Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile Josu Santos Larrazabalek eta Jorge Gutiérrez Goiriak ingurumen-inpaktua murrizteko zerbitzu enpresek egiten dituzten berrikuntzak aztertu dituzte. Horretarako, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) 2022ko Berrikuntza Inkestan oinarritu dira. Haien lana zerbitzuen sektorea, eko-berrikuntza eta kooperatiba aldagaiak zeharkatu dituen lehen ikerketa da.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zergatik egin duzue ikerketa hau?
Josu Santos (J.S.). Gaiaren gaineko hutsune handiago dagoelako. Izan ere, munduko datu-base bibliografiko eta literatura zientifiko nagusietan (Web of science eta Scopus) eko-berrikuntza eta zerbitzuen sektorea batzen dituen ikerketak urriak dira. Are gehiago, ikerketa horien artean gurea da zerbitzuak, eko-berrikuntza eta kooperatiba aldagaiak zeharkatzen dituen lehena.
Orokorrean oso gutxi ikertu da zerbitzu-sektorean. Europar Batasunean, zerbitzu-sektorea BPGaren eta enpleguaren %70 da. Euskal Autonomia Erkidegoan ere, datua aldatzen badoa ere, bi herenen bueltan dabil.
Eta, nahiz eta halako inpaktua eduki gure ekonomian, oso gutxi aztertu da zerbitzuen gainean.
Jorge Gutiérres (J.G). Bestalde, eko-berrikuntza kontzeptua ere nahiko berria da ikerketetan. Eustatek enpresen Berrikuntzako Inkestan orain sei urte, 2018an, egin zuen aldaketa terminologikoa eta eko-berrikuntza ardatz zituen galderak txertatu zituen nazioarteko aldaketa jarraituta. Gainera, eko-berrikuntza kontzeptua gehiago lotzen da industriarekin; ez, ordea, zerbitzuen sektorearekin. Eustaten inkestako datuek, aldiz, erakusten dute zerbitzuetan badaudela ingurumen onura duten neurriak. Zehazki, galdegindako 2.468 zerbitzu-establezimendutatik 895ek adierazi dute eko-berrikuntzaren bat lortu izana.
Guk, gainera, zerbitzu zein eko-berrikuntzak ez ezik, kooperatiben ekarpena zein den jakin nahi izan dugu. Izan ere, kooperatibek iraunkortasuna jasoa dute haien printzipioen artean, eta beraz, ondoriozta daiteke eremu horretan zerbait berezia egingo dutela. Berrikuntza Inkesta 2.468 zerbitzu-establezimenduk bete zuten; horietatik 154 kooperatibak dira. Horregatik, ohiko enpresa eta kooperatiben arteko alderaketa ere egin nahi izan dugu.
Jorge Gutiérrez: "Gu industria sektorean hasi ginen eko-berrikuntzak ikertzen. Noski, hor begi bistakoa da ekoizten diren gauzek duten efektua. Zerbitzuetan, aldiz, ez da hain nabarmena"
Zer dira eko-berrikuntzak eta nola neurtzen dira?
J.G.: Enpresetan dagoen kontzeptu bat da eta ingurumen onurak dakartzan berrikuntzak barne hartzen ditu. Zerbait funtsezkoa dela ulertzen dugu, garapen iraunkorra zein baliabide naturalen erabilera bezala.
Interesgarria da eko-berrikuntza kontzeptua sustatzea. Gure irudimenean, normalean, berrikuntza etekinarekin lortzen dugulako. Aldiz, bada eragin soziala duen berrikuntza arloa ere, kasu honetan, ingurumenari lotutakoa. Eta hori zabaltzea beharrezkoa dela uste dut, askorentzat ezjakina dela pentsatzen dudalako. Gu industria sektorean hasi ginen eko-berrikuntzak ikertzen. Noski, hor begi bistakoa da ekoizten diren gauzek duten efektua. Zerbitzuetan, aldiz, ez da hain nabarmena, azken batean, sektorea ez baita hain materiala.
J.S: Eko-berrikuntzak 12 eremu ezberdinetan sailkatuta daude. Alde batetik enpresek bere baitan lor ditzaketen adierazleak daude. Zazpi adierazle horien artean kokatzen dira, esate baterako, CO2 isurketa murriztea, birziklapena areagotzea edota materialak ordezkatzea horren kaltegarriak ez diren beste batzuengatik. Beste bost adierazleek, zerbitzu enpresetan baino, horien kontsumitzaileengan jartzen dute fokua. Hau da, zerbitzuen erabiltzaileek duten inpaktua ingurumen onuretan; dela CO2 gutxiago sortzea, dela birziklapena areagotzea, dela biodibertsitatea zaintzea. Hortaz, egia da industrian agerikoagoak izan daitezkeela eko-berrikuntzak. Adibidez, CO2 gutxiago isurtzen duen kotxe baten erosketak berak erabiltzaileak kutsadura inpaktu txikiagoa izatea dakar. Horrelako etsenplua zerbitzuen sektorean finantza eremuan aurki dezakegu, esaterako, abantaila ekonomikoak eskaintzen dituztenean ezaugarri jasangarriagoak dituzten etxebizitzetarako.
Ikerketaren arabera, zerbitzu-sektorean kooperatibak dira eko-berrikuntza nabarmen aplikatu dituztenak. Zein izan da horretarako motibazio nagusia?
J.G.: Enpresei inkestan galdetu egin zaie zein den hori egitera bultzatu dituen arrazoia edo motibazioa. Posible da erantzuna legea izatea, hau da, behartuta egotea enpresak neurri eko-berritzaileak hartzera. Edo dirulaguntza eskuratu izana, adibidez, eguzki plakak jartzeko. Orokorrean, eko-berrikuntzak egin dituzten enpresetan arrazoi nagusiak zergak, dirulaguntzak eta kontratazio publikoak esleitzeko pleguetako baldintzak direla jabetu gara.
J.S.: Eta, bueno, kooperatiben kasuan arrazoiak horiek izateak harritu gaitu. Izan ere, kooperatibei buruz aritzen garenean aurrez suposatzen dugu haien printzipio eta balioetan eko-berrikuntza izan badela, eta ondorioz, motibazio horretatik eratortzen direla neurriak. Hots, kooperatibaren barne boluntariotzatik. Baina datuek erakusten dute orokorrean zerbitzu enpresen artean barne motibazio hori ez dela arrazoi nagusia izaten, ezta kooperatibetan ere.
Josu Santos: "Datuek erakusten dute orokorrean zerbitzu enpresen artean barne motibazioa —printzipio eta balioak— ez dela arrazoi nagusia izaten eko-berrikuntza neurriak hartzeko"
CO2 emisioak murrizteko ere zergak, dirulaguntzak eta kontratazio publikoak izan dira motibazio nagusi? Zein izan daiteke kooperatiben ekarpena arlo horretan?
J.S.: Alderantziz. Datu basean bultzatzaileak edo motibazioak eta lortutako onurak gurutzatzean, jabetu gara orokorrean CO2 emisioen murrizketan legeak, zergak, kontratazio publikoak eta halako neurriak ez direla eraginkorrak. Hau da, enpresek ez dituztela CO2 murrizteko neurriak hartzen arrazoi horiengatik. Gainera, kooperatiben kasuan merkatua da neurri eko-berritzailea hartzera motibatu dituena.
J.G.: Merkatua motibazioa dela diogunean merkatuaren eskariaz ari gara, besteak beste, kontsumitzaileez zein iritzi publikoaz. Horregatik uste dugu alde publikotik lortzeko zailak diren ingurumen onurak, CO2arena besteak beste, beste neurri batzuk eskatzen dituztela. Beraz, ikerketaren beste ondorio bat bada, eko-berrikuntzen sustapenerako kooperatiben rola kontuan izatea eta mota horretako enpresak sustatzea.