Gipuzkoaren eraldaketa ekosozialerako aliantzak

Kutxa Fundazioak 'Gipuzkoa Aliantzan 2025' ezohiko dirulaguntza deialdia aurkeztu du aste honetan. Eragileen arteko aliantzak sustatu nahi dituzte, lurraldeko gizarte erronkei aurre egiteko ekimenak babestu asmoz

Maiatzaren 29an, deialdiari buruzko informazio saioa egingo dute Tabakaleran | Argazkia: Kutxa Fundazioa
Maiatzaren 29an, deialdiari buruzko informazio saioa egingo dute Tabakaleran | Argazkia: Kutxa Fundazioa
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko maiatzaren 9a
Eg. 2025eko maiatzaren 9a

"Bidezkoagoa, ikasiagoa, sortzaileagoa eta jasangarriagoa" den Gipuzkoa nahi du Kutxa Fundazioak, eta errealitate lortzen laguntzeko “ezohiko” dirulaguntza programa iragarri du aste honetan. STEAM bokazioak sustatzea, ikaskuntzak eta gaitasunak aktibatzea eta ingurumen konpromisoa sendotzea helburu duten erakundeen arteko aliantzak bultzatu nahi ditu programak, aldi berean, bestelako ardatz estrategiko batzuk hauspotu nahi dituztelarik, hala nola, pentsamendu kritikoa, aniztasuna, berdintasuna eta feminismoa, jasangarritasuna, euskara eta ondare kulturala eta gobernantza irekia eta kolaboratiboa.

 

“Gipuzkoa Aliantzan 2025 deialdi bakarra izango da”, azaldu dio Kutxa Fundazioko Garbiñe Etxezarretak EnpresaBIDEAri. 2024ko ekainean, Gipuzkoa mugitu, Gipuzkoa sentituz lelopean, Kutxa Fundazioaren 2030 urtera arteko estrategiaren baitan kokatzen da deialdi hau. “Gipuzkoako eragile desberdinekin batera, proposamen sendo, holistiko eta eraldatzaileak bultzatu nahi ditugu, zuzkidura esanguratsu batekin”, gehitu du arduradunak.

Hiru milioi euro bideratuko dituzte dirulaguntza honetara, eta aurkeztutako aurrekontuaren %80 emango die proposamen onuradunei, gutxienez 500.000 euro proposamen bakoitzeko. Hori bai, proposamenak eragileen arteko aliantzan aurkeztu beharko dira derrigorrez, hau da, erakunde batek bakarrik ezingo du bere proiektua aurkeztu, beste entitateren batekin elkarlanean egin beharko du: “Indarrak batu behar ditugu. Gipuzkoako eraldaketa ekosozialean aktiboki parte hartu nahi dugu, besteak beste, bidezko trantsizio ekologikoan bizkortzen eta Gipuzkoan berdintasun murrizten”.

 

Garbiñe Etxezarreta: "Gipuzkoako eraldaketa ekosozialean aktiboki parte hartu nahi dugu, besteak beste, bidezko trantsizio ekologikoan bizkortzen eta Gipuzkoan berdintasun murrizten”

Izaera juridikoa duen edozein eragilek parte har dezake deialdian, administrazio publikoak izan ezik. Irabazi asmorik gabeko elkarte eta fundazioak, unibertsitateak, ikastetxeak, gizarte ekimeneko kooperatibak, ikerketa erakundeak, merkataritza sozietateak, eskualdeko garapen agentziak edota enpresa klusterrek aurkez ditzakete proposamenak. Aitzitik, entitate horiek euren arteko aliantzan autonomoak eta independenteak izan behar dute eta aliantzako kide bakar batek ezingo du gauzatu proposamenaren aurrekontu osoaren %60 baino gehiago. “Aliantzako entitate batek koordinatzaile rola hartuko du, eta hura izango da Kutxa Fundazioarekin harremanetan izango den bitartekari bakarra eta aliantzaren erantzule. Koordinatzaile honek irabazi asmorik gabekoa izan behar du”, zehaztu du Etxezarretak.

Halaber, proposamenak “proiektu-sorta” gisa egituratuta egin beharko dituzte. “Proiektu horiek elkar lotuta, elkar elikatu egiten dira. Deialdiaren azken helburuak konplexuak dira eta ezin zaie proiektu bakarrarekin erantzun. Tipologia askotakoak izan daitezke proiektuok, Etxezarretaren hitzetan: "prototipoak pilotatzekoak, ikerketa lanak, prestakuntza sentsibilizaziokoak, tresnak sortzekoak edo herritarren parte hartzea bultzatuko dute proiektuak..."

STEAM bokazioak, ikaskuntzen eta gaitasunen aktibazioa eta ingurumen konpromisoa indartzea

Arestian aipatutako hiru helburuetan (STEAM bokazioak sustatzea, ezagutzaren kulturaren bidez herritarren ikaskuntzak eta gaitasunak aktibatzea eta pertsonen eta erakundeen gizarte eta ingurumen konpromisoa indartzea) oinarritu beharko dira hautagaitzak: “Aurkezten diren proposamenek helburu bati, biri edo hirurei batera heldu ahal izango diete, eta modu integratu eta egituratuan planteatu beharko dira”, nabarmendu du deialdiaren arduradunak.

STEAM bokazioei dagokienez, herritarren interesa eta parte-hartze aktiboa piztuz, bereziki haurrena eta gazteena, ikaskuntza formalean zein ez-formaleko "ikaskuntza-aukera inklusiboak" sustatu nahi dituzte. Bigarren helburuarekin, zientzien inguruko "interesa, estimua eta jakin-mina" indartzen duten egitasmoak bilatuko dituzte, eta, azkenik, ingurumenaren gaineko konpromisoa bultzatzeko asmoz, 2030 Agendaren helburuak erdietsi nahi dituzte, besteak beste.

“Proposamen sendo, eskalagarri eta denboran iraunkorrak izan daitezkeenak nahi ditugu"

Gizarte-berrikuntzako proposamenak bultzatuz, Gipuzkoako gizarte-erronka garrantzitsuenei erantzungo dieten ekimenak babestu nahi dituzte. “Proposamen sendo, eskalagarri eta denboran iraunkorrak izan daitezkeenak” nahi dituzte. Deialdiaren aurrekontua agortu arte finantzatuko dira proposamenak, betiere Kutxa Fundazioak egokitzat jotzen duen kalitate maila gainditzen badute. Proposamenak garatzeko epea 36 hilabetekoa da.

Aliantzak errazteko saioa, maiatzaren 29an, Donostiako Tabakaleran

Proposamenak aurkezteko epea jada ireki da, eta irailaren 30eko 14:00ak arte egongo da zabalik.

Maiatzaren 29an informazio saioa eskainiko dute Donostian, Kutxa Fundazioa Kluba aretoan, Tabakalera eraikinean. Goizeko 9:30etatik 13:00etara izango da eta deialdiari buruzko xehetasunak eskaini eta zalantzak argitzeko aukera izango da. era berean, topaketa hau baliatu nahi da eragileen arteko aliantzak errazteko. “Erakundeen artean elkar ezagutzeko dinamikak egingo ditugu. Eragileak animatu nahi ditugu parte hartzeko”, azpimarratu du Etxezarretak.