sentikorrak diren baldintza txikien aurrean. Batzuetan tenperaturaren aldaketa txiki batek edo korronteen portaeran gertatzen den aldaketa batek ondorio handiak izan ditzake espezie baten ugalketan edo biziraupenean. Horrek erakusten du zenbateraino dagoen dena lotuta.
Zientzialaria izanik, zer du berezi Bizkaiko Golkoak ikerketa-eremu gisa?
Pribilegio handia da gure kostaldetik hain gertu itsaso zabaleko prozesuak aztertu ahal izatea. Bizkaiko Golkoko korronteak nahiko ondo ezagutzen ditugu, eta horrek aukera ematen digu denboran zehar gertatzen diren aldaketak jarraitzeko. Gainera, laborategi natural bikaina da klima-aldaketaren ondorioz uraren tenperaturan gertatzen ari diren aldaketak neurtzeko. Euskal kostaldetik golko osora doan eremua oso interesgarria da ikerketarako.
"Helburua ez da arrantza murriztea, baizik eta baliabideak hobeto kudeatzea"
Zure azken ikerketak arreta piztu du: zergatik izan daiteke arrantza-denboraldia goizegi irekitzea kuotak baino kaltegarriagoa?
Urte luzez arreta handia jarri da kuotetan, eta arrazoiz, populazioen biziraupena bermatzeko funtsezko tresna direlako. Baina antxoaren kasuan, eta beste hainbat arrain-espezietan ere bai, ugalketa-prozesuak lotura estua du uraren tenperaturarekin. Maila jakin batera iristen denean hasten dira arrautzak jartzen. Arrantza-denboraldia une horren aurretik irekitzen bada, ugaltzeko prest dauden ale heldu asko harrapa daitezke, eta horrek eragin zuzena du etorkizuneko belaunaldietan.
Zer gertatzen da biologikoki antxoa helduekin ugalketa hasi aurretik harrapatzen direnean?
Zuhaitz baten metafora erabil daiteke ulertzeko. Baso batean zuhaitz helduenak mozten baditugu haziak zabaldu aurretik, hurrengo urteetan basoa berritzeko gaitasuna murrizten dugu. Antxoekin antzeko zerbait gertatzen da: ugalketa egin aurretik harrapatzen baditugu, arrautza kopuru handia galtzen da, eta horrek zuzenean baldintzatzen du etorkizuneko populazioa.
"Gaur egun kuotak kalkulatzeko erabiltzen diren sistemek populazioaren tamaina eta ugalketa-potentziala hartzen dituzte kontuan, baina ez hainbeste arrantza egiteko unea"
Zergatik dira hain garrantzitsuak ale zaharrenak eta handienak populazioaren etorkizunerako?
Ale handienek eta zaharrenek arrautza gehiago ekoizten dituzte, eta askotan kalitate hobeko arrautzak ere bai. Horregatik dira hain baliotsuak populazioarentzat. Antxoak urtebeterekin sartzen dira arrantzak ustiatzen duen stockean, baina lehenengo aukera eman behar zaie ugaltzeko. Bestela, populazioaren berritze-gaitasuna ahuldu egiten da.
Arrantza-kuoten sistemak nahikoa kontuan hartzen al ditu espeziearen ziklo biologikoak?
Ez guztiz. Gaur egun kuotak kalkulatzeko erabiltzen diren sistemek populazioaren tamaina eta ugalketa-potentziala hartzen dituzte kontuan, baina ez hainbeste arrantza egiteko unea. Urtero bi kanpaina zientifiko nagusi egiten dira. Irailean, zenbat antxoa gazte dagoen aztertzen da, eta horren arabera kalkulatzen da hurrengo urtean zenbat heldu izango diren. Ondoren, udaberrian berriro egiten dira neurketak, arrautza kopurua ere kontuan hartuta. Eme ugaltzaileen kopuruaren kalkuluaren arabera erabakitzen da kuota mantendu edo aldatu. Baina aipatutako “noiz arrantzatu” aldagai horrek, ez du oraindik behar adinako pisurik.
Hortaz, arrantza-kudeaketak "zenbat" arrantzatu horri ematen dio garrantzia, eta ez hainbeste "noiz" arrantzaturi.
Bai, hala da. Kuotak kalkulatzeko erabiltzen diren ereduek oso ondo neurtzen dute zenbat arrain harrapa daitezkeen, baina litekeena da etorkizunean beste aldagai batzuk ere txertatu behar izatea. Adibidez, antxoaren kasuan oso garrantzitsua da lehen negua gainditzea. Biziraupen horrek baldintzatzen du hurrengo urteetan populazioaren bilakaera.
"Populazio osasuntsuagoa izateak egonkortasun handiagoa ematen dio sektoreari"
Zer eragin ekonomiko izan lezake sektorearentzat arrantza-denboraldia aste batzuk atzeratzeak?
Epe motzean moldaketak ekar ditzake, noski. Arrantzaleen jarduera eta enpresen plangintza egokitu beharko lirateke. Baina epe luzera populazio osasuntsuagoa izateak egonkortasun handiagoa ematen dio sektoreari. Helburua ez da arrantza murriztea, baizik eta baliabideak hobeto kudeatzea. Jasangarritasuna ez da ekonomiaren aurkakoa; alderantziz, ekonomiaren etorkizuna bermatzeko baldintza da.
Gai honen inguruko eztabaida mahai gainera ekarri du ikerketak.
Ez dakit oraindik eztabaida sozial edo sektorial handirik dagoen, baina ikerketek aurrera egin ahala gero eta datu gehiago ditugu. Azken urteetan pausoak eman dira zientziak eta arrantza-sektoreak elkarrekin lan egiteko. Izan ere, sektoreko langileek duten esperientziarekin bat eginda lortzen dira emaitzarik onenak.
Antxoaren kasua beste espezie batzuetara ere estrapolatu daiteke?
Bai. Sardinaren kasuan, adibidez, ugalketa-sasoia neguan gertatzen da. Gainera, garai horretan kostaldeko korronteek larbak eta gazteak itsaso zabalera eramateko joera dute, eta horrek hilkortasun-tasa handitu dezake. Beraz, espezie bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina logika bera aplika daiteke.
"Uraren tenperatura aldatzen denean, ugalketa-datak ere aldatu daitezke, eta horrek eragina du larben garapenean eta biziraupenean"
Klima-aldaketak nola eragiten dio antxoaren ugalketari eta portaerari?
Tenperatura da faktore nagusietako bat. Uraren tenperatura aldatzen denean, ugalketa-datak ere aldatu daitezke, eta horrek eragina du larben garapenean eta biziraupenean.
Itsasoko uraren tenperatura gero eta lehenago igotzen bada, kudeaketa-ereduak ere aldatu beharko dira?
Bai, zalantzarik gabe. Klima-aldaketa baldintzak aldatzen ari da. Aurtengo negua, esaterako, oso ekaiztsua izan da, eta muturreko fenomenoak gero eta ohikoagoak dira. Horrek esan nahi du orain arte erabilitako erreferentziak etengabe eguneratu beharko ditugula.
"Antxoa gazteak itsaso zabalerantz mugitu ahala, bizirauteko aukerak murriztu egiten dira"
Zer arrisku ikusten dituzu datozen hamarkadetan Bizkaiko Golkoko arrantzarentzat?
Orokorrean, tenperatura igotzen ari da, baina aldi berean, Bizkaiko Golkoko korronte nagusiak iparraldera mugitzen ari dira eta ikusi daiteke dinamika batzuk ahultzen ari direla. Horrek guztiak eragina du ekosisteman. Antxoa gazteek, adibidez, zailtasun handiagoak dituzte korronte indartsuei aurre egiteko, eta itsaso zabalerantz mugitu ahala, bizirauteko aukerak murriztu egiten dira.
Antxoaren ikerketa honetaz gain, Mikro-algen Euskal Bilduma ere kudeatzen duzu.
Bilduman 700 andui baino gehiago ditugu. Laborategiko ikerketetan erabiltzen diren alga-espezieak mantentzea, haztea eta ikertzaileen eskura jartzea da gure lana. Nolabait, mikro-algen “liburutegi” edo biltegi bat gara. Aplikazio ugari dituzte. Medikuntzan, esaterako, aztertzen ari dira propietate antitumoralak edo antifungikoak izan ditzaketen. Txertoen garapenean ere interes handia sortzen dute. Elikaduran, laborategiko animalien pentsuan erabilita, balio nutrizionala nabarmen hobetzen dutela frogatu da.
"Azken urteetan pausoak eman dira zientziak eta arrantza-sektoreak elkarrekin lan egiteko. Izan ere, sektoreko langileek duten esperientziarekin bat eginda lortzen dira emaitzarik onenak"
Beste erabilera batzuk ere badituzte?
Bai. Mikro-algek sortzen dute arnasten dugun oxigenoaren zati oso handia, gutxi gorabehera erdia. Munduko hainbat hiritan airea garbitzeko sistemetan erabiltzen hasi dira; Belgradon, adibidez, autobus-geltokietan mikro-algen instalazioak jarri dituzte horretarako. Gainera, elikaduran, ingurumen-teknologietan eta beste hainbat sektoretan aplikazioak ere badituzte.
Mikroalgetan oinarritutako negozio-aukerak ikusten ari al zarete Euskal Herrian?
Potentzial handia dago. Iraganean mikroalgetan oinarritutako enpresaren bat egon da, eta gaur egun ere badaude ekimen batzuk, unibertsitatearekin edo berrikuntza-zentroekin lotuta. Akuikulturarekin eta bioekonomiarekin lotutako aukerak ere gero eta gehiago ari dira agertzen. Elikaduran eta osasunean dago gaur egun potentzialik handiena, baina ingurumen-teknologietan ere aukera oso interesgarriak daude, airearen kalitatea hobetzeko edo bioekoizpen-prozesu jasangarriak garatzeko.